Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, bidaiei eta abenturari buruzko ikuspegi hurbilekoa eta berezia eskaintzen ari da urrian, Bidaiarien Txokoa programaren bitartez. Ohikoa denez Begoñako Udaltegian eginten ari dira hamaikagarren edizio hau; kultura brasildarrari buruzko erakusketa, lehen pertsonan egindako bidaia esperientziei buruzko hitzaldi zikloa, eta Zinebi eta Mendi Film Festival jaialdietan egon diren lanak jasoko dituzten ikus-entzunezkoak jendarteratuz.
Jarduera programa, Axe Brasil: ia kontinente bat baloiaren atzean ezkutatuta erakusketarekin hasi zen urriaren 1ean. Erakusketaren helburua, herrialde horrek kulturaren ikuspegitik duen potentzia azpimarratzea da, izan ere, futbolaz haraindi, literatura, zine, dantza edo musika alorretan ere gero eta indar gehiago hartzen ari baita. Erakusketa urriaren 18ra arte egongo da ikusleentzat zabalik, udaltegi bereko liburutegian.
Aste honetan, bizitza esperientziaren edo euren bidaien ondorioz, ikuspegi desberdina emango duten pertsonak protagonista izango dituen hitzaldi zikloa egingo da. Hitzaldiekin batera ikus-entzunezko proiekzioak izango ditugu, protagonistek komentatuta eta azalduta.
Gaur, urriak 8, 19:30ean, Iñigo Gabiriaren eskutik, Transpirenaikan zehar erabat parapentean egindako bidaia entzungai izango dugu eta urriaren 9an, duela hamar urte mundua bizikletan ezagutzera abiatu zen eta 75.000 kilometro egin eta bi seme-alaba izan ondoren, bere ametsak betetzen jarraitzen duen bikote baten bizitza esperientzia izango ditugu, Andoni eta Alicerena hain zuzen ere.
Hitzaldi ziklo honen ondoren, Begoñako udaltegiak ikus-entzunezko hiru saio jasoko ditu, urriaren 14, 15 eta 16an. Bertan, aurretik Zinebi eta Mendi Film Festival jaialdietan parte hartu duten zenbait film eta dokumental emango dira. Lanek nazioarteko izaera nabarmena dute, izan ere, Estatuan egindako hiru lanez gain, Estatu Batuak, Australia, Kanada, Txile, Belgika eta Alemaniatik baitatoz.
Harrera ezinhobea iaz
Bere hamar edizioetan, Bidaiarien Txokoa ekimenak harrera bikaina jaso du, hiritarren parte hartzeari dagokionez. Izan ere, azken edizioan 1.500 pertsona inguruk hartu zuten parte. Urte hauetan guztietan ikus-entzuleek mota guztietako hizlariak izan dituzte, Pou anaiak, Juanra Madariaga edo Josune Bereziartu bezalako mendizaleak eta eskalatzaileak; Unai Basurko bezalako nabigatzaileak; Kepa Acero bezalako surflariak; Eneko Etxebarrieta eta Miyuki Okabe bezalako txirrindulariak; Urtzi Urrutikoetxea, Ander Izagirre edo Jon Arretxe bezalako idazle eta kazetariak; eta abar luzea.
'Mundua bizikletaz'