Pontoiko errota eta presa XIX. mendean. Humboldtek bertatik paseatzeko gomendatu zuen.
Humboldt 1799an heldu zen lehenengoz Euskal Herrira, Madrilerako bidean joiala. Gure herriak jakin mina piztu zion eta 1801eko udaberrian atzera etorri zen, gure bazterrak, ohiturak eta, batez ere, hizkuntza, hobeto ezagutzeko asmoz. Besteak beste, Txomin Garat, Juan Antonio Moguel eta Pedro Pablo Astarloa izan zituen gidari eta lagun. Baiona, Donibane Lohizune, Hondarribia, Markina, Gernika, Durango eta beste herri asko bisitatu zituen. Tartean, jakina, Bilbo eta albo-herriok. 'Die Vasken' (Euskaldunak) liburuan kontatu zituen bidaiaren nondik norakoak, zehatz eta mehatz.
Bilbon zegoela, Humboldtek gonbite argia egin zuen inguruetatik osteratxoak egiteko eta edertasunaz gozatzeko. “Deskribapena irakurtzea baino hobe duzu zuk zeuk bisitatzea Ibaizabaleko ibar liluragarriak, berdez estalitako muinoekin ingeles lorategi ederrenaren parekoak dira eta”. Prusiar bidaiariak gomendatu ere egin zuen ibilbiderik, gaur egungo aisialdi aldizkariek egiten dutenaren antzera: “paseoan ibaian gora joango da, ur laster bizkorraren kontra, Okindegi berriko presako ur-jauzi zaratatsuraino”. Okindegi berri hura, jakina, Pontoikoa zen, gaur egungo Abusu ikastola bere baitan biltzen duen erakina alegia. Sasoi hartan egin berria zegoen. Izan Bilboko Udalaren jabegoa zen baina Begoñako lurretan zegoen. Leku ikusgarria zen, gerora Unamunok famatu zuen Kainuetako ibilbidearen akabuan.
Pontoitik Bilbora atzera egin aurretik, Humboldtek gomendio argia eskaini zuen: ez ahazteko “Begoñan, Andre Mariaren irudi miraritsuaren elizaren aurrean dagoen harizti ederra”. Ez zuen liluratu elizak, basoak baino. Gaur egun arte gutxi batzuk besterik ez dago duela berrehun urte oihan sarria zegoen lekuan.
Bilboko euskara
Humboldt hizkuntzalaria izanik eta euskarak isiotu zion interesa kontuan hartuta, ez gara harrituko Bilboko euskararen gainean oharrik egin izanagatik. Zeren bai, XIX. mendearen hasieran Bilboko hizkuntza euskara zen, bilbotarrek haien egunerokoan erabiltzen zutena. Euskararen berbaroa zen kaleetan, plazan eta Areatzako kaian entzuten zena eta horixe entzun zuen Humboldtek, adi-adi. Eta berezitasunik aurkitu zion. Honela kontatu zuen: Bilbon, “kanpotarren joan-etorri etenbakoak euskal ohiturak galarazi ditu, horiek mendian eta baserrian baino ez dira gorde, eta are hizkuntza ere hein handi batean kutsatuta dago, gaztelaniaz nahasturik”. Beraz, Humboldten belarrira, Bilboko euskaran, erdarakadak ugari.
Horrek gauza bi esan nahi ditu. Batetik, arestian esan bezala, Bilbon euskaraz egiten zela. Bestetik, nabarmena zela gazteleraren eragina bilbotarren euskaran. Baina hura, berez, aspaldiko kontua ei zen. Esteban Garibaik XVI. mendean idatzi zuen gai horren gainean: “gaur egun gaitza da Bilboko hiritarrak eta Baionakoak elkarri ulertzea, hiriburu bi horietan euskaraz egiten den arren; Bilbon euskarak gaztelaniaren eragin handia dauka; Baionako euskarak, aldiz, frantsesarena”.
Bilbo Humboldt egon eta dezente geroago galdu zen euskararako, XIX. mendearen bigarren erdialdean. Baina ez erabat, eta ez betiko. Begoñan euskararen galera are berriagoa da, XX. mendekoa. Gure esku dago euskararen berbaroa berriz ere gure bazterretan entzutea.