'Erdaldun berrien kluba'

uriola.eus 2015ko ots. 18a, 09:00

Irantzunen klubean gutxi dira. Lau katu. Eta sekula ez dute saririk jaso. Ez dituzte telebistan aipatzen. Ez diete elkarrizketarik egiten. Irantzunen kluba ezezaguna da. Klandestinoa.

Badakizue zergatik? Irantzunen kluba 'Erdaldun berrien kluba' delako eta erdaldun berri gehienek ez dakite erdaldun berriak direnik. Izan ere, zer arraio da erdaldun berria izatea?

'Erdaldun berrien kluba' izeneko antzezlanaren gidoia Idoia Etxeberria oñatiarrak idatzi du eta Olatz Pagalday eskoriatzarra arduratuko da obra hau oholtzara eramateaz. 'Buah txabal!'-ek bezala, publikoarengan euskararen erabileraren inguruko gogoeta bultzatu gura du 'Erdaldun berrien klubak'. Betiere umore klabean eta ikusleengan ikuskizun dibertigarri batez gozatu izanaren sentsazioa uzteko asmoz, askoren kontzientzian azkura sortuko duen gaia planteatu izanagatik ere.

Istorioko protagonista Irantzu da; euskaraz pentsatzen, euskaraz sentitzen eta, ahal duen guztietan, euskaraz diharduen neska eskoriatzar bat. Horrek hamaika arazo sortuko dizkio egunerokotasunean eta bizipen horien kontaketak osatzen du antzezlanaren hari nagusia.

Pagaldayk azaldu dunez "euskaraz bizi garenok erdaldun berriak gara, gazteleraz hitz egiterakoan esan beharrekoak pentsatu eta askotan hitzak faltan baititugu". Horregatik, euskaldunontzat antzezlana "terapeutikoa" izango delakoan dago.

Gaur, otsailak 18, taularatuko dute Begoñako Udaltegiko aretoan, 19:30ean, Bilboko Zirkuituaren baitan.  

 

Zirkuituaren XIV. edizioa

Asteazkenean abiatuko da Zirkuituaren XIV. edizioa. Arte eszenikoen alorrean bertako taldeen (amateurren edo erdi-profesionalen) jarduera bultzatu nahi duen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak asteazken honetan emango dio hasiera urteko lehen faseari, apirilaren amaierara arte luzatuko den egitarauarekin.

'Erdaldun berrien kluba', Arrasate Euskaldundu Dezagun Elkarteak ekoiztu duen eta Olatz Pagaldayk antzezten duen euskarazko bakarrizketak zabalduko du aurtengo edizioa, Begoñako Udaltegian.

Datozen asteetan beste hamar lan eskainiko dira, Otxarkoagako, Abando-Barrainkuako, Altamirako, San Frantziskoko, Basurtuko eta Errekaldeko udaltegietan, Solokoetxeko institutuan eta, berrikuntza gisa, Antzerkiaren Munduko Egunarekin bat etorriz, emanaldi bat eskainiko da BilbaoEszenan.

Ohikoa denez, edizio berri honetan Bilboko Zirkuituaren eszenatokira igoko diren konpainien artean, egitarauan jada ezagunak diren batzuk, Luna Llena, Totum edo Burbujas, eta antzerki zirkuitu honetan lehen aldiz parte hartzen duten beste batzuk ikusi ahal izango ditugu, horien artean Alanbike, Happy End, Artebi edo Ane Lekanda eta Itxaso Gil, Ibarrekolandako Arte Eszenikoetako Batxilergo Institutuko ikasle ohiak, 2014an nazio mailako emakume antzezle hoberenen Coca Cola Fundazioa - Buero Vallejo saria lortu zutenak, Carmen Pomberoren Pater Matris lanari esker. Antzezlan hori ikusi ahal izango da Bilboko Zirkuituan; apirilaren 17an izango da, Abando-Barrainkuako udaltegian.

Datozen hilabeteetarako aurreikusitako programazioaren barruan azpimarragarria da, baita ere, Artebi, Musika, Arte Eszeniko eta Ikus-Arteetako Bilboko Eskola, buru duen proposamena. Martxoaren 5ean Solokoetxeko Institutuan eskainiko den eta Antzerki Eskolen Jaialdiaren aurreko edizioan emakumeen antzezpen hoberenaren eta moldaketa hoberenaren sariak lortu zituen Baile de huesos antzezlana izango da.

 

Umore ugari

Hiruhileko honetarako proposamenen artean, ikus-entzulearen barrea sortzeaz batera, kontzientzia pixka bat astindu eta gaurkotasuna duten zenbait gairi buruz gogoeta egitea bultzatu nahi duten zenbait komedia daude. Hori da Hypoycondrias taldearen Macho–Maris antzezlanaren kasua, batez ere gizonezkoei zuzendutako show-a, autokritikarako deia izan nahi duena, euren hezkuntzan jaso zituzten kode matxisten kontra errebelatzen ahalegintzen ari diren eta emakumezkoekin berdintasuna lortu gura duten gizonezkoei eskainitako lana.

Komedia da, baita ere, baina komedia beltza, Happy End taldeak eskainiko duen Suicidio en 55 minutos ikuskizuna. Bertan, bikote bat krisialdian dago, eta kide biak jende aurrean euren buruaz beste egiteko prest daude. Hori dela eta, jende guztia euren buruaz beste egite hori ikustera gonbidatu nahi dute, une hori nolabaiteko ikuskizun bilakatzeko. Eta antzezpenaren munduan duten ildoari jarraituz, Luna Llena taldearen Amigas… ¿para siempre? lan berriak, eguneroko bizitzako egoerei buruzko komedia lehergarria proposatzen digu.

Berrikuntza gisa, Bilboko Zirkuituaren aurtengo edizioak emanaldi bat jasoko du BilbaoEszenan, Bilboko Udaleko Baliabide Eszenikoen Zentroan, Antzerkiaren Munduko Egunarekin bat etorriz, martxoaren 27an. Izan ere, hilabete hauetan emakumeei zuzendutako tailerra ari da ematen BilbaoEszenan. Tailerraren helburua, historiak merezi duten garrantzia eman ez dien zenbait emakume berreskuratzea da. Horrela, pertsonaiari buruzko azterketa egingo da, testua edo dramaturgia sortzeko, hori eszenan garatzeko. Eszenan jartzea jende aurrean egingo da, Históricas izeneko ikuskizunean, Mama Crea taldeko Nuria Moranen zuzendaritzapean.

Bilboko Zirkuitua antzerki eta dantza sortzaile eta talde hasi berriei beren lanak taularatzeko eta jendaurrean aurkezteko egitasmoa da. Bilbon eratutako antzerki proposamen fresko eta berrienak Bilboko barrutietan ikusteko aukera ematen du.

 

Zirkuitua 2015 - Otsailetik apirilera

Otsailak 18: Erdaldun berrien kluba (Olatz Pagalday) Begoñako udaltegian.

Otsailak 19: Punto Medio (Burbujas) Errekaldeko udaltegian.

Otsailak 27: Perpetuum Mobilem (Alanbike) Otxarkoagako udaltegian.

Martxoak 4: Baile de huesos (Artebi) Solokoetxe Institutuan.

Martxoak 5: La mujer sola (Beatriz Insa) Basurtuko udaltegian.

Martxoak 11: Pensar en alto (Totum) Begoñako udaltegian.

Martxoak 12: Macho-Maris (Hipoycondrias) Altamirako udaltegian.

Martxoak 26: Lili y Marlen en Loop (La dinámica eta Oh my god!) Otxarkoagako udaltegian.

Martxoak 27: Históricas (Mama Crea) BilbaoEszenan. Antzerkiaren Nazioarteko Eguna.

Apirilak 15: Suicidio en 55 minutos (Happy end) Begoñako udaltegian.

Apirilak 16: Lili y Marlen en Loop (La dinámica eta Oh my god!) San Frantziskoko udaltegian.

Apirilak 17: Pater matris (Ane Lekanda) Barrainkuako udaltegian.

Apirilak 23: Amigas ¿para siempre? (Luna Llena) Otxarkoagako udaltegian.

Apirilak 24: Erdaldun berrien kluba (Olatz Pagalday) Errekaldeko udaltegian.

 

Funtzio guztiak arratsaldeko 19:30etan hasiko dira, eta sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.

Informazio gehiago: www.kulturabarrutik.net eta www.badbilbao.com