Garaizarko Matsorriak abesbatzeko zuzendari zara. Zelako lana da 40 bat gizonen ahots zuzentzea?
Jendeak horri erreparatzen dio, eta esan ohi du, ‘begira, andre bat’. Joan den larunbatean pertsona bat hurbildu zitzaidan eta esan zidan ‘emakume bat ikustea gizonei agintzen asko gustatzen zait’. Baina ez da hori. Abesbatza bera da zuzendaria gizona zein andrea izan. Bizkaian lauzpabost andre zuzendari gaude gizonen koroak zuzentzen. Emakumeen abesbatzetan gizona bat izan ohi da zuzendari. Eta horrela izan behar dela uste dut, ikuspuntu ezberdinak ditugu, eta beste era batera hartzen gaituzte.
Noiz hasi zinen mahtsorrien buru?
Ni baino lehen beti egon dira gizonak abesbatza zuzentzen, lehenengo Txelu Etxebarria eta gero Jose Antonio Calzada Surti. Lagun batek esan zidan ahal nuen gizonen abesbatza bat zuzendu, eta baietz esan nion. Eurekin berba egin nuen, eta batzar batean elkartu nintzen batzordekideak ezagutzeko. San Frantziskiton gabonetako kontzertua zuzentzera gonbidatu ninduten, eta oso ondo irten zen. Eurek galdetu zidaten ‘zer deritzozu taldeari?’ Erantzun nien: ‘Ebakitzeko egur ona dago’, eta esaldi hori abesbatzaren oroimenean geratu da. Elkarrekin gabiltza 2007tik.
Zelako abesbatza da Garaizarko matsorriena?
Abesteko gogotsu dagoen taldea da, nik gogor egiten diet, oso exijentea naiz, nigandik hasita. %120 emateko eskatzen diet abeslariei %80 irten dadin, beti dagoelako azken unean gaixotzen dena, edo ‘ni ez nagoela ondo’, edo eliza ez dela kantatzeko ona. Horregatik etxerako lanak ondo eginda eraman behar dira, gauzak nahiko ondo irten daitezen.
Gizon helduen zuzendari zara gainera.
Bai, nik jaisten dut adinaren batezbestekoa. Oso jatorrak dira. Abesbatza askotan egon naiz, eta batzutan goitik behera begiratzen dizute. Feeling-a izatea beharrezkoa da. Entseatzen hasi aurretik ogitartekoa jan eta zahatotik ardoa edan behar da, hori derrigorra da, eta nik hori ezin dut aldatu. Denbora galtzen dugulako beste entsegu bat egin behar badugu, bada, beste entsegu bat egin eta kito.
Abesbatzari zer ematen diozu?
Txelu eta Surti zuzendari izan direla eliza musika asko landu dute, ia dena. Nik gehiago egin dut munduko musiketara, orkestrarekin edota txistuarekin interpretatzera. Apur bat modernizatu dut. Baina estilo aldetik klasikoa naiz.
Abesbatza bete-betean ari da kontzertuak ematen.
Konpromiso batzuk finkoak izaten dira, esaterako, Santa Zezilia egunekoa, Bizkaiko Abesbatzen Astea Begoñan, udaberriko kontzertuak Birjinetxen eta gabonetakoa. Gero beti irteten dira kontzertu piloa, eta datak eta programak aldatu beharrean ibiltzen gara. Itsasontzien uretaratzetan ere abestu izan dugu, hirutan hain zuzen, eta laster laugarren botaldian abestuko dugu. Hori baino lehen, maiatzaren 15etik 17ra Garaizarko jaietan abestuko dugu, maiatzaren 16an Santa Monikan eta 23an Mañarian. Ekainaren hasieran Kataluniara joango gara, La Garrigara, eta ekainaren 21ean Leioara, txistu alarde batean parte hartzera. Topera gabiltza. Gure batzordea oso langilea da, eta beti ari da begira eta konpromisoak hartzen.
Abesbatzen mundua bizi dabil ala behera eginda?
Bizkaian 100 bat abesbatza egongo dira egun, profesionalak horietatik hiru edo lau. 1992an hasi nintzen abesbatzak zuzentzen eta ordutik hona batzuk desagertu dira, Zazpikaletako Urretxindorra, adibidez. Une honetan denok ari gara hiruzpalau abesbatzetan parte hartzen. Horregatik oso zaila da datak finkatzea, nik ez badaukat hemen kontzertua beste abesbatza batekin daukat han.
Zeren beharra duzue? Zahartzen ari dira abesbatzak?
Bai. Beti egon da hutsunea, 40 urtetik 60 urtera artekoak ez datoz, baina normala da, seme-alabak badauzkazu ezin duzu etorri. Gazteek, berriz, futbola, inglesa, musika eta beste hamaika zeregin daukate eta, gainera, ez dute konpromisorik hartzen; hori leku guztietan antzera da.
Galdu al da euskaldunen kantuzaletasuna?
Ez da galdu, zaharrek mantentzen dutelako, eta zahar horiek ez daudenean, ez dakit orduan zer, etorkizunarekin ez naiz oso itxaropentsu. Atzetik badatoz umeak baina ez behar beste. Larregi da eurentzat astean bi edo lau orduko konpromisoa.
Musikari, irakasle eta zuzendari zara, besteak beste. Zenbat lan dauzkazu?
Titiritero moduan ibili behar dugu musikariok. Leioa, Arratia eta Zornotzako musika eskoletan txistu irakaslea naiz. Sei urterekin hasi nintzen txistua jotzen eta gaur arte. Pianoa, kontrabaxua eta eskusoinua ere ikasi ditut.
Zelan hasi zinen abesbatzak zuzentzen?
Egun baten izan zen, zuzendari bat behar zutela esan zidaten Larrabetzun eta han hasi nintzen San Adrian abesbatzarekin. Oso gustuko dut zuzentzea, dena kontrolatzea, dena ondo egotea, antolatzea gustatzen zait.
Baduzu mania berezirik?
Kontzertuetan denbora oso neurtuta izaten dut, kontrolpean, eta emanaldien aurretik berbarik ez egiteko eskatzen diet kantariei kontzentratuta egon daitezen. Agian gehiegizkoa da.
Zein izan da gogoratzen duzun kontzerturik borobilena?
Asko izan dira. Beti diot oso garrantzitsua dela kanpoan, kalean, kantatzea zein eliza batean egitea. Niretzat saio guztiak dira garrantzitsuak. Kalean, agian, erlaxatuago egoten gara. Garaizarko Matsorriak abesbatzak, adibidez, hobeto abesten du kalean hainbeste konpromiso ez duelako. Konpromisoak berdina izan behar duela esaten diet nik. Begoñako elizara joaten garen aldiro, esaterako, oso larri jartzen dira abesbatzeko kideak.
Kanturen bat aukeratu beharko bazenu, zein hautatuko zenuke?
Ez daukat bakar bat, asko daude, abesti guztiek dute zer edo zer, ikasten zerbait pasa zaizulako edo oroitzapenen bat dakarkizulako.
Hurrengo erronka zein izango da?
Abesti asko dauzkagu ikasita eta alde batera utzita, gordeta, ikasi eta jarraian ateratzea ez baita komeni. Aurrerago berreskuratu eta hobeto irteten da bere denbora ematen zaionean. Erromesen abesbatza duela bi urte ikasi eta hor utzi genuen. Gabonak baino lehen aterako dugula uste dut.
2012an 25. urteurrena ospatu zuen abesbatzak kontzertu handi batekin. Zelan gogoratzen duzu ospakizuna?
Urte bi lehenago hasi ginen prestatzen Iñaki presidentea eta biok. Zoratu egin ginen. Pariseko Operan egon nintzenean bururatu zitzaidan Verdiren Nabucco eta La Traviata-ko Libiamo ne'lieti calici abestea. Zergatik ez. Ahots mistorako diren arren, berehala egokitu genituen. Lagun baten bitartez lortu genuen orkestra, Begoñako Orkestra Sinfonikoa eratu zen beren-beregi, eta kontzertua oso ondo irten zen. Lehen zatian euskal abestiak interpretatu genituen eta bigarren zatian munduko musika eskaini genuen.
Zelako entzuleak ditu Garaizarko Matsorriak?
Denetik dago. Alde Zaharrean, Aste Nagusian, jendetza egoten da entzuten. Kaleak berotasun hadia ematen du, eta musikari eta kantariek beherala igartzen dute berotasuna hori, feeling-a badela. Gorakada handia da. Horrelakoetan pentsatzen dut ‘zelako entseguak ematen dizkidazuen eta zein ondo abesten ari zareten’.
Non izaten duzue arrakasta gehiago, etxean ala kanpoan?
Kanpoan oro har. Hemengoek askotan entzun gaituzte.
Egunerokoan zenbat musika entzuten duzu?
Beharrezkoa daukat, bizitza musika gabe ez da bizitza, baina inon ez daramat, ez dut musikarik entzuten, beteegi nagoelako.