Itzalean geratutako musikaria da Carl Heinrich Graun; garaikide izan zituen J.S. Bach eta G.F. Haendel apartak, eta haien obraren handitasunak, distira kendu zion Graunen lanari.
Dresdeko Elizako konpositorea izan zen 1720tik 1725era, bigarren Kaperako Maisua Brunswicken 1726tik 1735era, eta, azkenik, 1759an zendu zen arte, Prusiako Federiko Handiaren Kaperako Maisua.
Berlinen bizi izan zen sasoian idatzi zituen operengatik da, batez ere, ezaguna Graun, eta baita, Der Tod Jesu oratorio-pasioagatik ere. Bere lehendabiziko etapak, Dresden eta Brunswicken egin zituenak, arrunt ezezagunak dira.
Abenduaren 18an eskainiko den obra, Oratorium in Festum Nativitatis Christi, 1723. urte inguruan egina izan zela pentsatzen dute adituek, eta garai hartan oraindik oso gaztea bazen ere, agerian geratzen da musika idazteko trebetasun itzela zuela. "Duen freskotasunak, naturaltasunak, lerro melodikoen gozotasunak, eta harmonien eraginkortasunak liluragarria egiten dute obra. Zalantza izpirik gabe, maisulan bat da, ezezagun handi batena".