Alerta laranja haize gogorrek eragindako 100 km/ordutik gorako boladak direla eta igande gauerako

uriola.eus 2016ko urt. 8a, 14:15

Arrisku egoera igandeko, urtarrilak 10, gaueko 21:00ak inguru hasiko da eta 24:00ak arte luzatuko da, leku haizetsuak ez diren tokietan 100 kilometro orduko haize boladak eta lekurik haizetsuenetan, 120 kilometro ordutik gorako boladak izan daitezkeelarik.

Bilboko Udalak jakinarazi du alerta laranja egoera izango dela haize boladak direla eta igande honetan, urtarrilak 10. Hego-mendebaldeko haizeak moderatutik oso bortitzak izatera pasako dira eta 100 km/ordutik gorakoak izan daitezke leku haizetsuak ez diren tokietan datorren igandeko, urtarrilak 10, gaueko 21:00etatik 24:00etara bitartean.

Aurreikuspen hauen ondorioz, Bilboko Udaleko Segurtasun Sailak honako prebentzio neurri hauek hartzea gomendatzen die hiritarrei:

1. Ate-leihoak ixtea eta haizeak eroan eta istripuak eragin ditzaketen tresnak kentzea kanpoaldetik (lorontziak, arropak esekitokietatik eta abar).

2. Kontu handia jartzea kalean jarritako behin-behineko aldamioen azpitik ibiltzean.

3. Merkataritzako lokalek kalean ondo tinkatu barik dituzten olanak, mahaitxoak eta antzekoak kentzea.

4. Aldamio, obretako hesi eta behin-behineko instalazioen arduradunek behar diren segurtasun-neurriak hartuko dituzte instalazio horietan.

5. Errepidean ibiltzea saihestu. Autoa erabili behar izanez gero, kontu handia eduki leku zabaletatik eta zubietatik igarotzean.

6. Erlaitz, horma, zuhaitz eta publizitate paneletatik urrundu eta kontuz ibili eraikitze bidean edo egoera kaxkarrean dauden eraikinen aldamenean.

Oro har, norabait joatekotan, eguraldiaren iragarpen hau aintzat hartzeko eskatu du Udalak, haize-bolada indartsu horiek eragin dezakeen arriskutik babesteko (zuhaitzak jaustea, haizeak eroandako tresnak), eta arreta berezia jartzeko autoa hartu behar izanez gero.