Bilboko TyK Estudiosen otsailean grabatu du Sönambula taldeak Gorka Simonekin. “Oso gustura”, Maiderrek zehaztu duenez. Duela urtebete taldeak grabatutako 'Hilen Argia' maketako lau abesti, “kalitate gehiagorekin”, eta sei abesti berri entzun daitezke 'Secuela'-n. Azken horietatik bi instrumentalak.
Une honetan, kantuak editatzen ari dira Rapha eta Maider, Sönambulako bi lagunak. “Azken ikutuak ematen”, martxoan edo “beranduenez apirilean” diskoa kaleratzeko. Esfortzu handia egin dutela aitortzen dute, “erditze baten modukoa” izan dela. 500 CD kopia argitaratuko dituzte Base Record Productionekin. Albaceteko zigilu txikiarekin. Bertako kide da Gaspar del Valle, bikoteari bai maketa bai diskoa argitaratzen “lagundu” dion pertsona. Maiderren esanetan, bere babesa garrantzitsua izan da taldearen lehen diskoak argia ikusteko.
Raphak sortutako riff-ak Maiderrekin elkarlanean apurka-apurka lotuz iritsi dira sei kantu berriak osatzera. Metal soinuak dira nagusi 'Secuela'-n, death doom doinuak. Musika gogorra eta nahasketa gordinak. Kantuetan “iluntasuna nabari da”, zehazten du Maiderrek. “Berun” soinu bila aritu dira, erritmo “trinko eta pisutsuekin”. Konposizioek, batzutan, Obituary (astuntasunagatik) zein Entombed (suediar soinuarekiko gertutasunagatik) gogorarazten dute.
Gitarra, ahotsa eta hitzak Raphak jarri ditu. Maiderrek bateria eta hitzak euskarazko kantu bakarrean. Baxua entzuten den arren, ez da zuzenekoetan ikusiko, grabatuta erantsiko dute. Sönambulan bi baxu-jotzaile izan diren arren (Borja Marcos lehenengo eta Josu Markaida gero), “arazo pertsonalengatik ezin izan dute gurekin jarraitu”. Hortaz, baxu gabe, Raphak eta Maiderrek bi aukera zituzten: taldea bertan behera utzi edo aurrera jarraitu, eta bikote moduan “aurrera jarraitzea erabaki dugu”, dio Maiderrek. “Oso pozik” daude hartutako erabakiarekin.
2013tik Sönambula
Ia hiru urte dira Sönambula taldea martxan dela. Rapha Decline, Typhareth, Forensick... musika taldeetan aritu ostean, Decline izeneko bakarkako proiektua utzi eta beste musikari batzuekin Sönambula banda martxan jartzea erabaki zuen. Bertan zen Maider, Penadas por la Ley taldetik alde egin berri. Rafak animatuta hasi ziren elkarlanean eta 2013an lehen abestiak sortzen. Handik gutxira, Borja Marcos (Linea 2, JTM 45) taldera batu zen baxua jotzera. Hirutaldekideek eman zituzten Sönambularen lehenengo kontzertuak, Josu Markaidak (Suffering Down, Heathenish) Borja baxuan ordezkatu arte.
Zuzenekoetan ekainera arte
Buru-belarri dabiltza urtarriletik zuzenekoak ematen. Ekainera bitartean “kontzertu piloa” dauzkate. Gorliz, Oviedo eta Santandarren izan dira jada. Martxoan lotuta dauzkate Logroño, Laudio, Galizia, Salamanca, Palencia, Leioa, Donostia, Iruñea... “Hemen ez gabiltza gehiegi ez dugulako jendea nekatu nahi”, dio Maiderrek. “Metalak Bilbon badu jarraitzailerik. Metal death eszena badago baina ez da masiboa. Bilboaldean eta Bizkaian astebururo joz gero zaleak nekatuko genituzke”. Horregatik hautatu dute kanpoan ere jotzea. Horretarako Rafa kontzertuak lotzen aritu da. “Kristoren lana egin du”, sei hilabeteko kontzertuen bira “nahiko potoloa” muntatu du. Ekainera arte “topera” ibiliko dira aretoz areto. “Barrukoa da gure musika”, aitortzen dute.
Eta ekainetik aurrera zer? Udan oporrak hartuko dituzte, baina ez guztiz. Agian, Aste Nagusian Bilborocken bertako taldeen metal gauan edo konpartsen txosnaren baten ikusi ahal gaituzte.
Uda punka, rocka, popa eta heavy klasikoa entzuteko garai da. Hortaz, Sönambulak “geldialdia” egingo du, irailetik aurrera “aretoetara itzultzeko”.
Eskuragarri
'Secuela' disko fisikoa eskuratu nahi duenak Sönambula taldearen kontzertuetan, Alde Zaharreko Gothic Zone dendan (Somera 18), Base Records disketxean edota Facebook bidez taldeari eskatuta eskuratu ahalko du. Bandcampean ere eskegitzekoak dira.