Gurutze Auzoa Dolaretxe paretik inguratzen duen bidean Julita Berrojalbiz Kalea deritzon plaka jartzeko ekitaldia, Bilboko Udalak, Juan Mari Aburto Alkatearen ekimenez eta hiriko kale, bide eta plazen izendapenetan herritarren nahiz talde politikoen partaidetza sustatzeko asmoz abiarazi duen partaidetza-prozesuari atxikita dago.
Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak, aldean Udalkideak, Isabel Andia, irakasle historikoaren alaba, eta Lauro Ikastolaren eta Euskaltzaindiaren ordezkariak zituela, Francoren garai betean, Bilbo eta Bizkaiko ikastolen aldeko mugimendua bultzatu eta Lauro Ikastola sortu zuen andereñoaren omenezko eta oroimenezko plaka berria jartzeko ekitaldia zuzendu du.
Jendaurreko agerraldian, Alkateak kale-plaka berriak emakume-izena eramatearen garrantzia nabarmendu du, "gure hirian ez baitago emakume-izena duten kale asko, baina guztion arteko lankidetzaz bidegabekeria hori konpontzen jarraitu behar dugu".
Julita Berrojalbiz
Julita Berrojalbiz Ajangizen (Bizkaia) jaio zen 1923an, eta Bilbon hil zen 1998an, irakaskuntzan eta euskararen sustapenean urtetako lan handia egin ondoren. Magisteritza-ikasketak amaituta, Bilbora ezkondu zen, non, Xabier Peña pedagogoarekin harremanetan jarri baitzen euskaraz zuzen irakurtzen eta idazten ikasteko.
Peña dugu Bilboko lehen ikastolaren sustatzailea, San Nikolas elizako katekesikoa, handik gutxira Julita irakasle izan zuena. Berrojalbizen belaunaldiko andereñoek euren etxeak ikastegi bihurtu zituzten, gobernuaren aginduz eskolak emateko erabiltzen zituzten eliz-lokaletatik bota ondoren. Hori horrela izan zen 1965eko Irakaskuntza Lege berriak zentro ofizial modura eratu beharra ezarri zuen arte.
Eta horrela, Julita Berrojalbizek Resurreccion Maria de Azkue ikastola sortu zuen Elcano kalean, geroko Lauro Ikastolaren hazia alegia. Otsailean, ikastolaren 50. urteurrena ospatu zen, eta horren kariaz, plaka oroigarria jartzeko ekitaldia egin zen, Alkatea tarteko zela.
Juan Mari Aburto Bilboko Alkatearen hitzetan, "ezin dugu eta ez dugu ahaztu behar" Julita Berrojalbizek euskara, irakaskuntza eta euskal kulturarengan egindako lana, izan ere, "orduko andereño sendo eta ausart haien ahaleginari esker, euskarak bizi-bizirik jarraitzen baitu gaur egun; nolako hazia, halako emaitza".
Partaidetza-prozesua
Duela hilabete Zorrotzaurren Yolanda Gonzalez Plazatxoa inauguratu eta berrikitan Salbe Zubiko plaka jarri ondoren, gaur Julita Berrojalbiz kale izendatu berrian egindako ekitaldiak jarraipena eman dio, Memoria Historikoaren Legea betez, Udalak Herritarrentzako Arreta, Partaidetza eta Barrutien Sailaren bitartez eta Hiriko kaleen izendapen eta berrizendapenetan herritarren eta talde politikoen lankidetza sustatzeko asmoz, abiarazi duen prozesuari.
Parte hartzeko prozesu hau urtarrilaren 25etik otsailaren 10era bitartean burutu da, guztira 638 proposamen jaso direlarik. Horien artean, Julita Berrojalbizen aldekoa dugu aipagarriena (235 proposamen). Gainerako proposamenak era askotakoak dira, batez ere kultura, musika, euskara, kirola eta abarren ingurukoak. Julita Berrojalbizen kasuan, izendapen berriak orain arteko Aita Remigio Vilariño izena ordeztu du.
Behin parte hartzeko prozesua itxita, Herritarrentzako Arreta, Partaidetza eta Barrutien Saila zerrenda bat prestatzen ari da, alkateak etorkizunean kaleei izenak jartzeko; izan ere, Alkatearena da hori egiteko legezko ahalmena.