'Zurrumurruak eskolan' mintegia antolatu du Udalak arratsalderako

uriola.eus 2016ko ira. 27a, 10:00

www.bilbao.net

Gaur arratsaldean, 18:00etan hasita, Begoñako udaltegian 'Zurrumurruak Eskolan' mintegia izango da, Begoñako, Deustuko eta Errekaldeko barrutietako Zurrumurruen Aurkako Agenteen sarekoentzat, ikastetxeentzat eta estrategia honi lotutako eta gazteekin lan egiten duten entitateentzat.

Zurrumurruen Aurkako Proiektuaren helbururik behinena atzerritarren aurkako estereotipo eta zurrumurru negatiboei aurre egitea da.

Atzerritik ikasleak Euskadiko ikastetxeetara heldu izanak berekin ekarri du kultura aniztasun handiagoa eta, hortaz, egokitu beharra. Hezkuntza-komunitate osoaren bizikidetza, horrela, erronka da, kalitateko hezkuntza bermatzearekin batera. Integrazio, bizikidetza eta aniztasunaren kudeaketaren arloko etorkizuneko erronkak metatzen diren espazio handietakoa dugu eskola gaur egun.

Kultura aniztasunaren kontestu honek, besteak beste, ikastetxe jakin batzuetan atzerritik etorritako ikasle gehienak elkartzea jarri du eztabaidagai; eta horrekin batera, besteak beste, jatorrien araberako ikasleen errendimendua, baita ikastetxeetan egiten diren ikasle horien matrikulak eta euskara ikastea ere.

Hori dela eta, gaurko saioan hezkuntza-arloan sortzen diren zurrumurruen gaia landuko dute eta horiek desmuntatzeko argudioak denon artean bilatuko dituzte.

Ikuspegi – Immigrazioaren Euskal Behatokia izango da prestakuntza emateko ardura izango duena. Esku hartzen duten arlo ezberdinetako 25 agente egongo dira, baita hainbat auzoko eta, esate baterako, gizarte-entitateetako zenbait ordezkari ere. Hona hemen entitate edo zerbitzu horietako batzuk: Beltzagorri Santutxu Eskubaloi Kluba, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, Itxarobide elkartea, Piseco Santutxu, Luis Briñas eskolako IGE, Kale Dor Kayiko, Sierra Maestra elkartea, Cear, Boscos fundazioa, Aldaika elkartea, San Ignazio BHI, Botikazar BHI, Ibarrekolanda BHI, Berdinak Gara elkartea, Irudiberriak elkartea, Sagrado Corazón ikastetxea.

Aurten, zurrumurruen aurkako agenteentzat ekainean emandako oinarrizko prestakuntzaz gain, Bilboko Udalaren Berdintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Jaietako Sailak mintegi bereziak prestatu ditu arlo jakin batzuetako aurreiritzi eta estereotipoei aurre egiteko. “Zurrumurruak Eskolan” mintegia aurtengo azken hiruhilekoan izango diren hiru mintegietako lehena da.