Begoñako 'ama' eta txikiteroak nagusi

uriola.eus 2016ko urr. 11a, 09:15

Argazkia: Garaizarko Matsorriak

Urriaren 11 izanik, jendetza espero da Bilbon egun osoan. Erromeria, meza, kantaldiak eta omenaldiak izango dira, besteak beste, Alde Zaharrean, Mallonako galtzadetan eta Begoñako basilika eta inguruetan. 

Atzo Begoñako Ama Birjinaren irudia lepoan hartuta suzirien prozesioa burutu zuten Begoñako Anaidiko kideek kalez kale Alde Zaharretik Begoñara arte. Lagun asko hurbildu ziren prozesioa ikustera eta jarraitzera.

Basilikan, organo berritua entzuteko aukera izan zuten bertaratu zirenek. Izan ere, piezaz pieza desmuntatu ostean, 10 hilabete eman ditu adituen eskutan konpontzen eta garbitzen. Atzoko eguna hautatu zuten berriro ere martxan jartzeko. Miriam Cepeda Begoñako organista arduratu zen soinu berritua ateratzeaz. 

Beste lagun asko Alde Zaharrean ibili ziren txikiteroen kantuak entzuten. Besteak beste, Garaizarko Matsorrien abesbatzak ez zuen hutsik egin Zazpikaletan.

Gaur, Txikitero Artean elkarteak 53. Txikitero Festa ospatuko du Yhon jauregiaren ondoan (La Bolsa udaltegia). 11:30ean, ohiturari jarraituz, ohorezko txikitoak izeneko sariak banatuko ditu elkarteak. Angel Gago eta Bilboko Udal Txistulari Banda sarituko dituzte aurtengoan. Iazko Txikitero Festan parte hartu zuten abesbatzek ere aitortza jasoko dute. Eguerdian, txikiteroek Salbea abestuko diote Yhon jauregiaren fatxadan dagoen Begoñako 'amatxuren' irudiari. Ondoren, topa egingo dute txikito edalontzian ardoa edanez eta txikiteroan banderillak -arrautzdunak- dastatuz. Alde Zaharreko taberna ugarik eskainiko dituzte gaurko egunean arrautzdun banderillak edo 'txikiteroen arrautzak'. 

Usadioari jarraituz, erromeriari 19:30ean ekingo diote Arriaga plazatik hasita. Mallonako galtzadetatik igoko dira Begoñako elizaraino. Erromerian zehar Begoñako Anaidiak more koloreko zapiak eta txokolatea banatuko ditu.

Begoñan, 12:00etan Udal Musika Bandak kontzertua eskainiko du eta 19:30ean Elai Alai taldeak dantzaldia. Meza nagusia eguerdian izango da eta 21:00etan arratsaldeko erromerian parte hartzen dutenentzat. Mezak orduro eskainiko dituzte 9:00etatik aurrera.