Atzerritarrei buruzko estereotipoak apurtzea helburu

uriola.eus 2016ko urr. 11a, 09:10

Udalak 'Ikastetxeetarako Zurrumurruen aurkako dinamikak' izenburuko mintegia antolatu du hurrengo astelehenerako, urriaren 17rako, 18:00etatik aurrera, Begoñako Udaltegian.

Jardunaldia Begoña, Deustu eta Errekaldeko Zurrumurruen aurkako Eragile-sareari eta estrategia honi lotutako ikastetxe eta gazte-erakundeei zuzenduta dago. Helburua Bilbon atzerritarren aurkako estereotipo ezkorrak eta zurrumurruen aurka borrokatzeko argudioak eta beharrezko baliabideak zabaltzen jarraitzea da.

Euskal ikastetxeetara atzerritar ikasleak heltzeak kultura aldetik errealitate berri batera moldatzea ekarri du. Hezkuntza-komunitate osoaren arteko elkarbizitza eta kalitatezko hezkuntza eskaintzeko bermea gaur egungo sistemaren erronketako bi dira. Zalantza barik, eskola da integrazioak, bizikidetzak eta aniztasunaren kudeaketak etorkizunerako osatzen duten erronkak batzeko dagoen espazio handietako bat. 

Horregatik, prestakuntzarako mintegi honen helburua, besteak beste, irakasleei, hezitzaileei, begiraleei, gizarte-langileei, parte-hartzea sustatzeko tresna, teknika eta dinamika analogiko zein digitalak eskaintzea da, horiek, ondoren, ikastetxeetan edo gazte-kolektiboek esku hartzen duten beste espazioetan ikasleekin landu ahal izateko. 

Prestakuntzarekin, bizikidetza eta bakearen kultura sustatu nahi da, herritarrek, elkarrizketa-prozesuaren eta parte-hartzearen bidez, gatazkak modu eraginkorrean kudeatzeko eta ondo bideratzeko aukera izan dezaten. Herritarrek parte hartzeko tekniken artean World Kafea bezalako teknika berritzaileak erabiliko dira. Gainera, balioetan hezteko tresnak erakutsiko dituzte, formatu guztietako zinemaz baliatuta.

Aurten, lehendabizikoz, prestakuntzarako mintegi zehatzak antolatzen ari dira arlo jakinetako aurreiritzi eta estereotipoen inguruko gaietan sakontzeko asmoz. 'Ikastetxeetarako Zurrumurruen aurkako dinamikak' izenburuko mintegia antolatutako bigarrena da eta ikasgeletan gaia lantzeko baliabide eta tresnak eduki ahal izateko burutuko da.