“Gure falangisten” istorioak

bertonaldizkaria 2016ko abe. 16a, 09:25

Argazkia: Aritz Loiola-Argazki Press / Azala: Elkar

Gerraosteko gertakari erreal bat abiapuntutzat hartuta osatu du Begoñaren itzalpean izeneko eleberria (Elkar, 2016) Jose Inazio Basterretxea kazetari, irakasle eta idazleak. 

Falangistek eraso egin zieten errekete eta karlistei, alderdi berekoak izanagatik, ez baitziren beti bat etortzen. 1942an gertatu zen. Bilboko jaien inguruan, erromeria bat izaten zen, eta orduantxe bota zituzten falangistek bonbak. Begoñako basilikan egin zuten atentatua falangistek. 

Gerran hildako erreketeak oroitzeko asmoz meza egin ohi zen Begoñan, eta hala zen kasu hartan ere. Granada bat bota zuen falangista batek jende artera, eta zenbait pertsona zauritu. Jose Enrique Varela jeneral karlista zuen helburu atentatuak. Gertakizun horrek eta karlisten eta falangisten arteko liskar eta desadostasunek “fabulatzeko” aukera eman diotela azaldu du Jose Inazio Basterretxea Polok (Galdakao, 1959).  

Nobela bi garaitan kokatzen da, tartekatu eta elkarri lotzen zaizkio. Batetik, aipatu moduan, hari historikoa dago, 1940ko hamarkadakoa. Puska hori osatzeko, lau pertsonaia erreal hartu ditu abiapuntu gisa Basterretxeak; fikzionatu egin ditu, hala ere, horregatik, izena aldatu die guztiei, bati salbu. Izan ere, pertsonaia horietako bat, Mercedes Lagos, Basterretxearen amama da. Hari zor dio Basterretxeak pasadizo baten berri jaso izana, eta hari eskaini dio liburua. 

Bigarren haria, berriz, gertuago geratzen zaigu, 1980ko hamarkadan gertatzen baita. Gerraostearekin lotuta dago, izan ere, 42ko atentatu harekin zerikusia duten aita-ama batzuen alaba agertzen baitzaigu. Gurasoen berri izan nahi du, eta, horretarako, detektibe pribatu batengana jotzen du. Detektibe horrek, gainera, badu ibilbide politiko bat atzean. Polimilia izan zen. 

“Irakurleak bi istorio aurkitu ditu”, dio Basterretxeak. Istorio zahar bat eta istorio berriagoa bat. “Elkarri begiratzen diotenak eta elkarri laguntzen diotenak kontakizuna eraikitzen eta azken batera ailegatzen”. Istorio zaharrean falangistak agertzen dira gerroste espainiarra bizitzen, “gerraoste malapartatu bat bizitzen” eta, “nolabait, beraiek sortutako kontraesanetan erortzen”. Bestetik, irakurleak aurkituko du ikerlari bat 80ko hamarkadan ari dena garai zaharretako bi pertsona bilatzen. Enkargu hori eman diote. Horretarako kontratatu dute. “Berak ere bidaia bat egingo du pertsona horiek aurkitzeko, eta hor ere bere kontraesanak izango ditu, hor ere bere bizitza biziko du”. Berari gertatzen zaizkionak ere batzen dira eleberrira. Alegia, ez da bakarrik ikerkuntza lan bat, “ez bada ikerkuntza horrek inguruan dauzkanak ere nobelara ekartzea”. Bi istorio, arlo horiek aurrera egiten dute, 40 urte daude tartean, eta bien artean eraikitzen da kontakizun osoa. Badu bukaera bat, eta biak doaz bukaera horretara: “Bat egin nahi duten trenbideko errailak bezala, ortzmugarantz”. 

Mamia “gure falangistak”

Liburuko azalaren diseinua gustuko du egileak. Falangeko bandera eta bi beso ageri dira, agur falangista egiten. Begoñan kokatuta dago azala, atzealdean Begoñako eliza erraz bereiz daiteke.  “Asmatu dute diseinuan”, idazlearen arabera, “liburuaren mamia Falangea baita”.  Bazuen “gogoa” Basterretxeak Falangeari buruz idazteko. “Jarri nahi nituen falangistak gerraosteko kontraesanetan, eta horretarako jarri ditut falangistak gerraostea bizitzen, bizitzak berak dakartzan kontraesan guztiekin, eta hor sortzen diren botere harremanak eta giza harremanak bizitzen. Egunerokoan moldatzen: maitemintzen, erabakiak hartzen… Baina ez edozein falangista, gure falangistak jarri nahi nituen hor”. 

Pertsonaien kontraesan eta askotariko ertzak islatzea interesatzen zaio Basterretxeari, eta horregatik ekarri du fikziora falangista bilbotarren istorioa. Bere iritziz, falangistak, berez, ez dira txarrak, ezta onak ere; “errebantxismoak ez dio ematen literaturarako bazkarik”. 

Aurreko bi eleberritan ere landutako ildo bati heldu dio Basterretxeak, Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak azpimarratu duenez. Aurreko bi nobelatan ere, Mandatariaren gerra (Elkar, 2008) eta Azken tranbiaren itzala (Elkar, 2011), gerrako eta gerraosteko pasadizo ezezagunak berreskuratu eta kontatu ditu. 

Oraingo honetan, Mendigurenen hitzetan, falangista bilbotar batzuen “istorio ezkutua” da Basterretxeak liburura ekarritakoa. “36ko gerrak irabazle eta galtzaileak izan zituen; baina galtzaile guztiak ez ziren berdinak, ezta irabazle guztiak elkarren adiskideak ere. Franco epelegia zelakoan, nazien laguntzaz iraultza egin nahi zuten falangista bilbotar batzuen istorio ezkutua dakarkigu Jose Inazio Basterretxeak, gerrako eta gerraosteko pasadizo ezezagunak fikzionatzeko bere eleberri-sortari jarripena emanez. Horrekin batera, 1986an, 40 urte baino gehiago igarota, Suitzatik datorren emakume eder eta misteriotsu bat agertzen da detektibe pribatu bilbotar baten bulegoan, bere gurasoak nor ziren jakin nahi duela-eta. Bi hari horiek uztartuz, kontakizun bizi bat ondu du egileak, noiz umoretsu noiz sentsuala, historiaren alderik ilunenak argituz eta bizitzarekiko maitasun-taupadak transmitituz”.