Un lugar para una chimenea. El parque Etxebarria de Bilbao. Horra hor egin duzun ikerketa. Zergatik?
59 urte neuzkan Arcelorren aurretiko erretiroa hartu nuenean. Adin horrekin gauzak egiteko gogotsu nengoen eta Arte Ederretan matrikulatu nintzen. Lizentziatura lortu ostean master bat egin nuen eta masterraren amaieran ikerketa lana aurkeztu behar nuen. Zein gai aukeratu? Ezagutzen nuen gaia izan behar zen, baina baita niretzat interesgarria, pizgarria. Eta nik hemen Ricardo Bofill arkitektoarekin lan egin nuenez enpresak Etxebarriako orubean parkea egiteko landu zuen aurreproiektuan, bada gai hori aukeratu nuen. Nieves Basurto irakasleak zuzendu zidan lana eta asko lagundu zidan. Azkenean 17 hilabete eman nituen, baina gaia zabaldu egin nuen: Etxebarriako parkearen historia. Argi esan behar dut Bilboko Udalean eskatu dudan informazioa eta elkarrizketa guztiak eman egin dizkidatela. Zoragarri jokatu dute.
Etxebarria iltze-lantegi xume gisa hasi zen eta egundoko altzairutegia bilakatu zen. Arrakasta itzela, ezta?
Bai. Kontuan hartu behar da lantegia martxan jarri zuena, Federico Etxebarria, enpresari bikaina izan zela. Eta gero une gozoak etorri zitzaizkion, fabrikatzen zuen guztia saldu egiten zuen, prezio onean gainera. Lehenengo Mundu Gerran, adibidez. Aldi txarrak etorri zitzaizkienean, eutsi, eta haizea alde zeukatenean, aurrera. Gizon hark bazekien etekinak komeni ziren inbertsioetan gastatzen. Bera izan zen lehenengo Siemens labea ekarri zuena, esate baterako. Enpresan jende bizkorra zegoen, dinamikoa, proiektuak aurrera ateratzeko gauza, kinka larrietan hortzak estutu eta eutsi, eta egoera onak hazteko baliatzen zituztenak. Baina beti dirua irabazten. Eta, bestaldetik, enpresari paternalistak izan ziren...
Zure iritziz Basaurira aldatzea oso erabaki ona izan zen.
Bikaina. Begoñako lantegia Bilboko Udaletxetik metro gutxira zegoen. Altzairugintzan, egiten den tona bakoitzeko 20 kilo hautsa darie tximiniei. Gaur egun hautsa ez doa airera. Baina orduan ez zegoen ezer. Hauts hura nora joaten zen? Alkatearen bulegoko leihoa fabrikara begira zegoen. Konturatu ziren handik atera beharko zirela, eta egundoko erosketa egin zuten Basaurin, 800.000 metro koadroko eremua, San Migeleko ibar osoa. Erosketa itzela! Dena abantaila: ibaia ondoan, autopista eta trenbidea alboan, Bilbo zortzi kilometrora...
1970eko hamarkadan, behin produkzioa Basaurin dagoela, Begoñako orubearekin zer egin erabaki behar zen. Enpresak Bofill proiektua sustatu zuen.
Orubearen jabea izanik, dirua lortzeko moduko proiektua planteatu zuen enpresak. Horretarako arkitekto hirigilea behar zuen, baina ez edonor, Ricardo Bofill, sasoi hartan Espainiako onena zen eta Europa mailan ere itzal handikoa. Eta kontratatu zuen. Bofillek hona etorri eta Bilbo eta lantegia bertatik bertara ezagutu zituen.
Orduan ezagutu zenuen?
Bai, hemen berarekin egon nintzen eta gero Bartzelonan haren bulegoan egon nintzen. Aurreproiektua egin zuen, etxeekin eta parkearekin. Bofillen proiektuak mila etxebizitza aurreikusten zituen, eraikin barroko batean eta parke itzelaz inguraturik. Gainera, plaza estalia eta trafikoa lur azpitik nahi zituen. Etxebizitza horiek arin eta ondo salduko ziren, leku miragarrian zeudelako eta proiektu ona zelako. Baina Trantsizioa zen. Berasategi zegoen alkate, frankismoaren azkena, eta esan zuen ez zuela proiektu hartan sartu nahi. Garai hartan auzo elkarteek indar handia hartu zuten eta ez zuten etxerik nahi orubean, parkea baino ez. Baina Etxebarriak dirua behar zuen. Proiektua defendatu eta auzitegietara jo zuen enpresak, azken helegitea galdu zuen arte. Garai nahasiak ziren, enpresarientzat gogorrak. Etxebarria bera Madrilera joan zen bizitzera eta azkenean amore eman zuen. Eta horrela gelditu zen orubea, lantegiko aurriaz beteta. Burdinazko guztia desmuntatu eta aprobetxatu zen.
Bilboko Udalak 1987an erosi zuen, Jose Maria Gorordo alkate zegoela. Hura zen aukera orubea suspertzeko eta Bilboko beharrizanak asetzeko moduko parkea egiteko.
Horixe zen Gorordoren asmoa. Berak parke itzela egin nahi zuen, Bilbok merezi zuena.
Lantegiaren erosketa nahiko eztabaidatua izan zen: EAJ, HB eta EA alde zeuden, PP aurka, PSOE eta EE abstenitu ziren.
Baina PSOEk oposizio handia egin zion operazioari. Nire ustez PSOEk pentsatzen zuen mila milioi pezeta ordaintzea gehiegi zela. Baina dena erlatiboa da.
Ez zuten parke zoragarri hura egin. Baina herritarrak iritzi ona dauka parkeaz. Horrela jaso duzu ikerketan.
Ni neu ere ikerketari ekin arte pozarren nengoen parkearekin. Egunero txakurra parkera eraman eta zoragarria iruditzen zitzaidan. Baina arretaz aztertu eta lehen ikusten ez nuena agertzen hasi zen: adibidez, parkeko kaleak 14 metro zabal dira, asfalto hutsa, beltzak eta gogorrak. Zein parketan ikusten duzu horrelakorik? Herritarron iritzia ona da, baina arkitektoekin hitz egiten duzu eta argi esaten dute: “Parkeak ez du piperrik balio”. Zergatik? Ez daukalako proiekturik. Hor dagoena orain dela urte asko egin zuten, arin-arin, behin-behinean, urte hartako barrakak ipini ahal izateko. Eta hain ondo gelditu ziren barrakak ezen ez dituztela mugitu. Bilboz dakitenak, parkea zein leku pribilegiatuan dagoen baloratzen dutenak, begiratoki aparta dela... horiek ez daude pozik. Egin kontu: 600 metroko erlaitza dauka 50 metroko altueran Bilbo gainean. Nahi duzun bezala atondu dezakezu. Pagotxa hori ez dago inon eta hemen, ostera, ez dugu ezer egin. Proiektuak planteatu dituzten guzti-guztiek hasieratik esan dute: “Aizu, hau begiratokia da, leku paregabea. Eta ez da ezer egin”. Eta, ordea, parkeak muga latzak ditu: barrakak dauden lekuetan ezin da zuhaitzik izan; lorerik gabeko parkea da... Beraz, bai, parke eskasa da, Bilborentzat lotsagarria. Bilbok gehiago merezi du.
Beste kontu larri bat. Parketik gabiltzan bakoitzean, lantegi zaharraren gainetik gabiltza. Zuk ikerketan aipatu dituzu lantegi ehortzia eta lurpeko hondakin kutsagarriak.
Ikerketa geologikoa egin zutenean, leku batean 23 metro zulatu behar izan zuten haitzera heldu arte. 23 metroko hondakin betegarriekin! Hori zazpi pisuko eraikinaren parekoa da! Leku hori urte askotan zabortegia izan zen. Altzairutegiko hondakinak bertan botatzen ziren eta hondakin horietako zati bat arriskutsua da. Zer gertatu den azken 35 urteotan? Ez dakit. Baina batzuk oraindik ere arriskutsuak izango dira... Hala ere, argi dago hor ezin dela induskatu.
Zer egingo zenuke parkearekin?
Nik proiektu bat nahiko nuke parkea egiteko. Hirigintzan eta paisaian adituak diren arkitektoek elkarlanean osatutako proiektua nahiko nuke. Nire ustez garrantzia handikoa da Bilborentzat, baina oso jende gutxik ikusten du. Bilbok berez eskatzen du, leku hori zoragarria delako. Baina, zoritxarrez, ez dut uste ezer egingo denik. Zergatik? Udalarentzat diru iturria da eta gastu gutxi eskatzen dio, barrakak eta zirkua joan ostean belarra landatu baino ez. Eta jende gehiena pozik dagoenez... Ni egunero joaten naiz txakurrarekin. Nire parkea da.