Hilabete “korapilatsuak eta estres handikoak” izan dira Zurbarango Haur Hezkuntzako komunitatearentzat 2016ko uztailetik aurrerakoak. Uribarrin, Panerako eraikinen beheko aldean kokatuta dagoen ikastetxean aspalditik dauzkate arazoak zoruarekin. Besteak beste, lurrazpiko ur-korronteek eraginda. Handik metro gutxira, lurzorua hondoratu egin zen, eta harrezkero sakonera handiko zuloa hesituta dago Panerako lursail hutsean. Udala ikertzen jardun da, baina teknikariek “ez dute argi zer gertatzen den lursail horretan”, Guraso Elkarteko Anak azaldu duenez. “Egoera horretan 19 solairuko eraikina altxatuko dute bertan, eta lehen hiru solairuak Udalarentzat izango dira. Hezkuntzarako ez dago dirurik, baina beste gauza batzutarako bai”.
Orain arte eskolari jaramonik egin ez, eta arazoak okerrera besterik ez du egin denbora pasa ahala. “Urteak daramate gurasoek kexaka konponketak eskatzen”, dio Anak.
Iazko uztailean, jakinarazi zieten Haur Hezkuntzako ikasleen gurasoei hiru hilabetez luzatuko ziren konponketak egingo zituztela ikastetxean. Ondoren, obrak luzatu egingo zirela jakinarazi zieten, zentroak ikasturte osoa itxita emango zuela, hain zuzen ere. Jende asko uztailean kanpoan oporretan zegoenez, irailean, “kurtso hasieran enteratu zen”.
Hortaz, irailetik sakabanatuta daude Zurbarango eskolako ikasleak “premiazko berregituraketa” egin eta gero. Lau eta bost urtetako gelakoak, lau gela guztira, Uribarriko eskolara lekualdatu dituzte. Gainerakoak, Zurbarango Lehen Hezkuntzako eskolara –errepidearen beste aldean, Zumaia kalean–.
Pilatuta
80 bat ume dira Zurbarango Lehen Hezkuntzako eraikinean hartu dituzten ikasleak. “Espazio muga daukate, leku gutxi, eta pilatuta daude. Jantokia kaosa da. Ez da ume txikientzat prestatuta dagoen ikastetxea. Ikasturte gogorra pasatzen ari dira”.
Abenduan guraso askoren kezka dela eta, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin harremanetan jarri ziren Guraso Elkarteko kideak. Bazekiten ate irekien jardunaldia eta matrikulazio kanpaina gertu zeudela, eta ikastetxearen egoerak ez ziela mesederik egiten. Eta horrela izan da. Guraso Elkartearen arabera, “auzoan zabaldutako susmoengatik matrikulazioak behera egin du”.
“Borrokari ekinez”, bai Eusko Jaurlaritzari bai Bilboko Udalari “erantzun azkar bat” eskatu zieten gurasoek. Ikasturte amaierarako B plan bat prestatzea. “Uribarritik Zumaiara bueltaka ez ibiltzeko, Haur Hezkuntzako ikasle guztiak zentro bakarrean bateratzea”, alegia.
Orduan Jaurlaritzak Zurbarango institutuko bi gela eta jolastokian kokatzeko bi barrakoi eskaini zizkien, behin-behineko neurri gisa. Gainera, institutu ondoko kubo itxurako eraikin berria epe ertainean erabili ahal izateko azterketa tekniko bat eskatuko zuela hitz eman zien.
Ez zuten proposamena onartu. Gurasoek oso garbi zuten behin-behineko barrakoiak behin betikoak izan zitezkeela. Hori dela eta, arkitekto baten laguntzarekin, beste proposamen bat aurkeztu zioten Jaurlaritzari. “Institutuan, espazio sobera dagoela eta, beheko solairuko lau gela erabiltzeko eskaera egin dugu. Horrela, Haur Hezkuntzako ikasle guztiak Lehen Hezkuntzako eraikinean bateratuko dira eta Lehen Hezkuntzako ikasle nagusienak institutura joango dira. Bigarren Hezkuntzakoek ez dute ondoriorik igarriko”.
Plana “bideragarria” da, eta onartua izan da. Beraz, lortu dute ikasle guztiak espazio berean elkartzea hurrengo ikasturtetik aurrera. “Bai, pilatuta jarraituko dute, musika gela gabe, psikomotrizitate gela txiki batekin, baina bateratuta”.
Iraila iritsi bitartean hainbat eskaera egin dituzte gurasoek ikasturte berrirako, besteak beste, “ziburu eta jostailuak konpontzen ari diren eskolatik eskola berrira eramatea eta ume txikiak busti ez daitezen pasarela estalia jartzea”.
Irakasleriak ere bat egingo du Zumaiako eskolan, zentro berean. Irakasleak bai Haur Hezkuntzakoak bai Lehe Hezkuntzakoak irailetik gaur arte “oso ondo portatu” direla azpimarratu dute Guraso Elkarteko lagunek.
Borrokaren ostean, atseden hartzea dagokie gurasoei. Jakin badakite presio egin gabe Eusko Jaurlaritzarekin eta Bilboko Udalarekin adostutako behin-behineko plana betikotu daitekeela, eta “ezin dugu pilatuta beste hamar urte eman”. Horregatik “B plan bideragarri bat” nahi dute: “Iraila heltzean jakingo dugu”.