Mallonako galtzadetan irisgarritasuna hobetzeko neurriak eskatu dituzte

bertonaldizkaria 2017ko mai. 3a, 08:43

Argazkia: caminodesantiago.consumer.es

Gurutze auzoko eta Santo Domingo de Guzman etxaldeko bizilagunak Mallonako galtzadak erabiltzera behartuta daude euren egunerokoan. Guztira, 3.500 auzotar inguru dira eskailera artean bizi direnak. Mugikortasun arazoak dituzten auzotarrek batik bat "babes falta handia" sentitzen dute edozein jarduera egiteko etxetik irten behar dutenean. Hori dela eta, protestari ekin diote. 

Garbiñe Etxenagusia Gonzalez auzotarra izan da Change.org atarira jo duena sinadura bilketari ekiteko. Bilboko Udalari Mallonako galtzadetan "irisgarritasun neurriak har ditzala" eskatzeko, hain zuzen ere. Batik bat, mugikortasun arazoa duten auzokideek eta orga erabiltzen dutenek sufritzen dute "ezintasuna" Alde Zaharrera edota Begoñara joan-etorria egiterakoan. "Emakumeak dira gehien bat", Iñaki Breda auzotarraren arabera.

Bilboko Udalak beste auzo batzutan –Santutxun, Deustun eta Indautxun, esaterako– egindako inbertsioa irisgarritasuna hobetzeko "parekatu behar du" Mallonan, Garbiñeren iritziz. Alegia, "igogailu edo eskailera mekanikoak" eskatzen dituzte Mallonako erdiguneko bi auzoak Alde Zaharrarekin lotzeko. 

 

Ez da eskakizun berria

Jose Luis Sabas Obra eta Zerbitzuetako zinegotzia zenean ahaleginean aritu ziren Mallonako bizilagunak euren eskakizunak Bilboko Udalera helarazteko. Orain gutxi ere izan da Udaleko arduradun bat Mallonan. "Ditugun irisgarritasun arazoak ikusi eta ulertu ditu bertatik bertara", Iñaki Bredak adierazi duenez.

Galtzadetan "edozein obra egiteko zailtasunak" aipatu ditu Udalak lehen zein orain. Izan ere, Mallonako galtzadek balio historikoa daukate, eta monumentu gisa babestuta daude. Auzotarrek, berriz, uste dute egungo aurrerapenekin posible dela. 

Auzotarrek bota dituzten ideian artean dago Prim kaleko igogailua luzatzea Santo Domingo de Guzman etxaldera arte, Dolaretxetik, eta hortik Gurutze auzora eramatea. Bada beste proposamen bat ere; Esperantza frontoiaren paretik pasarela bat eraikitzea Mallonako galtzadetara arte. 

Argiro azaldu dute ideiak baino ez direla, ez dutela irtenbiderik "inposatu nahi", baina "irtenbideak behar" dituztela. 

Atzo, manifestazioa egin zuten galtzadetatik behera. Maiatzaren Biko kalean Juan Mari Aburtok parte hartu zuen ekitaldira hurbildu ziren Mallonako auzokideak alkateari euren beharrizanen berri emateko. 

 

Argazkia: caminodesantiago.consumer.es