Euskal grafia; tipografia eta apaingintza 1961-1967 lana ekarri duzu Okela Sormen Lantegira. Ikusgai egon da ekainean zehar. Non du sorburua?
2013an egindako lana da. Xabi Salaberria, Iñaki Garmendia eta nigonbidatu gintuen Guggenheim Bilbao Museoak erakusketa bat egitera. 15 urte bete zituen museoak, eta artista euskaldunak jartzea egokitu zen; eta guri tokatu zitzaigun. Eskatu ziguten lan berri bana egiteko, gero museoak erosteko. Euskal testuinguruan oinarritutako lana egin nahi nuen, eta ikerketan hasi nintzen. Lazkaoko Beneditarren Dokumentazio Gunera jo nuen liburu baten bila. Euskal Herriko hilerrietako irudiak eta grafia biltzen dituen lana da. Ideia horrekin joan nintzen, eta han Juan Jose Agirre ezagutu nuen. Fenomenoa bera. Dokumentazio gunea zelan sortu zuen kontatu zidan. Asko harritu ninduen pertsona bakar batek hartutako ardurak eta pilatutako materialak. Berak lan hori egin izan ez balu material guzti hori ez zen existituko. Agirrek gauza askori buruz hitz egin zidan eta, besteak beste, Sine Nomine (izen gabea) edo Pelix bezala ezagutzen zen aldizkari bati buruz. Aldizkariaren historia kontatu zidanean, ‘honi buruz lan bat egin behar dut’ erabaki nuen. Galduta dagoen aldizkari bat da.
Zein da Sine Nomine edo Pelix aldizkariaren historia?
Izugarria da. Aldizkaria egin ahal izateko hiru apaiz Europa osoan ibili ziren beharrezko materiala erosten. Batek Inglaterran idazmakina erosi zuen, bigarrenak Alemanian ciclostil makina eta hirugarrenak Frantzian papera. Mugatik ezkutuan sartu eta Goierrin baserri batean ezkutatu zituzten aldizkaria egiteko. Poliziak aldizkariaren aleren bat aurkituz gero atzerrian eginda zegoela pentsatzeko estrategia oso bat muntatu zuten. 1961ean hasi ziren aldizkaria argitaratzen. Urte batzuk lehenago ilegaltzat jo zuten Egiz aldizkaria, eta debekuari emandako erantzuna izan zen. Aldizkariko kideek euren artean telefonoz hitz egiten zutenean Pelix aipatzen zuten aldizkariari erreferentzia egiteko. Adibidez, ‘Pelix gaixo dago’ esaten zuten aldizkaria prest ez zegoela adierazteko.
Zelako aldizkaria zen eduki aldetik?
Egileak apaizak ziren, eta horregatik apaizen ikuspegia eta diskurtsoa oso presente dago, baina bizi zuten testuinguruagatik guztiz politizatuta zeuden. Espainian saltzen ez ziren atzerriko egunkarietako artikuluak transkribatzen zituzten, herrietako lekukotzak jasotzen zituzten, grebei eta torturei buruz idazten zuten... 1.000 kopia egin eta apaizen eta herritarren bitartez zabaltzen zen Euskal Herri osoan. Zentsuratzen zen informazioa argitaratzen ahalegintzen ziren. Esaterako, 1961ean komunikabideetan lehenengoz zabaldu zen ETAren ekintza baten ondorioz atxilotu zituzten lagunen torturen lekukotzak argitaratu zituzten. Horrelako eduki bat argitaratzen zen lehen aldia izan zen. Testu horiek kontatzen dute nola hasi zen orain bukatzen ari dena. Aldizkaria orain irakurtzea garrantzitsua da niretzat, etorkizunean digitalizatzen dutenean baino. Digitalizatzea eta web gune (www.pelix.us) on batean jartzea zen nire lanaren zati bat. Hori da Okela Sormen Lantegian erakutsi dudana. 39 zenbaki dira, kaleratu ziren guztiak. Artxibategian bina kopia baino ez daude. Klandestinoa zenez jendeak irakurri eta bota edo erre egiten zuen.
Lanaren beste zatia 2013an Guggenheimen paratu zenuen. Zergatik ez osoa?
Akuaforte egindako Kuprezko 39 xafletan Sine Nomine edo Pelix aldizkariko azal bana ipini nuen museoan. Aldizkariko azalei testua kendu nien, izenburuak, puntuazio ortografikoa eta apainketak ezik. Tinta beltzarekin landu nituen xaflak arte ederretako teknika horri keinu eginez. Oroitzapenezko plakak ziruditen. Bestetik, artxibo digitala zegoen, eta niretzat inportantea zen aldizkari horiek irakurtzeko modua eskaintzea. Banekien museoan zaila zela aldizkariak irakurtzea, eta horregatik web guneak aldizkariak etxean lasai irakurtzeko aukera ematen du. Prozesuaren parte izan da informazioa bere testuingurutik ateratzea, digitalizatzea eta web gunea (www.pelix.us) mantentzea. Museoan zegoen lanean, web gunea lanaren parte bezala deskribatzea nahi nuen, baina oraindik argi ez daukadan arrazoi bategatik ez zioten web guneari aipamenik egin nahi izan. Harrigarria. Horregatik aproposa iruditu zait Okela lantegian erakustea. Erakusketa eta elkarrizketa hau bideak dira web gunea eta bere edukiak ezagutzera emateko jakin-mina duen edonori.
Zer gertatzen da artistekin? Zergatik dauzkazue hainbeste traba?
Espainian Twitterren idatzitako mezu batzuengatik kartzelara bidali dute jendea. Ameriketan ez doa inor kartzelara Twitterren esandakoagatik. Hemen ez herritarrek ez artistek ez daukate adierazpen askatasunik.
Okela Sormen Lantegian bakea gaiaren inguruan bilduta egon zareten artistek berbaldia izan duzue hainbat lagunekin batera. Zer nolako ekarpenak izan ziren?
Horrelako ekitaldietan nire lana deskribatzen dut, ez dut urrunago joan nahi izaten. Ez dut iritzirik ematen. Neska batek galdetu zigun zergatik bakea gai nagusitzat izanik ari ginen Oier Iruretagoiena eta biok indarkeriari buruz hizketan. Euskal Herrian aurretik izandako indarkeriari buruz. Bitxia iruditu zitzaidan aipamena. Zeren bakea prozesu bat da. Hitz egin dezaket nik bizi izandakoaz, ez bizi ez dudanaz, eta ni bizi izan nintzen herrian ez zegoen bakerik.
Zertan ari zara orain?
Lan berri bat egiten ari naiz. Ni bizi naizen inguruan, Mojaveko basamortuan, Los Angelesetik bi ordura eta baita Ameriketan hirietatik kanpo izateko eta pentsatzeko modu berezi bat dago tokian tokiko irratietan ondo islatzen dena. Eskuin-muturrekoa eta ia anarkista. Hemendik zentzu gutxi du… baina an errealitate bat da. Trump presidentearen mugimendua sortu dutenak dira. Milaka entzule dituzte. Eta ni ere horrelako irratiak entzuten hasi nintzen ulertu nahian zelan muntatu duten errealitate bat ideologia horren inguruan. Bideo batzuk grabatu ditut ni estudioan lanean ari naizela egurrezko marko batzuekin eta beste material batzurekin. Bideoek lanaren prozesua erakusten dute: nire eskuak lan errepikakorrean, lixatzen esaterako, atzetetik irratia entzuten den bitartean. Nire lanaren prozesuaren dokumentala da, eta bertan talka bat ageri da basamortu idealizatu, irrati erradikal zoro eta nire lan errepikakorraren artean. Nire esperientzia islatu nahi dut.
Zenbat aldatu da Ameriketako Estatu Batuak Trump presidente denetik?
Zortzi urte egon gara Obamarekin burbuila batean, eta herritar askori ahaztu egin zaie Estatu Batuetan zer dagoen. Shock handia eragin du Trumpek. Estatu Batuetan Obama presidentea izan leike, baina baita Trump ere. Pilo bat pertsona agertu dira Trumpen alde. Instintu txar guztiak onargarri bihurtu ditu. Ausardia faltagatik lehen esaten eta egiten ez ziren gauza asko esan eta egiten dira orain. Tokiko irratietan biderkatu egin da hori dena. Sinestezina da esaten dutena eta miloika pertsonak hori sinestea.
Kalifornian artista baten bizimodua Euska Herrian baino errazagoa da?
Euskal Herrian laguntza publiko gehiago daude. kalifornian ia ez daude, eta merkatuak erabakitzen du zure existentzia. Jende askok beste lan bat dauka, ezin duelako bere artetik bakarrik bizi. Nik inoiz ez dut pentsatu Kalifornian bukatuko nuenik, ez nuen nire planean. Glasgowra nahita joan nintzen, eta hainbat baldintza medio bukatu dut Kalifornian. Baina ni Los Angelesetik joan egin naiz basamortura bizitzera. Los Angeles 2003an, Maestrian lizentziatu nintzenean, hiri oso merkea zen, Berlin zen bezala. Hiri handia, kultura askokoa, arraroa, gogorra, makurra… arte mundua oso txikia zen hiri handi bateko komunitate txiki bat ginen, oso interesgarria izan zen 2000. urte hasieran. Azken 15 urtetan asko aldatu da. Asko garestitu da eta orain artistak Los Angelesetik irteten ari dira ezin dutelako han bizi. Gentrifikazioa ari da gertatzen. Horregatik ez nuke esango han errazagoa denik. Jende gehiago dagoelako aukera gehiago egon daiteke, baina bizitza kalitatea oso gogorra da han. Hemen abantaila asko daude, Europa gainera oso txiki bihurtu da. Erraz joan zaitezke hiri batetik bestera.