150.000 bizkaitar erromes joan dira Begoñara

uriola.eus 2017ko abu. 16a, 10:07
Argazkia: naiz.eus

Urtero bezala, abuztuaren 15ean hainbat pertsona erromes joan da Begoñako basilikara "Amatxuari" maitasuna agertzera. Bilboko alkateak aurreskua dantzatu du mezaren ostean eta oposizioak beste urte batez alkatearen parte-hartzea kritikatu du "Udalaren laikotasuna islatzen ez duelako".

Atzo, abuztuaren 15ean, urtero bezala milaka lagun bertaratu ziren Begoñara Bizkaiko eta Bilboko patroia den Birjinari haien maitasuna agertzera.

Oso tradizio errotua da Bizkaian, Bilboko hiriaren fundazioaren aurrekoa delarik. Aurten ere, 150.000 bizkaitar lurraldeko herri guztietatik heldu dira, batzuk, oinez, beste batzuk bizikletaz, autoz eta baita garraio publikoz ere. Basilika, atzo eta herenegun osoa izan da zabalik.

Meza nagusia

Basilikan, jendez gainezka zegoelarik, meza nagusia egin dute eguerdian. Mario Iceta Bilboko gotzainak egin du elizkizuna, eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea bertan izan da, beste udal-ordezkari batzuekin.

Gotzainak mezaren amaieran gogora ekarri zuen egun berezia zela, izan ere, laguntza eman nahi zioten Tenerifeko Almaciga herrian Begoñako Amaren omenezko eliza amaitzeko lanei. Hala, Begoñako Kofradiako kideek Bizkaiko zaindariaren 30.000 estanpa banatu dituzte lanak bukatzeko dirua biltzeko asmoz.

Alkatearen aurreskua

Meza nagusiaren ondoren, alkatea eta gotzaina, gainerako zinegotziekin eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramailearekin, tenpluaren atzealdean dagoen Gernikako Arbolaren kimura joan dira, bertan, 'Gernikako Arbola' abestu dute. Gero, alkatea atzeko plazara joan da eta dantzari baten laguntzaz, Aburtok ohorezko aurreskua dantzatu du.

Oposizioa, kritiko

EH Bildu, Udalberri eta Goazen udal-taldeek beste urte batez uko egin diote hitzorduari eta Udala kritikatu dute ekimen erlijiosoetan parte hartzeagatik. Horrekin batera, adierazi dute "alkatearen parte-hartzeak ez duela islatzen Udalaren laikotasuna".