Lapurtutako umeen elkarteak Bilboko Gotzaitegiaren informazio falta salatuko du

prestaldizkaria 2017ko urr. 11a, 08:21

Iazko elkarretaratzea Begoñan (Argazkia: Itxaropena elkartea)

Gaurko egunean, iaz egin bezala, lapurtutako umeen Bizkaiko Itxaropena elkarteko kideak Begoñako basilikan kontzentratuko dira Mario Iceta Bilboko gotzainari bere menpeko artxiboetako informazioa eskatzeko. Ukatzen zaien "informazio asko gordetzen baitute".  

Begoñako Ama Birjinaren egunean basilikara erromesaldia egin ohi dute hainbat fededunek gaurko egunean. Itxaropena elkarteko lagunek ere euren erromesaldi propioa irudikatuko dute 18:00etan eliza aurrean egitekoak diren protestaldiarekin. "Erakunde pribatu eta publikoetan zehar" ume lapurtuen senideek "informazioa eske" egiten duen "erromesaldia" adierazteko. Izan ere, elkarteko kide Txaro Ruanoren esanetan, erakundeen "erantzuna beti da ezezkoa". Hau da, "ez dutela eskatutako informaziorik diote". 

Atzo komunikabide batek zabaldutako berria zehaztu nahi du Ruanok. Bilboko Gotzaitegiko iturriek azaldu zuten Gotzaitegira ez dela elkarterik zuzendu informazio eske. "Egia erdizka da hori", Ruanoren arabera, Datuen Babeserako Legearen ondorioz, elkarteek ezin baitute informazio pertsonalik eskuratu. Lege hori lapurtutako umeen Bizkaiko Itxaropena elkartearentzat bere lana oztopatzen duen "horma" da. 

Norbanakoek ordea eska ditzakete datu pertsonalak. Hainbat elkartekidek egin dute jada eskaria, "batzuk aspaldian ari dira bilaketan eta beste batzuk lasaiago hartu dute zeregina". Kaltetuek Elizako artxibategira jaiotza edota bataio agiri bila jo dutenean ere ez dute informaziorik lortu. Ruanoren hitzetan, "agiri batzutan eliza honetan edo haretan umea bataiatu dutela agertzen denean, Elizako dokumentuetan datu horrek jasota egon beharko luke. Baina ez dutela daturik erantzuten dute". 

Gainera, "erantzuna oso azkarra da" Elizara desagertutako seme-alaben, neba-arreben edo adoptatuak izan ziren umeek gurasoen informazio eske jotzen dutenean. Gotzaitegiko artxibategian eta eskatzailearen parrokiari dagokion artxibategian eskatutako informazioa arakatzeko, "azkarregi erantzuten dute ez dutela daturik", eta horrek Itxaropena elkarteko kideen susmoa piztu du. 

Horregatik eskatuko dute bigarren urtez gaurko elkarretaratzean Bilboko Gotzaitegairen jarrera aldaketa, "informazioaren bilketa asko mugatzen baitigu", eta artxibategietako "ateak zabaltzeko". "Informazio asko gordetzen baitute".  

 

[Itxaropean elkartearen manifestua]

Gaur, biktimok (gurasoak, neba-arrebak eta seme-alabak haien jatorria bilatzen dutenak) bildu gara Begoñako Basilikan ardura eskatzeko eta ulertzeko zelan sentiarazten gaituen egoera honek. Horregatik, gaur, Begoñaren egunean gaude hemen, Basilika honetan, denon babeslekua dena. Gure dokumentuak behin- betiko ematea eskatzeko. Dokumentu hauek, etxe santu honek hautsik gabe, apaletan zein tiraderatan edota altzari zaharretan zaintzen ditu eta behin eta berriz, uko egiten dizkigute. Artxibo hauek, ahotsa izango baldin bazuten, haien kartzelatik irteteko ohikatuko zituzten baliagarri izateko eta arima askoren mina kentzeko.

Begoñako andramaria, ezin da pozik egon, ez. Berak sufritzen duelako haien seme-alabak sufritzen dutenean, seme-alabok batzuk fededunak eta batzuk ez-, hemen bilduta gaudenok eta ez daudenak (geuk ordezkatzen ditugula), denon sufrimenduarekin sufriarazten dugu andramariari .

Galdera hauek ditugu: nola da posible Ama birjinaren aurrean aldiro-aldiro ukatzea egokitzen zaigun dokumentazioa? Eta ondorioz gurasoak eta seme-alabak ezin elkartzea?

Ez luke andramaria negar egingo hain erreza den zerbait ez egitean, kristau karitatea ezagatik?

Mesedez, hausnartu egin eta galdera hauei erantzuna eman Begoñako andramariari familiarentzako babesa eskatu aurretik.

Geuk, fededunak eta ez fededunok, gogor, tinko, ziur eta begirunearekin Elizako ordezkariei, Mario Iceta Gabicagogeascoa apezpikuari, haren beste probintziako homologoei eta fededunei laguntzea eta etengabeko borroka honetan babesa ematea eskatzen dizuegu. Honela, kontzientzia gaiztoa saihestuko duzue eta ez dituzue kristau balioak salduko.

 

Lapurtutako Umeen Bizkaiko Itxaropena Elkartea