Ingeles ikasgaian irakasleari laguntzen dio Nicholas Randok. Astean 12 orduz. Batik bat, ahozkotasuna lantzea du xede, mintzapraktika egitea. “Ingelesez hitz egitea ikasleekin, ikasleek ingelesez hitz egin dezaten”, dio. Horretarako, Zurbaranbarri Eskolako 3-12 urte bitarteko ikasleen Ingeles orduak “dibertigarriak” izan daitezen ahalegintzen da. Esaterako, jolasen bitartez.
Amerikarra izaki, beste ingeles mota bat entzuteko aukera dute ikasleek, euren irakasleak ez duena. “Beste doinu bat”. Bere jatorrizko hizkuntza ingelesa duen pertsona baten hitz egiteko modua, alegia. Eta Nicholasen esanetan, “beste kultura bat ezagutzeko aukera” ere bada.
Zurbaranbarri Eskolako hiru urteko ikasleek harrituta utzi dute Nicholas. Gaileta edota ura eskatzeko gai direlako ingelesez. “Sinestezina da”, bere esanetan. “Dena xurgatzen dute. Oso bizkor ikasten dute. Izugarria da”.
Joan den urritik maiatzera “asko abestu” dute eta “oso ondo pasa” dute jolas erraz eta dibertigarriekin. Hasieran euskaraz hitz egiten zioten ikasleek Nicholasi. Ez zuten pentsatzen euskaraz ez zekienik. “Errepikatuz eta errepikatuz” lortu du ikasleek ingelesez egin diezaioten. Hori izan da zailtasun handiena. Epealdi horretan euskara asko ikasi du Nicholasek.
Ikasle nagusiek gustuko dute Ingeles ikasgaia. Gainera, irakasle amerikarra izatea “berezia” izan da eurentzat. Interes handia azaldu dute, eta galderaz josi dute. Batez ere, bere familia, neska-laguna eta herriari buruz galdetu diote. New Yorkekoa bada ere, hiri handitik hiru ordura dagoen Binghamtoneko da jatorriz.
Irakasle gaztea da Nicholas, 25 urtekoa, eta aurreko ikasturtean zehar ikasleekin “konexio ona” lortu du, besteak beste, anaia gazteak dituelako. 7 eta 12 urteko anai-arrebak. Hau da, bere ikasleen adinekoak. Horrek harremanak asko erraztu dizkio.
Hasieran “zaila” izan zen ikasleen lotsa gainditzea, ez baitziren ingelesez hitz egitera ausartzen. Amaieran “eroso” sentitu dira ingelesez hitz egiten. Agian, Nicholasekin izan duten harremana “ez delako hain formala” izan. Berak “hurbilatsuna” eta “errespetua”, agertu die ikasleei, eta ikasleek “errespetuarekin” erantzun diote. Horrela, elkarrekin “gauza asko” egitea lortu dute aurreko ikasturtean, eta ikasturte berri honetan “askoz ingeles gehiago ikastea” espero dute.
Zailtasun handienetakoa ahozkera da. Baina apur bat kostatzea “normala” dela dio Nicholasek. Horrelakoetan, zuzendu egin ditu ikasleak. “Ikasten ari direla ohartzen dira, eta hobetzeko modua da”.
Ikasleekin ez ezik irakasleekin ere ondo konpondu da. Zurbaranbarri Eskolako “komunitate sentipena” atsegin du. Gustura sentitu da bertan. “Oso pozik”. Are gusturako Peio zuzendariaren hitzak entzutean. “Ikasturte amaieran gurasoek betetako inkestetan zenbaitek aipatu zuten Nicholasen klaseak izan zirela kurtsoko jarduera onenak”. Ingeleseko irakasleak ere pozik hartu du Nicholas. “Oso lagungarria” izan zaio.
Eredu eleanitza
Nicholasek ez zuen hain goiz bigarren hizkuntza ikasten hasteko aukera izan. 12 urterekin ekin zion frantsesa ikasteari New Yorken. Espainiera Puerto Ricon ikasi zuen, baina batez ere Bilbora etorri zenean. Orain euskara ikasi nahi du. Hemen bizi delako eta bertako kulturarekin bat egin nahi duelako: “Lagun euskaldunak dauzkat, eta euren kultura gehiago ezagutu nahi dut. Niretzat garrantzitsua da euskal kultura sakonki ezagutzea. Nire ikasleekin euskaraz hitz egin nahi dut. Nik ahalegin hori egiten badut eurek ere ahalegina egingo dute nirekin ingelesez hitz egiteko. Gogotsu nago euskara ikasteko”.
Euskal hezkuntza publikoak eskaintzen duen eredu eleanitza ere gustuko du. Hirueleduna. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzean ikasleei hiru hizkuntza menperatzeko gaitasuna ahalbidetzen diena. “Jarraitu beharreko bidea hori da. Hiru urterekin hastea oso ona da, baita zientzia klaseak ingelesez izatea ere, oso baliogarria hizkuntza teknikoa ikasteko”. Bertako hezitzaileek “oso lan polita” egiten dutela deritzo.