uriola.eus

Garaizarko Matsorriak abesbatza Suediara

  Kultura-aisialdia  Begoñaldea

Begoñako abesbatzak Götheborgen, Gernikako Arbolaren kimu baten landatze ekitaldian, hartuko dute parte datorren igandean.

Maiatzaren 25ean, larunbatarekin, Begoñako Errepublika Zaharreko Abesbatzak, Suediara egingo du bidaia. Astean zehar hainbat kontzertu eskainiko ditu Götheborgen, Stockholmon eta Upsalan. 

Igandean, maiatzaren 26an, Bizkaiko Batzar Nagusiek emandako Gernikako Arbolaren kimu baten landatze ekitaldian hartuko du parte. 1941eko ekainean Götheborgeko hiriak Jose Antonio Agirre Lehendakariari eskaini zion babesa eta nazien errepresiotik Ameriketara ihes egiteko bidea errazteagatik aitortza eta eskerrak eman nahi dizkio Garaizarko koralak Götheborg hiriari.

Landatze ekitaldia Jonsered Gardens-en egingo da, nekazaritza ekologikoaren eta gizarte erantzukizunaren abangoardian dauden lorategietan, XIX. mendetik ondare historiko izendatuak. Lorategi horietan, udalak proiektu bat burutzen ari da eta bertan hainbat gaztek aukera dute lan-merkatura hurbiltzeko lorategietan lan eginez.

Landatze ekitaldiari amaiera bikaina emateko, euskal folkloretik jasotako piezak abestuko dituzte "matsorriek" bertaratuko diren hiriko agintari eta herritarrentzat.

Astelehenean Stockholmera joango dira, eta ekainaren 28an, asteartean ,  Skeppsholmen  Herri Eskolan ospatuko den Abestien Jaialdian parte hartuko dute. 

Begoñako Garaizarko Matsorriak 

Garaizarko Matsorriak abesbatzak 32 urte bete ditu.  1987ko martxoaren 26an Begoñako Errepublika zaharreko “Garaizar” auzoan sortu zen, José Luis Etxebarria “Txelu”ren eskutik eta zuzendaritzapean. 2008 urtetik, Miren Zubieta Egia da zuzendaria.

Errepertorio zabala dute: euskal fokloretik aukeratutako kantak, “bilbainadak”, musika erlijiosoa eta nazioartetik jasotako abestiak. 

Urtean zehar hainbat kontzertuetan parte hartzen dute « matsorriek ». Kaleko animazioan, auzoko jaietan, txikiteo koralean, gabonetan oles egiten, ospakizunetan, Begoñako astean, Bizkaiko udaberriko emanaldietan etabarretan ihardutea maite dute. 
 
Euskal Herritik kanpo ere aritzen dira. Catalunyan, Frantzian, Italian, eta Espainiako hainbat lekutan aritu dira kantari. Aurten, maiatzaren azkenengo astean, Suediara doaz. Götheborgen,Stockholmen eta Upsalan, bere abestiaz gozatzeko aukera izango dute.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa