Lurperatutako 60 gerra biktimak berreskuratzen hasi dira Begoñako hilerrian

uriola.eus 2022ko urt. 31a, 11:37

Begoñako hilerrian egindako desobiratzea (Argazkia: Irekia)

Aranzadi zientzia elkarteko arkeologia talde batek, Gogora memoria institutuaren eta Bilboko Udalaren laguntzarekin, Tomas Rubin Marin gudariaren gorpua berreskuratu du Begoñako hilerrian. Dokumentazioaren arabera, 60 dira bertan lurperatutako gerrako biktimak.

Jende gutxiko ekintza intimo eta pribatua egin zuten larunbatean gorpua berreskuratzeko. Begoñako Argia proiektuaren barruan egin da desobiratzea eta erregistro zibileko, parrokia liburuetako eta hilerriko dokumentazioek aipatzen dituzten 60 lagunen gorputzak berreskuratzea du helburu. Dokumentazio horren arabera, 36ko gerrako eta ondorengo urteetako biktimak bi eremutan lurperatu zituzten, eta Aranzadik bietako batean hasi ditu lanak. Gogora ikerketa institutuak azaldu duenez, gudulariak zein biktima zibilak daude lurperatuta. 

Ekitaldira, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu den Beatriz Artolazabal hurbildu zen eta ekintzaren garrantzia azpimarratu zuen: "Urrats garrantzitsua eman dugu Rubin familiaren eta euskal gizarte osoaren zauriak ixteko". Marin, Eusko Abertzale Ekintzarekin (EAE-ANV) jo zuen muga 31 urte zituenean. Legutioko gudan borrokatu zuen eta zaurien ondorioz Amorebietako ospitale militarrean hil zen 1936 abenduaren 3an.

Begoñako hilerrira eraman zuten gorpua baina senideek ez dute jakin orain arte non zegoen. "Harrotasuna da Euskadin demokrazia defendatzeko borrokatu ziren Tomas Rubin bezalako pertsonei duintasuna itzultzen lagundu ahal izatea", aipatu du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. Biloba baten aurkikuntzari esker izan da posible larunbat honetako ekitaldia. Aipatutako proiektuaren bisita gidatu batean, aurkikuntzaren berri eman zien arduradunei eta hauek Gogora institutuarekin jarri ziren harremanetan. Horren harira, Artolazabalek euren senideak non eta noiz hil ziren ez dakiten herritarrei Gogora institutuarekin harremanetan jar daitezela eskatu zien. 

Bilboko Udalak hilerria "parke publiko" bihurtu nahi du. 2006tik itxita dago eta Udalak eta Aranzadik memoria historikoa ikertzeko esparrua bihurtu nahi dute Begoñako Argia proiektuarekin. Bestalde, XIX. mende amaierako eta XX.eko hasierako arkitektura aztertzeko balioko du.

"Despolitizatutako ekitaldia"

Aipatu bezala, intimitatean eta jende gutxirekin egindako desobiratzea izan zen. Familiek momentu horiek intimitatean bizitzea nahiko dutela onartu du Etxebarrieta Memoria elkarteak, baina biktima zergatik hil zen aipatzearen beharra azpimarratu du. Elkartearen esanetan, Euskal Herri "libre" batean justizia sozialarekin "konprometituta" zegoen gudaria zen Tomas Marin bezalako pertsonak ez ahaztea eskatu dute: "Faxismoaren kontrako borrokan bizitza eman zuten pertsonak aldarrikatzea, omentzea eta ez ahaztea eskatzen dugu".