Karlistaden garaiko hobi komun bat Begoñako hilerrian

uriola.eus 2022ko ots. 18a, 12:30

Hilobia ikuskatzen (Irudia: Aranzadi)

Aranzadi zientzia elkarteak Begoñako Argia proiektuaren barruan, Santa Teresa A gunean aurkitu zituen bigarren ehorzte-mailan gizabanakoen gorpuzkiak. Multzoan lurperatuak agertu ziren eta koroaren eta lirioaren irudia ageri duten botoiak aurkitu dira aste honetan lurretik ateratako hezurduretan.

Joan den astean, 1935eko eta 1937ko hezurdurak lurpetik ateratzen ari ziren gunean, bigarren ehorzte-maila bat aurkitu zuten, lehenagoko garai batekoa. Gainerako gorpuzki guztien kontrako noranzko jarreran dauden gorpuzkiak aurkitu dituzte. Hori aurkitu ostean, indusketa-lanetan jarraitu dute eta beste gizabanako batzuen gorpuzkiak aurkitu dituzte. Multzoan ehortzirik aurkitu dituzte, hobi komun bat izan daitekeen seinale.

Lehenengo hezurduran, botoi batzuk aurkitu dira, Karlistaldietako armada liberal edo gobernuzalearenak izan daitezkeenak. Horietako batek, koroaren eta lirio lorearen irudiak dauzka eta Chinchilla idazkuna irakur daiteke. Botoi gehiago eta egoera txarrean zeuden txanponak ere aurkitu dituzte.

Hala ere, aurkikuntza hau ez da kasualitatea. Lehenengo Karlistadan, Begoña hautatu zuen Zumalakarregik artilleria-bateria bat kokatzeko Bilboko setioaldian. Orduz geroztik, santutegia gotorleku bihurtu eta bonbardatze etengabeen xede bilakatu zen. 

Agirietan, Begoñako hilerrian lehenengo karlistalditik izan ziren lurperatzeak dago jasota. 1836an, adibidez, batalaoi karlistako 168 pertsona lurperatu zituzten. Espero da aurkitutako froga hauek ez izatea azkenak eta horregatik indusketa lanak aurrera jarraitzen dute. Ikerketa lanak jarraituko dute, hilerrian bertan eta artxiboetan. Aurkitutako materialak eta gorpuzkiak, analizatutakoan, Bizkaiko Arkeologia Museoan gordeko dira. 

Ikuskatzea gaur goizean

Paco Etxebarria eta Lourdes Herrasti osteoarkeologoa izan dira gaur goizean Begoñako hilerrian hobia nola desobiratzen den ikuskatzeko. Juantxo Agirre, Aranzadi elkartearen idazkari nagusia, eta Anartz Ormazaeta Carmen Coch, ‘Begoñako Argia’ proiektuaren arduradunak egon dira haiekin batera. Baita ere Asier AbaunzaBilboko Udalaren Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Saileko zinegotzia.