Begoñako hilerrian 2021eko urrian hasitako Begoñako Argia proiektuari amaiera eman diote. Aranzadi Zientzia elkartea izan da proiektua aurrera eraman duena eta hasiera batean aurreikusita zeuden 1.000 gorpuen boskoitza aurkitu dituzte. Bigarren fasea ekainetik aurrera burutu da eta ia 2000 gorputz aurkitu dira.
Hilerrian bertan, agur ekitaldi bat burutu zuten astelehenean. Aranzadi elkarteko bi kidek aurreskua dantzatu eta lore-eskaintza bat egin zuten. Horrekin batera ahots-laukote batek Agur Jaunak abestu zuen.
Juantxo Agirre Aranzadi zientzia elkarteko idazkari nagusia, Anartz Ormaza "Begoñako Argia" proiektuaren koordinatzailea, eta Aranzadi zientzia elkarteko arkeologo eta antropologoak egon dira agurrean, joandako hilabeteotan proiektuan lanean jardun dutenak. Bestalde, hilerrian hurbilekoak edo maiteak ehortzita izan dituzten zenbait familiatako kideak egon dira. Udaletik Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Saileko zinegotzia eta Yolanda Díez Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotzia joan ziren.