Xabier Ugarte deustuarra Australiatik

prestaldizkaria 2012ko ots. 8a, 17:59

2010eko irailetik bizi da Xabier Ugarte deustuarra Australian, Sidney hiriburuan. 27 urteko gazteak adierazi digunez, "gizarte anglosaxoien baloreak oso diferenteak dira".

Zein asmogaz joan zinan Australiara?

Orain dala urte mordoa buruan bueltaka ibili dodan abentura da, txikitako amesa egia bihurturik. Asmo edo helburuak danetarikoak ziran hasikeran: ingeles-maila ona lortu, kultura ezbardinak ezagutu eta beste munduagazko ikuspegia eragitea. Gero bidean zehar, erronka eta helburu barriak agertu dira, bidaia hasitakoan pentsau ezinak zirenak eta horrek egia bihurtu guran burrukatzen nabil orain.

Bakarrik ala norbaitegaz etorri zinan?

Bakarrik etorri nintzan, ez neban inor be ezagutzen. Herrialdearen gainean asko irakurri neban etorri aurretik baina seguru nekian eta neukan bakarra, ingelesa ikasi behar neban eskolaren izena, etxean hartuko ninduen familia australiarraren helbidea eta «Gure Txoko» Euskal Etxea non egoan!!! Azkenengo hori oso erabilgarria izan da!!!

Noiz arte egongo zara bertan?

Berez sei hilebeterako etorri nintzan eta kontua luzatuz doia eguna joan, eguna etorri. 16 hile ja Euskal Herritik kanpo eta egun berezi batzuetan gogorra egiten dan arren etxetik 17.000 kilometrora egotea, oso lan proposamen interesgarriak jaso barri dodaz eta hamen jarraitzeko asmoa dot, beste hilebete batzuk behintzat.

Australian zehazki non zagoz?

Sydneyn nago. Oso uri zabala da eta ni konkretuki «Iparraldeko Hondartzak» deritxon zonaldean bizi naz, Dee Why izeneko herrian, urigunetik ordu erdira bai autobusez, bai barkuz. Herriak hondartza dauka eta oso giro nasaia eta surflaria dago, Australiako herri gehientsuenetan lez.

Zer ikasi dozu eta zertan zabiltza beharrean?

Sarrikon egin nebazan Enpresa-ikasketak eta horren ostean bulego baten ibili nintzan beharrean hona etorri arte.

Zein da zure egunerokotasuna han? Kontau ohiko egun bat zelakoa dan...

Hasikeran, ingeles-eskola baten nengoan eta unibersidadeko ikasle-bizitzara bueltau nintzan apur batez. Gero, hainbat behar topau eta eurek buztartuz ibili naz hilebete luzez: administrazino-lana, barman Sydney badiako kruzeroetan, lorazain-lanetan, baita bidaiak tartetuz noizean behin Australiako hainbat tokitatik. Hamen egun gehienak, ia egunero, ezbardinak dira, beti dago zer edo zer barria, beraz esango neuke, errutinak edo egunerokotasunak oraindino ez nauela harrapau, agian horrek mantentzen dau pitzdurik hamen jarraitzeko grina.

Apartamentu batean bizi zara ala etxe batean? Konpartitua? Zenbat lagun? Nongotarrak?

Oraingoa hirugarren etxea dot etorri nintzenetik eta badira 9 hile hamen nagoala. 87 urteko oso andra berezi eta adoretsuagaz bizi naz mundu osoko bost ikaslegaz batera. «Honelakorik ez dek edonon topatzen, ez daukek desperdiziorik!» izan ziran atzo etxera etorri ziran hiru lagun euskaldunen berbak. Zelan ezagutzen naben!

Zer izan da egokitzapenean gogorrena?

Egokitzapena pentsautakoa baino errazagoa suertau jaten hasikeran, baina denporaz ohartu naz gizarte anglosaxoiek daukiezan baloreak hain dirala diferenteak geureakaz alderatu ezkero, ezen ez baita bape erraza euskaldunontzat bertan integretea.

Zein hizkuntza erabilten dozu bertan? Esan nahi dot, ingelesaz gain bada beste hizkuntzarik zeure inguruan? Hartu-emanik izan duzu?

Ingelesa da erabiliena baina euskera eta gaztelera be erabilten dodaz, batez be «Gure Txoko»-ra noanean.

Hangoek badabe Euskal Herriaren barri? Badakie non gauden eta zertan?

Danetarik dago, batzuek badakie, beste batzuek ez, baina ez ekienari argi geratu jakon aurreko zapatuan «Sydney Festival»-go lehen egunean Manu Chaok emondako kontzertuan. Milaka eta milaka lagunez betetako parke batean ikurrina izan zan protagonista, Manu Chaoren laguntza ezin hobeaz. Eroan genduzan ikurrina biak bakarrak ziran jentetzaren artean, ez egoan besterik eta goxo astindu genduzan Sydneyko zeruan, pantaila erraldoiek ederto erreparau eben horretan. Gero Manuk bat hartu eta eszenatokian kulunkatu eban. Ilenean emon eban kontzertuan be, irudia antzekoa izan zan, ederra benetan!!! Beraz, Sydneyk euki dau geure barri beste behin, Korrika egunean egin genduan erakustaldiaren ostean.

Bertako indigenakaz harremanik izan dozu? Zelakoa izan da esperientzia?

Ez da bape erreza. Australiar aborigenak zoritxarrez ez dagoz gizartearen egunerokotasunean, ezabatu egin ditue. Hainbat eta hainbat erail ditue inbasinoaren egunetik, 1788ko urtarrilen 26tik, gaur egun «Australia Day» deritxon eguna da, «Invasion Day» izan ordez. Mende biko prozesuaren ostean, kolono ingelesak esklabutza bai fisiko eta, batez be, intelektuala probestuz, guzurregaz batera, gaur egun existitzen dan zibilizazinorik zaharrena betiko hilteko zorian dagoz.

Testua: Adriano de Mata