Luis Angel Gaintza: “Gazteek eraman beharko lukete gidaritza, betiko lau zaharren ordez”

prestaldizkaria 2012ko mar. 2a, 12:56

Sei urte eman zituen nabigatzen (Terranovan, besteak beste) eta petroleroetan lanean. Ezkondu eta deustuartu zen Gaintza. Harrezkero gogor aritu zen euskara eta euskal folkorearen alde lanean Deustuko ikastolari oso loturik. Azkenaldian, paperei loturik dago, artxiboetara eramaten ditu Deustualdean sortzen diren dokumentuak eta sailkapen lanak egiten ditu Labayru institutuan beste deustuar batzuekin batera.  

Deustuar eta bilbotar sentitzen zara, zelan da posible hori?

Ibeni kaikoa naiz jaiotzez, bilbainito de pro. Angula onenak harrapatzen ziren bertan eta bazen taberna bat munduko izkira goxoenak ematen zituena. Andrea Deustuko Erriberakoa dut eta berak ekarri ninduen hona. Bihotza tomateroa dut, bestea ahaztu gabe, noski.

Gutxik jakingo dute itsasgizona izan zarela.

Itsasontzietako makinista gisa eman nituen sei urte lurra zapaldu gabe. Pentsa, lehen bidaia Terranovara egitea egokitu zitzaidan! Gero komertzial bezala aritu nintzen, duela zortzi urte jubilatu nintzen arte. Harrezkero ez dut denborarik, inork ez diezadala ezer ere eskatu ez baitut ezertarako denborarik. Ortuan eta animaliekin erlaxatzen naiz.

40 urte daramazu Deustun bizitzen, zelan aldatu da Deustualdea azken hamarkadetan?

Fisikoki, ikaragarri aldatu da. Hobera, ematen duenez. Kulturalki... Gu ikastolarekin hastean dena zen opakoa eta hala ere Olentzeroa eta San Ageda antolatzen genituen. Denok parte hartzen genuen elkarturik, batasun handia zegoen eta lanerako gogoa; gauzak egiteko nahia. Gaur egun, hainbeste alderdirekin sakabanatuago dago jendea.

Trikimailu ugari erabiltzen zenituzten.

Olentzeroa atera ahal izateko, aurretik, trikimailu gisa jaiotza irteten zen, hainbeste pertsona kamioi gainean, eta atzetik Olentzeroa.

Barretz, zer deritzozu egun Mari Domingi Olentzeroren ondoan agertzeari?

Denak hasi behar du uneren batean, eta orain emakumeen txanda da. 10 urte barru Mari Domingi erabat arrunta izango da.

Hasierako Santa Agedak ere oso desberdinak ziren.

Ikastolako umeak ez ziren kalera irteten kantatzera, etxe jakin batzutara joaten ziren eta bertan abesten zuten. Diru-kutxa eramaten zuten debekatuta zegoen ikurrinarekin eta ikastolarako dirua batzen zen horrela.

Deustuko ikastola aipatzen duzu behin eta berriro, zergatik?

Izugarria izan da ikastolak euskararen eta kulturaren alde egin duen lana. Pentsa, ikastola inguruko lantalde batek 1977an idazlan lehiaketa bat antolatu zuen eta Euskal Herri osoko 800 umek parte hartu zuten. Prentsa eta irratiaren babesa jaso genuen eta amaiera gisa jai handi bat izan zen Astoria zinean. Idazlanak Euskaltzaindiak gorde zituen bere funts bibliografikoan.

Kontzertu antolatzaile ere aritu zineten.

Euskal Herriko lehen makro kontzertua antolatu zuen ikastolak 1975. urtean San Felicisimo elizan. Franco hil berri zegoen eta ikurrina atera zen aldare nagusira. Lertxundi, Lete, Valverde, Iriondo, Mendibil eta abar ekarri genituen. Eskuin muturrekoen bonba mehatxu bat izan zen orduan eta ezer ere ez esatea erabaki genuen. Itzela izan zen, gehiegi; ezin genuen han bilduta jendetza kontrolatu.

Euskarazko antzerkia taularatzen ere aintzindari.

Gerra ostean euskaraz antzeztu zen lehen atzerkilana Deustuko Salesinoetan taularatu zuten Lourdes Iriondo eta Urnietako lagun talde batek, “Fabrika berria” zuen izena. Ikastola la hostia izan da, sekulako lana egin du.

Zuk txistu klaseak eman izan dituzu ikastolan.

Eskola orduz kanpo irakasten zen lehen txistua, orain 40 urte 100 ume genituen txistua ikasten. Eta klaseengatik ez zen kobratzen, pekatua zen horregatik kobratzea.

Zelan ikusten duzu egun txistuaren osasuna?

Txistu herrikoia, kalekoa, orain gabiltzanok desagertzean amaituko da. Bilbon 15, 20 bat zahar baino ez gara geratzen. Hori bai, kontserbatorioko txistua oso ona da.

Orduan ez dago txistuarekiko interesik?

Umeek eta gurasoek nahiago dute futbitoa, pintura... Gaintza bat beharko litzateke eskolaz kanpoko ekintzei bizitasun apur bat emateko.

Zure iloba nagusiak aititeren pausoak jarraitu ditu.

Bai, aurten lehenengoz Santa Agedan txistua elkarrekin jo dugu, poza eta harrotasuna ematen dit tradizioarekin jarraituko duen norbait izatea familian.

Oro har folkloreak behera egin duela deritzozu?

Plazako dantzek, adibidez, gora egin dute. Bihotz Alaik lan handia egin du arlo horretan. Kantugintza ere berpizten ari da, hileko bigarren larunbatetan 200, 300 lagun inguru elkartzen gara Bilbon. Berpiztea izan da, baina gazteek eraman beharko lukete gidaritza, betiko lau zaharren ordez. Ordezkatuak izan beharko genuke. Gure ereduak balio beharko luke.

Gazteak erreleboa hartzeko prest al daude?

Gazte nahiko daude bai politikoki bai kulturalki konpromisoa hartuta, baina gutxiengoa dira. Guk, inolako trebakuntza gabe ikastolak, dantza taldeak eta mendi taldeak sortu genituen Francoren garaian, dena tabua zen garain. Etsai bakarra genuen, hori gauza ona zen, eta denok elkartaruik geunden.

Zerk amorratzen zaitu?

10, 12 urtereki, Escolapioetan propaganda subersiboa mahaipean topatzen genuen, bertan sartzen zizkiguten paperetan. Asko balio zuten paper haiek, eskuz esku pasatzen genituen. Gaur egun, herriko taberna, batzoki, kultur znetroetan 500 papertxotik gora sobera daude. Ez dutela balio diote, birziklatzeko direla. Ezin dut hori ulertu. Lehen papertxoak urrearen parekoak ziren.

Amorratu arren, beti umore onez zu.

Maitasunez eta poztasunez tratatu behar da jendea, jodituta gaude bestela.

SAKONEAN

“35 urte daramat memoria historikoa egiten”

Noiztik ari zara dokumentuak biltzen artxiboetan gordetzeko?

1977an ezagutu nuen Juan Jose Agirre, Lazkaoko artxiboko arduraduna, eta benetako rebulsiboa izan zen. Ordutik pentsatzen dut Euskal Herriko edozein paperk gordeta egon behar duela. Gure historia ezin dute beste batzuk kontatu, guk baizik. Zerbait jakin nahi duenak Euskal Herriko historia garaikideari buruz Lazkaora joan behar du, erreferente bat da.

Zenbat material eraman duzu Lazkaoko benediktarren artxibora?

Behin 10 tonako kamioi bat eraman nuen. Ez dakit zenbat aldiz egin dudan beratarako bidaia. Azkenean beste monje bat banintz bezala hartu nindute.

Memoria historikoa han eta hemen aipatzen da. Zer deritzozu egin den lanari?

Orain ari dira, bai, bada nik 35 urte daramat memoria historikoa egiten. Gerra zibilean eta frankismoan gertatua atera beharra dago.

Azken zazpi urteak astelehenero Labayruko artxiboan eman dituzu. Zertan?

Bazkide kolaboratzaileak gara 10 lagun, horietatik zortzi deustuarrak, ikastolako kideak, eta Labayruko artxiboa sailkatzen dihardugu: kartelak, paperak, propaganda, pegatinak, aldizkariak, 1700 eta 1800. urteko dokumentuak... oso gustura egiten dugu lan, ederto pasatzen dugu.

Testua: L.M

Elkarrizketako argazki gehiago hemen