Bidaideak: asko egiteke

prestaldizkaria 2012ko mar. 2a, 13:36

Haserre dago urritasuna duten pertsonen komunitatea, administrazioarekin batik bat, baina baita enpresariekin eta gizarteko hainbat eragilerekin ere. Oinarrizko eskubideak oraindik orain bermatu gabe dituela eta krisi ekonomikoak beren kideen egoera prekarioa okertu baino ez duela egin salatzen du.

Hogei urte bete ditu Euskadiko Elbarrien Elkarteak, Bidaideak elkarteak, eta haserre daude bertako kideak, oso. Deustun duten egoitza nagusian hartu gaitu elkarteko koordinatzaile den Txema Alonsok, Agirre lehendakariaren kalean. Hitz egiteko premia du eta barrua hustekoa: “Kolektiboa amorratuta dago eta elkarteoi dagokigu amorru sozial hori bideratzea onarrizko zerbitzuak, gizarteko gainontzeko kideek bermatuta dituztenak, eskuratzeko. Politikoei ikusarazi behar diegu eskatzen ditugun prestazioak funtsezkoak direla elbarriak berdintasun osoan jarduteko; ez gara ari prestazio osagarriak eskatzen. Gure amorrua akzio bihurtu behar dugu aldaketak eragiteko. Estrategia berriak behar ditugu krisiaren sorrerarekin zerikusirik ez dutenei prestazioak ez murrizteko”.

Azken 20 urtetan lorpenak izan direla aitortzeko ez du arazorik Txemak. Baina pastel gainean belak jarri ordez, “zer egin” pentsatzeko ordua dela uste du. Orain bi hamarkada elkartea “desagertzeko asmoz” sortu zen Deustun, “helburuak lortzean”. Aurrerapenak izan diren arren, oraindik orain ez dute frente bat bera ixtea lortu. Irisgarritasuna, enplegua, prestazioak, sentsibilizazioa, babes sistema… frente guztiek zabalik diraute.

Dependentzia Legearekin itxaropenari lehio bat zabaldu zion elbarrien kolektiboak orain bost urte. Gaur egun aldiz, legearen aplikazioa geldi dagoela-eta, etsipena nagusi da Bidaideak elkartean. “Gure kolektiboaren benetako beharrizanak kontutan hartzen zituen legeak: laguntza pertsonala, etxerako laguntza, bizitza independentea egiteko laguntza… aurretiaz existitzen ez ziren oinarrizko prestazioak ziren. Orain guzti hori bertan behera geratu da. Kolpe handia izan da guretzat”.

Lanerako zailtasunak   

Eguneroko bizimodua kalitatez egitea zaila badute, soldata baten truke lan egin ahal izatea gaur egun zailtasun are handiagoa da. “Ezinezkoa” dela deritzo Nando elkartekideak. “Elbarria zarela ikusten dutenean, zutaz paso egiten dute”, dio ahoz gora. “Bigarren mailako lanpostuak” eskaintzen dizkietela uste du Ainhoak, “beti soldata txikiko lanpostuak”. Teleoperadore lana eskuratzeko aukera izan zuen berak: “Nik egin ahal nuen lan hori, baina esan zidaten postu hori ez zela elbarrituen kolektiboarentzat. Baztertuta sentitu nintzen”, eta kexa jarri zuen Ainhoak.

1982ko estatuko lege batek bermatzen du urritasuna duten pertsonen gutxiengo enpleguratzea. Legearen arabera, 50 langiletik gorako enpresetan lanpostuen %2ak pertsona elbarrituentzat izan beharko luke, baina oso gutxi dira lege hori betetzen duten enpresak. %20 baino ez, Bidaideak elkarteak esku artean dituen datuek diotenez. “Defizita oso garrantzitsua da”, Txemaren ustez, eta gainera, “doan irteten zaie enpresei”. Falta edota delito kasuetan, legeak ez baitu zigor sistemarik zehaztuta eta Lan Ikuskaritzari soilik aitortzen dio legearen zaintza egiteko ardura. “Eta Lan Ikuskaritzak ez du bitarteko nahikoa duen lan guztirako”.

Administrazio publikoaren borondate falta salatzen du Bidaideak elkarteak, bai legedia betearazteko bai gizartean aldaketak eragingo lituzkeen tresnak sortzeko. “Utzikeria dago estatuaren aldetik, ez du batere borondaterik. Urritasuna duten pertsonak babesteko legeak ez daude ondo diseinatuta, zentzugabekeria dira, eta sistema endemikotu baino ez dute egiten”. Premiazkoa deritzo elkarteak enpresek urritasuna ulertzeko duten era aldatzeari eta horretarako “sentsibilizazio kanpaina egokiak” eskatzen ditu.

Izan ere, urritasuna duten pertsonen langabezia tasak hirukoiztu egiten du EAEko batazbesteko langabezia tasa. Lanean diharduten elbarritu gehienek administrazioarentzat egiten dute edota “giro babestuetan” egiten dute, hau da, urritasunaren eremutik sortutako enpresetan. Gainerakoek enpresetan, “apenas egin dute aurrera”. Zergatik? Alonsoren iritziz, “konpainia nagusien kultura ez da inklusioaren aldekoa”. Enpresa pribatuak “estereotipoetan oinarritutako aurriritziak mantentzen ditu eta urritasuna duten pertsonak ez produktibo bezala ikusten ditu”. Baina errealitatetik urruti dago ideia hori. Elbarrituek lanpostura egokitzeko laguntza apur batekin ondotxo erakutsi baitute lanerako gaitasuna. “Egokitzapena baino ez dute behar”.

TXEMA ALONSO, Bidaideak elkarteko koordinatzailea: "Irisgarritasunak denon ondare izan behar du"

 Zelan eragin dio urritasun duen kolektiboari krisi ekonomikoak?

Gizarteko sektore ahulenak kolpatzen ditu lehenik krisiak eta urritasunarena horietako bat da. Desagertzen diren lehen lanpostuak elbarrienak izaten dira.

Eta Rajoi presidentearen lan erreformak?

Atzerapena suposatzen du langile guztientzat, Frankismoko egoerara itzultzea. Burugabekeria da erreforma. 30 urtetik beherako gazteak azpisoldata kobratzera eta duintasunik gabeko lan baldintzetara kondenatuko ditu.

Zelako herria da Deustualdea urritasuna duten pertsonentzat?

Zerbitzu, instalazio eta egoitza asko bertan errotuta daude, Bilboko beste auzo batzutan baino gehiago kopuru aldetik, eta horrek ingurua sentsibilizatu du. Baina badira gabeziak ere, zentroak ez daude ondo hornituta.

San Inazioko kiroldegia urritasuna dutenentzat egokituta dagoen bakarra da Bilbon.

Bai, erabateko irisgarritasuna du eta egokitutako kirola praktikatzeko aukera ematen du.

Oztopo arkitektonikoak ugariak al dira?

Bai, egiteke dago oztopoak ezabatzeko plana. Batik bat, larriak dira auzogune batzutan etxebizitzetara sartu-iretn ahal izateko dauden traba bertikalak. Horrek auzokideen segregazioa sortzen du. Hau da, auzokide batzuk ezin dute beren etxetik irten. Gainera, gizartearen zahartzearen ondorioz, dozenaka pertsona daude egoera horretan.

Zein da proposatzen duzun irtenbidea?

Hasteko, Bilboko Udaleko prestazio sistema ez da egokia. Horretaz gain, arrunta da auzokideen arteko solidaritate falta, batez ere igogailua ezartzeko erabakia hartzea egokitzen denean. Irisgarritasunak denon ondare izan behar du.

Eta prestazioei dagokienez?

Egungo sistemak gabezia argiak ditu, batetik prestazio orduak ez direlako nahiko eta bestetik ez zaielako behar duten denei laguntza iristen.

Testua: L.M