Deustua, inpresionisten eszenatokia

prestaldizkaria 2012ko mar. 2a, 13:45

Egunotan erakusketa zoragarria zabaldu du Bilboko Arte Ederren Museoak. Anselmo Ginearen margoak daude ikusgai. Ginea bilbotarra izanik Deustuarekin lotura eduki ez ezik, Deustualdeko bazterrak islatu zituen bere margolanetan. Euskal pintura sustarretik aldatu zen unean Deustua eszenatokian zegoen.

Anselmo Ginearen erakusketa ireki dute Bilboko Arte Ederren Museoan. Larogei margolan ikusgai, ezagun nahi ezezagun, bilbotar pintorearen ibilbide artistikoaren onenaz gozatzeko. Lan horietako batzuetan Deustu eta inguruko parajeak ageri dira, gure begien gozagarri.

Izan ere, Gineak lotura estua eduki zuen Deustuarekin. Seme Isidoro, berau ere margolari, Deustuan jaio zen. Ondo ezagutzen zituen, beraz, gure bazterrak. Eta ez zen gurera hurreratu zen pintore bakarra. Semeaz gain, Adolfo Guiard ere Deustualdean bizi eta bertoko irudiak laga zizkigun bere koadroetan. Artistak ugari, beraz, eta ez bakarrik arratsalde pasa txakolindegietan, bakailaoa jaten eta pitxarrak husten, bohemioen bizimoduari dagokion legez.

Unea oso garrantzitsua izan zen. XIX. mendearen amaieran pintura akademizista zen nagusi Euskal Herrian, Hego zein Ipar. Baina daborduko abanguardiak abian zeuden Parisen, aitzindari, bide berriak urratzen. Eta haien oihartzunak gurera ere heldu ziren, berandu baina garaiz. Dario Regoyos eta Adolfo Guiard izan ziren giltzarriak.

Izan ere, arte akademikoaren ordez, egile bi horiek gai eta joera berriak ekarri zizkioten euskal pinturari: bizitza modernoa islatzea, naturalismoa eta argiaren erabilera. Baldintza horiekin, paisaiak egundoko garrantzia hartu zuen eta horrela irudikatu zuten biek euren margolanetan.

Eta paisaiari erreparatzen hasita, ingurukoetara jo zuten. Adolfo Guiard Larraurik (1860-1916) Deustuko Tellaetxe auzoan, gaur egungo San Inazion, etxea zeukan. Txaleta zen, Etxetxua izenekoa. Bertan sarritan egoten zen eta bertan margotzen zuen. Horren ondorio zuzena dira bere koadroetako batzuk itsasadarraren ikuspegiak izatea eta, batez ere, bere lan ospetsuenetako baten, krabelin gorridun baserritar gaztea, auzoko Asunción Ojinaga neskatila erretratatu izana, Errekaurti baserriko alaba.

Gineatarrak

Anselmo Ginea Ugaldek, (1855-1906) Guiard baino apur bat zaharragoa izanagatik, abanguardien eraginak jaso eta bereganatu zituen. Paisaiak pintatzeari hasieratik bertatik ekin zion, errealismotik, baina azken urteetan inpresionismoaren, puntillismoaren eta modernismoaren eraginez. Eta hor egin zuen topo Regoyos eta Guiardekin. Deustualdeari dagokionez, Parisetik bueltan, 1890 hamarkadan, Deustuarekiko lotura estua bere pinturetan islatu zen, nahiz eta gero Arratiak Deustuaren lekua hartu zuen, nekazari-giroko itxura idilikoa galdu ahala.

Anselmoren seme Isidoro Ginea Zugazaga (1893-1947) Deustuan jaio eta, aita bezalaxe, margolaria izan zen. Oso ospetsu egin zen 1920 eta 1930 hamarkadetan, batez ere arkatzaz erakutsi zuen trebezia zela medio. 2004an Donostiako Untzi Museoak Isidoro Ginearen lanen erakusketa paratu zuen ‘Euskal Kostaldea’ izenburupean. Hor ere Ibaizabaleko itsasadarrean margotutako lanak azaldu ziren.

Zerrenda luza daiteke, XX. mendearen hasieran euskal arteak ezagutu zuen bor-bor egoerak hamaika lan eder eman zuelako, horietako batzuk gure herriarekin lotutakoak. Antonio Gezala, Arruetarrak… artea, paisaia eta herria elkartu ziren garaiaren emaitzak.

Testua: H.O

Argazkiak: www.museobilbao.com