"Sidecar arima" ikuskizuna eskainiko dute gaur (martxoak 13) Arriagako Foyerean, 20:00ean, Harkaitz Cano eta Beñat Barandiaranek. Lehenegoak Leonard Cohen eta Mario Benedettiren testuak irakurriko ditu eta bigarrenak bere gitarrarekin doinu flamenkoak zein heavyak interpretatuko ditu.
Bi zenbakiarekin lotutako ibilgailua da sidecarra. 50. hamarkadan arrakasta handia izan bazuen ere, harrapatzen zuen abiadura eskasa izan zen bere perdizioa. Bizitza bakarkako lana dela diote, baina noiz edo noiz binaka jartzen garela argazkietarako. Batzuetan -gutxiagotan- bidaia konpainian egitea ere lortzen dugu tarte batez.
Hori da, hain zuzen ere, "Sidecar arima" emanaldian Beñat Barandiaran eta Harkaitz Canoren ahalegina: lehenak jarriko du kitarrekin duen maisutasuna -flamenkotik hasi eta heavy musikarainoko paleta zabal eta malguan-, eta bigarrenak poemak, diario zatiak eta bestelakoak irakurriko ditu bere ahotsean, testu propioak Leonard Cohen edota Mario Benedetti bezalako egileei lapurtutakoekin tartekatuz. Spoken Word deritzonaren barruan sartuko genukeen emanaldia, funtsean, ordubete eskaseko bidaia lisergiko-inpresionista sotila, han eta hemen umore printza txikiak barreiatuak dituena.
Martxoak 13, asteartea, 20:00ean, Arriga Antzokiko Foyerean