uriola.eus

Ion Olanoren iritzia: ‘Gutxienez bi’

Euskal Herrian Euskaraz erakundearen bitartez heldu zaigu aldizkarira Ion Olano idazlearen iritzi testu hau. Interesgarria iruditu zaigu euskarari buruz egiten duen hausnarketa.

‘Gutxienez bi’

Ez dakigu oso ongi nola, baina euskara bizi da. Zergatik? Batek daki. Ez daukagu oso argi zertarako, baina euskara bizirik dago. Ez mirariz, Mariren borondatez ezta ere. Euskaldunok bizi dugulako bizi da euskara. Bizia ematen diogulako darabilgun bakoitzean.

Bizirik egotea ez da gauza ona, berez. Axola du nola bizi garen, zertarako erabiltzen dugun euskara nahiz bizitza. Hizkuntza bat ez da bizi, berez; hiztunek bizi dute, aditzen eta ulertzen dutenek. Inork ematekotan, euskaldunok emango diogu bizia euskarari, eta euskarak hartuko du bizitasun hori.

Batek daki zergatik, baina batek bakarrik ezin du euskaraz bizi. Beti beharko dira gutxienez bi. Orain bezala, zu eta ni. Izan ere, harremanetarako ez bada, zertarako da euskara?

Bizitza zaila da, eta zailak dira harremanak, noski. Ez delako erraza ematea, ezta hartzea ere. Edonola, euskaldunok bizi gara. Eta euskara bizia nahi badugu, argi dago zer egin behar dugun: ibili eta erabili. Ez geratu isilik. Isiltzen den hizkuntza beti egongo baita hilik.

Euskaraz bizi eta euskara bizi: bizitza luzea eta hobea euskarari!

 

Ion Olano Carlos, idazlea

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa