Bilduk Sarrikoko zentral termikoak sortu dituen kezkei erantzuteko eskatu dio udalari

prestaldizkaria 2012ko mar. 20a, 17:08

Joan den ostiraleko bilerako parte-hartze handiak Sarriko auzoan dagoen kezka nabarmentzen du.

Bildu Udal Taldeak, Udalak Sarrikon eraiki nahi duen zentral termikoaren inguruan joan den ostiralean egindako bilera irekiaren balorazioa egin du. Aitziber Ibaibarriaga zinegotziaren iritziz, asistentzia handia egon zen eta aretoa txiki gelditu zen, “gai hau sortu duen alarma nabariaren islada da”.

Bilduren bozeramaileak udalari zuzenean eskatu dio auzoan dauden kezka ugariei erantzun diezaiela eta lehenbailehen argitu dezala zein zentral mota eraikiko den Sarrikon, gasak kaleratzeko zenbat tximinia izango dituen, “eta batez ere, zergatik hautatu dute sistema hau eta ez beste bat eraginkortasun berdina izan dezakeena eta kutsakorra ez dena”.

Ibaibarriagak bilera arrakastatsua izan zela esan du, “gai honi buruz zalantza eta kezka ugari daudela ikusi ahal izan genuen”. Bileran ehun bat pertsona egoteaz gain, kaltetutako auzoetako ordezkariak egon ziren. El Canal, Arangoitiko Bihotzaran, Deustuko Erriberako Euskalduna Zubia elkartea, Deustuko Familia Batuak elkartea eta Basabeko bizilagunak bertaratu ziren, azkenengo hauek zentral termikoaren eragina zuzenean jasoko dutelarik.

Bilduko zinegotziak bertaratuen artean Hirigintza saileko zuzendaria zegoela esan du, “bizilagun moduan bere esanetan, eta nahiz eta hitza hartzeko aukera eman genion, ez zuen hartu nahi izan eta guk esaten genuenaren inguruko notak hartzera mugatu zen”.

Egun, El Canal Auzo Elkarteak publikoki zentral honen aurka agertu izana eta elkarte hauen guztien artean elkarlana hasteko data bat finkatu izana, hau da martxoak 26an, “agerian uzten du gai honek sortu duen alarma” azpimarratu du Ibaibarriagak.

Bileran Bilduk jaso zuen sentsaziorik nagusiena udalak informazioa ezkutatu duela izan zen. “Iritzi berdinekoak ginen, bai gu, bai elkarteak eta bai bizilagunak. Alde batetik, zentral termiko honen benetako izaeraren inguruan informazioa sistematikoki isilarazi egin dela aipatu zen, eta bestetik, distritoan antolatutako bileran egondako hainbat pertsonek azaldu zuten zentral honen izaera kutsakor eta zaratatsuaren inguruko aipamenik ez zela egon” esan du Ibaibarriagak.

Bilduk mahai gainean jarri zuen alternatibak esploratu behar direla eta batez ere kutsakorrak eta kalterik gutxien eragingo dituzten proposamenak.

Ibaibarriagak gogoratu du, Bilduk gaia 28ko udalbatzarrera eramango duela eta babesaz gain informazioa jasotzea espero duela.