Kukubiltxoaren azken lana ikusgai asteburuan Pabiloi6n

prestaldizkaria 2012ko mar. 21a, 11:29

Kontsumoaz hitz egiteko maskaren jolasaz baliatu da Kukubiltxo antzerki konpainia bere azken lanean. Estreinatu berri dela, taularatuko dute asteburu honetan Deustuko Erriberako Pabiloi 6n. Martxoaren 24an 20:00ean eta martxoaren 25ean 19:30etan. Sarrera, 12eurotan.

Kukubiltxo konpainiak aste honetan bertan estreinatutako ‘Oilo hilak’ obra eszenaratuko du Pabilioi 6n, bertan behera gelditutako ‘Sekula bai!’ antzezlana ordezkatuz. Hitzik gabeko lana gauzatzeko, maskararen jolasaren inguruan burututako ikerketa sakona burutu du konpainiak, zeregin horretan Nicole Wolf eta Familie Flöz taldeko Thomas Rascherren laguntza izan dutela.

‘Oilo hilak’ maskararen jolasarekin baliatzen da kontsumoak gizakiarengan duen eragina irudikatu eta parodiatzeko. Oiloak iratzarrita egitera behartzen badituzte arrautzak jartzeko, gizakiok loezina dugu antsietatearen zigorra. Hitzik egin gabe eta umoreaz baliatuta, hainbat gai proposatzen ditu konpainiak, hala nola, giza-eskubideak askatasuna dakarten edo kate bat diren edo besteekin konparatzeak zoriontasuna edo zorigaitza dakarren.

Elbis Rever bikoteak Udaberria Zawp Festibalaren barne larunbatean (21.30) emango duen kontzertuarekin osatuko da asteburuko egitaraua. Elbis Rever Bilboko musika proposamen bitxienetarikoa da, beraien doinua “neo-techno post-modern dance noise post contemporary pop” bezala izendatu baitute, hau da, dantzarekin bateragarriak diren baliabide guztiak erabiltzen dituen dantzarako musika garaikidea. Beraien saioak kaotikoak, sexiak eta berezkoak dira.