Bilboko eta auzoetako ondarea sarean jada

prestaldizkaria 2012ko mar. 27a, 11:04

BILBAO IZAN egitasmoaren web gunea abian da. Ondarearen hedapenerako programa hori 2005ean abiatu zen, Hiriaren ibilbide historikoa, bertako pertsonaia ezagunak, ondare artistikoa, hiri egituraketa, kaleak, txoko bereziak eta, batez ere, hiria osatzen duen auzo bakoitzaren historia berezia ezagutarazteko eta zabaltzeko helburuz.

Bilboko ondareari buruzko web gune berria, www.bilbaoizan.net, gaur goizean aurkeztu da Bilboko Udaletxean. Aurkezpen ekitaldian, Ibone Bengoetxeak, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Zinegotziak, eta Justo Ezenarrok, Kultur Programazio zuzendariordeak, hartu dute parte. Web guneak, hiriaren ondare arkitektonikoa jasotzen du, eta baita Bilboko kale izendegiaren historia ezagutzeko tartetxo bat, BILBAO IZANek argitaratutako aleak jasotzen dituen liburutegi birtuala eta argazki, ikus-entzunezko eta efemeride artxibategia ere baditu. Herritarrek hori osatzeko aukera izango dute.

Izan ere, ondareari buruzko atari berriak, Hiriaren historiari buruzko oinarrizko informazioa jasotzeaz gain, BILBAO IZAN programak lanean daramatzan zazpi urteetan jasotako ezagutza eta material guztiak ere biltzen ditu, eta herritarren partaidetzarako eta ekarpenetarako guneak ere gorde ditu, herritar horiek direlako, sarri askotan, hiriko txokoen berezitasunak eta iragana ondoen ezagutzen dituztenak.

Duela zazpi urte programa martxan jarri zenetik, 445 jarduera baino gehiago burutu dira, hizlari ezagunek emandako hitzaldiak, bisita gidatuak hiriko auzo guztietara eta eraikin berezietara, argazki erakusketak eta bideo emanaldiak. Jarduera horietan 57.000 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte. Horrez gain, Deustua eta Begoña auzoak oinez ezagutzeko bi gidaliburu eta “Bilbo eta bere auzoak: Historiatik begiratuta” bilduma argitaratu dira. Bilduma hori, Kultura eta Hezkuntza sailak, auzoen historian sakontzeko beren beregi agindu dituen ikerketak jasotzen dituzten bost liburukik osatzen dute. Bilduma benetako erreferentzia da, historiagile profesionalentzat zein Bilboren historian eta bilakaeran interesa duen edozein pertsonarentzat.

Ezagutza batuz

Horrela, Bilbao Izanen web guneak, 2005etik sortutako material guztiak batu eta Bilboren ondarea ezagutzeko interesa duten pertsona guztien esku jarri nahi du. Horrela, Bilbao Izanen web gunean, sortu den argazki eta dokumental material guztia batu da, eta baita argitaratutako liburu guztiak ere. Liburuak PDF formatuan jaitsi ahal izango dira.

Web gunearen argazki galerian, erakusketetan erabilitako argazkiak batu dira, 1983ko uholdeen, 25. urteurrenean, antolatutako “Lokatzetatik suspertu zen hiria” erakusketakoak besteak beste. Erakusketa hori 2008. urtean egin zen, eta 14.647 pertsonak bisitatu zuten. Horrez gain, galeriak, Bilboko ondare arkitektoniko eta monumental aberatsaren, eraikin berezien eta industria ondarearen erakusketa ere jasotzen du. Atal horretan, herritarrek euren antzinako argazkiak helarazteko aukera izango dute, hiriaren historia hobeto ezagutu ahal izateko.

Horrez gain, atariak kale izendegia ere badu, eta bertan, kale guztien izenaren jatorria, denboran zehar izan duten izen aldaketak edo, Bilboko Udalaren iritziz, hiriko kale edo plaza bati izena emateko pertsonen ibilbidea edo merituak  aurkitu ahal izango dira. Horrela, adibidez, Xenpelar kalea bilatzean (Miribilla auzoa), ‘Xenpelar’ bertsolariaren omenezko kalea dela azaltzen da, hori zela Juan Francisco Petrirena Rekondoren (Errenteria, 1835) ezizena: “Bere belaunaldiko bertsolarien artean, maisua zen dudarik gabe. Bertso-paperak aise zabaldu zituen lehena izan zen, eta, horregatik, honako esaera famatu egin zen: “Bertso berriak, Xenpelarrek jarriak”. Askotariko bertso eta doinuak erabili zituen, eta, oraindik ere, ezagunak dira.”

Eguneko efemeridea

Web gunean, hiritarren ekarpenetara zabalik dagoen “gaur bezalako egun batean” efemeridea jasotzen duen epigrafea ere badago. Izan ere, bere zazpi mendeko historian, Bilboko hiria hainbat gertakari historikoren, kulturalen eta sozialen lekuko izan da. Horietako batzuek nazioartean ere oihartzuna izan zuten eta, beste batzuk, berriz, bertako historian grabatuta bakarrik geratu dira. Horrela, martxoaren 26 bezalako egun batean, hainbat gertakari azpimarragarri gertatu izan dira: 1901: Banco de Vizcaya bankua fundatu zuten, Bilbon notario aurrean sinaturiko eskritura baten bidez, hamabost milioi pezetako kapitalarekin; Ángel María Ortiz Alfau idazle eta kritikaria jaio zen Bilbon. Bilbao egunkariko zuzendaria izan zen (1924) eta Lope Alaña y Errasti biolinista Bilbon, bere jaioterrian, hil zen (1926). Horrez gain, gaur bezalako egun batean, 1984an, Erriberako Merkatua jendearentzat zabaldu zuten berriz, 1983ko uholde larrien ostean eraberritu eta gero.

BILBAO IZAN programaren barruan, zenbait bisita ere egin dira Bilboko eraikin berezietara, Harino-Panadera edo Cadenas Vicinay enpresetako lantegietara, Sociedad Bilbaína izenekora, Ibaiganeko Jauregira edo Aburto Etxera. Aurten ere jarduera horrekin jarraituko da, herritarren artean arrakasta handikoa da eta. Aurreko bi edizioetan, ia 3.000 pertsonak hartu dute parte ekimen horretan. Baina, horrez gain, orain, web guneak hogei bat eraikinetara bisita birtualak egiteko aukera eskaintzen digu, Bidebarrietako liburutegira, Arte Berreginen Museora, Bilbao Artera eta zenbait ikastetxetara, Cervantes, Tomás Camacho edo Félix Serrano, besteak beste.

Bilboko ondare arkitektonikoari eta monumentalari buruzko atal hori osatzeko, Hiriko zenbait eraikinen beste argazki eta fitxa batzuk ditugu. Eraikin horietako batzuk eraikin historikoak dira, baina duela denbora gutxiago eraikitako higiezinak ere badaude. BILBAO IZANen web guneak, ondarearen aurrean interesa duen edozein pertsonak erabiltzeko tresna izan nahi du, eta ondarea era modernoan, irekian eta gertukoan hedatzea eta zabaltzea da bere helburua.