Maite Urzaa deustuarra Montrealetik

prestaldizkaria 2012ko mar. 30a, 12:37

2011ko abuztutik bizi da Maite Urzaa deustuarra Montrealen, bere hitzetan: "Montreal oso hiri lasaia da, eta kultura aniztasuna itzela"

Zergatik joan zinen Quebecera?

Urtebetez ikasteko asmoz etorri nintzen, eta bide batez bertoko kultura eta jendea ezagutzeko. Klaseak apirilean amaitu arren, maiatza amaiera arte geratzea erabaki dut, bidaiatzeko eta jendea agurtzeko.

Quebec-en zehazki non zaude?

Montreal-en nago. Quebeceko hiriburua Quebec hiria izan arren, Montreal hiririk garrantzitsuena da: Kanadako bigarren hiririk handiena da, milioi eta erdi biztanletik gora ditu. Hala ere, oso lasaia da eta gazte asko bizi dira, inguruetatik ikastera etorriak. Munduko leku guztietako jendea dago, kultura aniztasun itzela da. Adibide bat ematearren, metroan joatean ingurura begiratzea nahikoa da, konturatzeko ezkerrekoa Arabiakoa dela, eskuinekoa Asiakoa eta aurrekoa Afrikakoa.

Zein dira zure ikasketak?

Itzulpengintza eta interpretazioa ikasten hasi nintzen iaz Gasteizen, eta aurten Montrealgo UDEM unibertsitatean nabil bigarren urtea egiten.

Zein da zure egunerokotasuna Montrealen?

Egun guztiak dira ezberdinak, batzuetan klaseak goizez baititut, beste batzuetan arratsaldez. Egun guztiak ondo aprobetxatzen saiatzen naiz, hemen ohikoak diren

gauzak eginez, esaterako neguko kirolak, hemengo negua oso gogorra eta luzea baita. Klaseen ondoren, normalean lagunekin elkartzen naiz zerbait hartzeko, izotz gainean patinatzeko edota liburutegira joateko. Astean behin euskara-eskolak ematen ditut euskal etxean.

Apartamentu batean bizi zara ala etxe batean? Norekin?

Apartamentu batean bizi naiz, nirekin batera hona etorri den Ondarroako ikaskidearekin eta Tunisiako neska batekin. Hasieran, Tunisiakoaren ordez, Alemaniakoa bizi zen. Gure ohiturak ezberdinak izan arren, oso aberasgarria da elkarrekin bizitzea, egunero ikasten baitut haren kulturako kontu berriren bat.

Zer izan da egokitzapenean gogorrena?

Hona etorri aurretik jendeak esaten zidan egokitu arte lehenengo hilabetea oso gogorra izango zela, baina ez zen hala izan. Hasieratik izan nintzen gustura, eta jendeak ondo hartu ninduen. Hala ere, ezer aipatzekotan, hizkuntza aipatuko dut, frantsesa ikasteko asmoz etorri bainintzen eta heldutakoan ez bainekien askorik. Hemengo frantsesa ez da Frantziakoaren modukoa, hiztegi eta azentu ezberdina dute eta, beraz, hasieran ez nuen ia ezer ulertzen.

Zer hizkuntza darabilzu normalean?

Gehienbat frantsesez hitz egiten dut. Hemengo gehienek ingelesez eta frantsesez jakin arren, frantsesez erosoago sentitzen dira, gainerako iparramerikarrengandik ezberdintzen dituelako; izan ere, ingelesak etorri aurretik kolonia frantsesa izan ziren, eta ez dira kanadar sentitzen.

Badute Euskal Herriaren berri? Badakite non gauden eta zertan?

Munduko beste puntan egon arren, jende askok badu Euskal Herriaren berri, gure sentimendu bera baitute kulturari dagokionez: ez dira ingurukoen modukoak, ezberdinak direla diote, eta euren herrialdea izan nahi dute. Izan ere, hemen bi erreferendum egin dituzte, azkena 1996an, eta independentziarik lortu ez zuten arren, biztanleen %49,6 izan zen Kanadatik banantzearen alde. Horrez gain, Montrealen euskal etxea ere badago, inguruko euskaldunen topaleku (gehienak Ipar Euskal Herrikoak). Euskal Herriko ospakizunak egiten dituzte, baita euskal kulturarekin lotuta dagoen tailer ugari ere: euskal dantzak irakasten dituzte bi asterik behin, eta euskara astean behin.