Zazpi urte eta gero All Nighters´Club bere lehenengo diskoarekin dator besapean. Arangoitiko taldeak ahotsaren melodiaz jositako 10 abesti rockero eta indartsuak dakarzkigu.
All Nighters´Club ibilbide handia daukaten bost lagunek osatzen duten taldea da. “JuanPa (Sucio Sistema, Lumpen), Alberto (Elfo Negro, Pateando Porquería, Capsula), Naty (Penadas por la Ley) eta Pepo (Keats, Stropajo, Siroka) elkar batu eta abestiak ateratzen hasi ziren 2005eko bukaera aldera. 2006ko martxoan Iainengana (abeslariarenga) jo zuten musika grabatzeko. 2010ean, Pepok taldetik alde egin zuen Sirokan jotzeko eta Joseba sartu zen, gaur egungo baxularia. 2011n Naty aurreko taldearekin itzuli zen (Penadas por la ley) eta, bere ordez, Mikel (Maldon, Slam Stocker) sartu zen kitarra ritmikoan”, kontatu digu Iainek.
Egia esan, zaila egiten zait taldearen estiloa sailkatzea zeren eta iturri askotatik edaten du. Haiekin hitz egitean Gluecifer, Kuraia edota Governors bezalako taldeak aipatu nizkien eta haiek Faith No More, Pearl Jam edota Soundgarden bezalako taldeak gehitu zituzten. Emaitza: kitar indartsuak, bateria irmoa eta ahotsaren presentzia handia. Grabazioa auzoan egin dute “geneuzkan baliabideekin grabatu eta nahastu dugu diskoa Iainek lan egiten duen Deustuko Tala Estudiosen. Honi esker nahi izandako denbora eman dugu soinua borobiltzen, guztiok gustura geratu arte. Ekoizpen berezia bilatzen eman dugu ordu asko, baina zuzenean eskaintzen dugun soinua bistatik galdu gabe. Azkenean, oso gustura geratu gara”. Eta ez da gutxirako, oso soinu potente eta ona lortu baitute.
Ingelesez egiten dute. Iain, abeslaria, eskoziarra da eta hitzetaz bera arduratzen da. Eguneroko arazoen eta harreman pertsonalen inguruan idatzitako testuak dira: lagunak, lan erlazioak, bikoteak, jaia…
Industria musikalaren krisiaren testuinguruan zirkuitu alternatiboari musika eta sorkuntza dario, talde, eszenatoki eta irabazi asmorik gabeko zigilu piloa martxan daude. Basque Undergrounda sasoian dago eta All Nighters´Club horren isla da. Diskoa 20 urtez lanean daramatzan Fragment Records diskoetxe alternatiboarekin atera dute eta eskuratzeko zigiluaren web orriaren bitartez (www.fragmentrecords.com) eta honek estatu mailan antolatzen dituen hainbat jaialdietan aukera izango duzue. Bestetik, Deustuko taberna batzuetan (Izeki, Atxuri), edota taldearen facebookeko orrian (facebook.com/AllNightersClub) ere eros dezakezue “bost euroko antikrisi prezioaren truke”.
Orain “gure asmoa, diskoa ezagutarazteko zuzenean jotzea da, hemendik eta Bizkaitik kanpo posible den neurrian. Bideoklip bat egitea nahi dugu, diskoaren promozioari eusteko”. Auzotik gertu ikusteko aukera laster izango dugu diskoaren aurkezpen berezia egingo baitute martxoaren 23ean, Bilboko Rockstar aretoan. “Etortzera gonbidatuak zaudete eta All Nighters´Club taldearen disko batekin bueltatuko zarete Deustuko jaietara (je, je...)”. Zuzeneko potentea daukate eta diskoaren soinuarekin zintzoak dira, baina taldeek ez dute ahaztu behar kontzertuak taldearen arima eta emozioak azalarazteko erakuslehioa direla; askotan hobe da teknika alde batera uztea barruan daukazuna ateratzeko.
Rock´n´rollak hiltzen jarraitu behar du Kuraia taldearen esaldia gure eginez, bizitza luzea opa diogu All Nighters´Club talde lagunari. Zorte on!
Testua: Ivan Barrio