Irakasle Eskolako lursailen HAEO-PGOUren aldaketa behin behinean onartu du udalbatzarrak

prestaldizkaria 2012ko api. 20a, 17:07

Bilboko udaletxean ezohiko udalbatzarra izan da gaur goizean eta, besteak beste, Arangoitiko Irakasle Eskolako lursailen Hiri Antolaketarako Egitamu Orokorraren (HAEO-PGOU) behin behineko aldaketa onartu da. Erabaki honek bizkortu egingo du Magisteritzako eraikin zaharraren lekuan etxebizitzak eraikitzeko prozesua. Bilduk bere abstentzio botoaren inguruko azalpenak eman ditu.

Bildu talde politikoaren ustez Arangoitiko Irakasle Eskolako lursailetan altxatuko den proiektuari egin zaizkion aldaketek jatorrizkoa proiektua hobetzen dute. Hala ere Bilduk abstentzioa bozkatu du gaurko ezohiko udalbatzarrean. Prentsaurrean Aitziber Ibaibarriaga zinegotziak azaldu duenez, bi arrazoi izan ditu taldeak abstenitzeko. Bata "hirian dagoen etxebizitza huts kopurua ikusirik, populazioaren beherakadari gehitua gainera, eraikuntza berriak egitea beharrezkoa ez dela". Bigarren arrazoiak etxebizitza berrien eraikuntza kalitate irizpideekin du zerikusia. "Bai lursailaren maldarengatik bai inguru horretan dagoen zaratarengatik kalitatezko irizpide hauek betetzen ez direla uste dugu". Maldari dagokionean 37 metroko aldea dago lursailaren punta batetik bestera eta eraikinen diseinua baldintzatzeaz gain, pertsonen irisgarritasuna zaildu egiten du "dudarik gabe, elementu mekanikoak jarrita ere". Zaratei dagokionean, txostenak berak aitortzen du zarata murrizteko aplika daitezkeen bi neurrietatik batek ez duela eraginkortasunik izango eta beraz kalitate estandarrak soilik etxebizitzen barnealdean bete ahal izango direla. Ibaibarriagaren esanetan "pertsonei etxebizitza bat eskaintzeaz gain bizitzeko inguru bat eskaini behar zaie, eta honako hau ez da aproposena".