Sarrikoko zentral termikoa bertan behera geratu da oraingoz

prestaldizkaria 2012ko api. 20a, 17:52

Iñaki Azkuna Bilboko alkateak adierazi du Sarrikoko zentral termikoa "une honetan ez dela egin behar". Azkunaren ustez Zorrotzaurreko Kudeaketa Batzordeak ez die zentralaren inguruko informazio egokia eman auzotarrei.

"Informazio askoz hobea, askoz argiagoa eta eskuragarriagoa" eman behar zien Zorrotzaurre Planeko Kudeaketa Batzordeak Sarriko eta San Inazioko auzokideei zentralaren berri izan zezaten. Dena den, Zorrotzaurre Planak luze joko duela-eta, Azkunak Deia egunkariari eginiko adierazpenetan ez dio zentral termikoari aterik ixten etorkizunean: "Aurerrago izango da eztabaida zintzoa, argia eta informazio gehiagokoa zentrala ezarri behar den erabakitzeko, Zorrotzaurre ez da bost urtetan amaituko".

Zentral termikoaren harira, joan den astelehenean (apirilak 16) Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak prentsaurrean azaldu zuen zentralaren aurkako jarrera eta baita hainbat alternatiba aurkeztu ere. Besteak beste, itsasadarreko ura erabiltzeko aukera defendatu zuen eta energia geotermikoaren alde egin zuen.

Bildu Udal Taldeak erabakiaren "balorazio positiboa" egin du: "Udalak zein Zorrotzaurreko Kudeaketa Batzordeak ez du beste irtenbiderik izan gaiarekiko egindako kudeaketa txarra ikusirik. Azken finean egoera hau gardentasun eta parte-hartze faltari sor zaio".