Irene Barrena

prestaldizkaria 2012ko api. 27a, 11:58

«Herriek hizkuntzaren bidez helarazten dute kultura; beraz, hemen bizitzeko, ezinbestekoa dut euskara».

Zergatik eta zertarako etorri zinen Deustura?

Granadan (Espainia) Gizarte Hezkuntza ikasten ari nintzen eta hirugarren ikasturtean Séneca izeneko beka eman zidaten Bilbora joateko. Hasiera-hasieratik Deustun bizi izan naiz, San Inazion, eta beti euskaldunekin batera (une honetan, eibartar eta zamudioztar banarekin). Ikasteko aitzakiaz etorri nintzen, beraz, baina banuen beste motibazio asko ere. Esaterako, aitonaren aitona Gipuzkoatik Montijora joan zen apaiz. Barrengoetxea zuen abizena, eta herrian el vasco esaten zioten. Bertako emakume batekin maitemindu zenean, apaiz izateari utzi eta familia sortu zuen. Historiako uneren batean, baina, abizena moztu zioten, eta horrela geratu da gaur arte. Beraz, neurri batean, familiaren sorterrira etorri naiz.

Noiz arte izateko asmoa duzu?

Ez daukat itzultzeko txartelik. Uste dut ez duela zentzurik den-dena planifikatuta izateak, bizitzak buelta asko ematen ditu-eta. Dena planifikatuz gero, zailagoa da unean uneko aukerak baliatzea. Oraingoz hemen geratzeko asmoa dut eta kitto.

Zer deritzozu Deusturi eta deustuarrei?

Oso gustura nago Deustun, nortasun eta alde handiak baititu: leku ugaritako jendea zein bertokoak bizi dira, beraz bizikidetasuna dinamikoa eta aberasgarria da oso. Lasaia da eta, aldi berean, dibertitzeko egokia. Jendea apala eta irekia da. Hasieran Arangoitin ikasten nuelako bizi nintzen hemen, eta geroztik ez dut aldatu nahi izan. Gero eta jarduera gehiago egiten ditut auzoan eta gero eta jende gehiago ezagutzen dut.

Zertan zabiltza Deustun?

Goizez Gasteizera noa, unibertsitatera, Hispaniar Filologia ikasten bainabil. Bazkalordurako itzuli eta, gero, arratsaldero-arratsaldero, euskaltegira eta igerilekura noa. Beharrean ere banabil, lanaldi-erdiz, klinika batean. Aste barruan herrian bertan egiten dut bizitza; hala ere, egunero gauza ezberdinak egiten saiatzen naiz, hau da, gustuko ditudan gauzetarako denbora aurkitzen, denbora libre gutxi izan arren. Beharrezkoa dut, jarraitzeko kemena ematen baitit.

Zerk harritu zaitu gehien Deustun eta Euskal Herrian (onerako zein txarrerako)?

Hasieran uste nuen kultura eta hizkuntza ezagutzeko ahalegin handia egin beharko nuela, jendeak ez zuela nahiko ni euren kulturan sartzerik, baina erabat oker nengoen. Oraindik harrituta nago euskaldunek ikasten jarraitzera bultzatzean nautelako eta beti laguntzeko prest daudelako. Bestalde, aurreiritziak edonon izan arren, ez dut gustuko jendeak jaiolekuaren araberako irudia izatea nitaz, hots, «Extremadurakoa zara, beraz horrelakoa eta horrelakoa zara» pentsatzea.

Jaioterriko zer duzu faltan?

Familia, jakina. Familiaren hutsune handia igartzen dut. Herriko usaina… nekazaritza-usaina, lasaitasuna, jendearen berotasunaren hutsunea ere. Herrian guztiek dakite nor naizen, denok ezagutzen dugu elkar; hemen, ordea, ez dut nortasunik, eraikitzeke dut. Horrek alde onak ere baditu, baina batzuetan gogorra da.

Euskaraz ere primeran dakizu. Non ikasi duzu? Zergatik?

Euskaltegian hasi nintzen ikasten eta oraindik ere jarraitzen dut, hirugarren urtez. Euskara bertoko hizkuntza delako ikasten dut, eta hemen bizi nahi dudalako. Ez da posible leku batean bizitzea hizkuntza eta kultura ezagutu barik. Hemen euskara jakin gabe biziraun dezaket, baina bizitzea hori baino zera konplexuagoa da: errealitatea ezagutzea, ulertzea eta parte hartzea da. Horretarako hizkuntza ezagutu beharra dago, herriek hizkuntzaren bidez helarazten baitute kultura. Euskara egunero erabiltzen dudan arren (etxean, euskaltegian, lanean, ikaskideekin, idaztean…), ahalegin handiagoa egin behar dut. Izan ere, euskaraz hitz egiten hasi, baina nahiko erraz aldatzen dut gaztelaniara. Ez naiz ezer askorik esateko gai, edo agian bai, baina lotsatu egiten naiz… Espero dut egunen batean gai izatea. Dena den, dagoeneko badut pasadizo bitxia kontatzeko. Alzheimerdunekin lanean ari nintzenean izan zen: egokitu zitzaidan emakumeari gaztelaniaz egin nion, oraindik euskaraz ez nintzelako ausartzen, baina jaramonik ez zidan egiten. Gero azaldu zidaten gaztelania guztiz ahaztua zuela, eta euskaraz eginez gero bakarrik egingo zidala jaramon. Azkenean, bihotz hartu eta euskaraz egitean, hura poza, bai emakumearena eta bai nirea! Beraz, argi daukat: euskaraz jakitea ezinbestekoa da.