Berria zabaldu orduko zarratu zuten klinika zaharra 50 urteren ostean. Prestigioaz gain, V. San Sebastian klinikak bizia eman die kaleei, dirua merkatariei. Ekainetik askok igarri dute klinikaren itxiera. Botika Zaharrean, berriz, ikusteke dago zentro berriaren eragina noraino helduko den.
Hilabete batzuk pasatu dira Igualatorio Mediko Kirurgikoak (IMQ) ateak ireki dituenetik Botika Zaharrean eta Euskal Herri osoko klinika pribaturik handienak zeresana eman du gurean ere. IMQ Zorrozaurre handi bat ikus daiteke eraikinaren goiko aldean eta inguruko auzokide askok ez dute horren zergatia ulertzen. Orubea Botika Zaharrean dago. Zorrotzaurre, Zorrotza aurrean dagoen Erriberako zatia da, klinikatik bi kilometrora. Eneko Herran Erriberako auzo elkarteko bozeramailea da eta bere ustez, marka hori hartu izan dute askotan Kanala, San Ignazio, Botika Zaharra edota Deustuko Erribera izendatzeko eta ez dago ados klinikak aukeratu duen izenarekin. Zorrotzaurre kontzeptu berriarekin inguru horretako aztarnak ezabatu nahi dituztela uste du. “Ematen du klinika bizitzarik gabeko gune batean dagoela -dio- berreskuratzen ari diren zerbait dela eta bertoko auzokideentzat hori iraingarria da”.
18.000 metro karratuko orubea izaera propioa eta nortasun handia duen eremu batean dago eta bere eragin zuzena du inguruan. Skate pistak trafikoz inguratuta daude, errotonda ondoko parkinga kotxez beterik dago egunero, taxi geltoki berria sortu da beren-beregi klinikarako eta bazterretan zeuden berdegune txiki bakarrak aparkaleku bihurtu dituzte dagoeneko.
85 milioi euroko inbertsioa egin du IMQ-k klinika berriarekin. San Sebastian klinika zegoen orubea saldu gabe dago oraindik eta egoera horrek badirudi eskaintzen duten zerbitzuan eragin handia duela. Langile asko kexu dira, gaixo gehiago egon arren –Virgen Blancara joaten zirenak orain bertara doaz– kontratazio berririk egin ez dutelako. Orotara 350 langile dago plantillan eta hainbaten ustetan, kopuru hori ez da nahikoa dagoen eskaerari behar bezala erantzuteko. Larrialdietan itxaroten zazpi ordu baino gehiago eman duten kasuak ere jaso ditugu. Erabiltzaileen kexak, bikoiztu egin dira zentro aldaketarekin.
Erditze zerbitzua ere aldatu egin da. San Sebastian klinikan emaginek emakumeekin zuzenean egoteko aukera zuten haurra izan eta gero, tratua hurbilagoa zen eta orain ez da horrela. Erditze gelak txikiagoak izateaz gain, behin umea jaiota, amak beste solairu batera eramaten dituzte eta ez dute inolako harremanik erditzen lagundu dieten pertsonekin. Harreman estu hori galdu egin dela azpimarratu dute.
Hasierako “arazoak” izan direla aitortzen du ELAko Xabier Udabek. Kokapena eta lan egiteko modua “oso ezberdina” izakeran, “desdoitzeak” izan dira langileen eta kudeatzaileen artean. “Megazentro bat da, dagoen berriena, eta dirudienez denek nahi dute bertan operatu. Baina eguneroko martxak erakusten du benetan zelan funtzionatzen duen eta egunerokoak desdoitzeak daudela erakusten digu”.
Eragina, denbora kontua
Botika Zaharra, tailergunea, industriagunea da oraindik orain. Lonjaren bat edo beste saldu eta berritu da, baina ez dago klinika berriko erabiltzaileei espresuki zerbitzua emateko sortu denik, taxi geltoki berria salbu. Deustuko Jose merkatariaren esanetan, “ez dago enpresaririk Botika Zahar inguruan ezer inbertituko duenik epe laburrean. Kanala zabaldu eta uharte egiten dutenean izango da gune hori komertzialki interesgarri. Ordurako gehienok jubilatuta egongo gara”. Jabier merkataria iritzi berekoa da. Ez du uste berehalakoan igarriko dutenik aktibitate gorakadarik Botika Zaharrean. “10 urte gutxienez beharko dira”. Gerta daitekeenaren adierazgarri, Blas de Otero kalea, klinikatik hurbilen dagoenetako bat, hasita dago ondorio txiki batzuk nabaritzen. Kon- tsumoa “berpizten” hasi da azken hileetan.
Beherakada nabaria
Bizi-bizia zen eremua, askoz lasaiago ageri da joan den ekainetik. Rafaela Ibarra kalean ezinezko zen autoa aparkatzea bigarren lerroan ez bazen. Gaur egun posible da lekua aurkitzea. “Espaloia eta errepidea erdi hu-tsik” ikusten ditu Rementeria lore-dendako Aitorrek egunero bere dendako erakusleihotik. San Sebastian klinikaren itxieratik “%30-40 artean jaitsi dira Rementeriako salmentak. “Lore-sortak eta zentroak asko saltzen ziren lehen, jaiotzen ondoren opari-tzeko erosten zituzten, eta horixe da gehien jaitsi dena”. Batik bat uztailetik aurrera igarri du Aitorrek “askoz mugimendu gutxiago”. Izan ere, krisi ekonomikoari Deustun motore ekonomikoa zen klinikaren itxiera batu zaio.
Dana-Onak are gehiago nabaritu du kaltea aurrez-aurre, hurbilen zegoen taberna izaki. %40-50 bitartean. “Kontsumoa izugarri jaitsi da”, krisi ekonomikoagatik, lehenik, eta San Sebastianen desagertzearekin gero. Ondorioz, Jabier gerenteak langile kopurua murriztu behar izan du. Klinikako langile eta ingresatuen senitarteko eta lagun asko zituen bezerotzat. “Auzora irteten ziren behar zutena kontsumitzera. Denetik zuten hemen, denborarekin zerbitzu asko sortu baita klinikaren inguruan. Tabernak, farmaziak, estankoak, banketxeak, supermerkatuak, garajeak... denok egin dugu lan ugari klinikari esker. Bizitza handia eman digu klinikak”.
Eguzki tabernak ere bezeroak galdu ditu, %30-40 inguru. Iaz IDOM enpresaren leku aldaketak kaltetu zuen Jose tabernaria, eta aurten San Sebastianenak.
Bolivar taberna izan da ixten lehena San Pedro inguruan. Kosta ala kosta azken hileak eman eta gero, behin betiko erabakia hartu zuten jabeek ekainean. Orain artean, Deustun erreferentziazko lekuak, atzetik etorri den beste norbaitek zabaldu ditu. Baina Joseren ustetan, egoera berriaren ondorioz, aurrerantzean “itxitako lokalak ez dira zabalduko taberna gehiegi baikaude jada”.
Arratsaldetako salmentetan izan dute beherakada California gozotegian. Pastak, teilak, eta trufak ugari saltzen zizkieten klinikara bisitan zihoaztenei. Asteburutan klinikako langileek bollo eta croisantak erosten zituzten bertan, “gaueko txandatik irteten zirenean”. Eta langileren baten urteguna zenean, “guk geuk erematen genizkien pastelak sukalderaino”, gogoratzen du Califoniako saltzaile batek. Uda ostean, ez dute galdutako bezerorik berreskuratzea lortu, nahiz klinika berria Deustun egon. “Botika Zaharra hortxe bertan dagoela dirudi, baina ez da horrela. Bezero leial gutxi batzuk etorri izan zaizkigu, eta datozenean hor behean gozotegi berria noiz zabalduko dugun galdetzen digute. Faltan gaituztela esaten digute”.
Lekualdaketa eta negozioa
IMQ ezin da kexatu. San Sebastian klinika Botika Zaharrera lekualdatzeko Bilboko Udalarekin sinatutako akordioa negozio borobila izan da aseguru pribatuarentzat. 2,3 milioi euro, Artxandan dagoen 25.000 metro karratuko lursail bat eta 117 zuhaitzen landarearen truke Udalak orain arte klinikak okupatu duen lursaila birkalifikatu eta luxuzko 117 etxebizitza eraikitzeko aukera oparitu zion 2009an IMQ enpresa pribatuari.
Akordioa 2009ko urtearen bukaeran sinatu zen, higiezinen burbuila lehertu baino pare bat urte lehenago, EAJ, PP eta Ezker Batuaren babesarekin. Deustuibarra-Zorrotzaurrerako Hirigintza Plan bereziaren lehenengo pausoak ziren eta Udal gobernuak edukiz bete nahi zuen, izen handiko enpresei erraztasunak emanez euren egoitzak zonalde berrira lekualdatzeko.
Horren baitan, kokatu behar da aipatutako higiezin operazioa. IMQ alde agertu zen proiektu horretan parte hartzeko, baldin eta Udalak klinikak okupatzen zuen lursaila birkalifikatzen zuen. Esan eta egin. Aseguru pribatuak luxuzko 117 etxebizitza eraikitzeko baimena dauka Deustuko erdigunean eta pisu horien salmentarekin erraz gaindituko du klinika berria eraikitzeko inbertitu dituen 85 milioiak. Berri eta aurrekoa baino askoz handiagoa egin eta, gainera, etekina atera. Hori bai negozioa.
Krisi ekonomikoak geldituta du San Sebastian klinika zaharreko orubean etxebizitzak eraikitzeko proiektua. Hutsik eta itxita, Dena-Ona tabernako Jabiren esanetan, “hilda” dago eraikina. “Erabilgarri izateko prestatu beharko lukete, baina epe labur eta ertainean ez dut uste posible izango denik”.
Rafaela Ibarra kaleko eta Madariaga etorbideko merkatariek klinika zaharreko obrek bezero berriak ekarriko dizkien itxaropena dute. “Lanek irauten duten bitartean langileak etorriko zaizkigu tabernara eta, obra bukatzean, bizilagun berriak”, dio Eguzki tabernako Josek.
Dena dela, jabetuta dago, bizirauteko aldatu beharra dutela. “Auzora egokitu behar dugu, ez dugu besterik. Baina Deustuko biztanleak nahikoa ez direnez egungo merkatariontzat, negozio asko itxiko dira, eta urte batzuk barru berregituratu egin beharko du Deustuko zerbitzuen sareak”.
Testuak: Borja Sarrionandia-Ibarra / Lur Mallea / Nerea Olaziregi