Zubiko etxola, arteleku

prestaldizkaria 2012ko urr. 30a, 16:32

Urte hasieran, Arte Ederretako fakultateko hainbat ikaslek ekimen berritzailea jarri zuten abian Deustuko zubiko etxolan. Haiekin izan gara, proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko.

Ideia, alde batetik, kalean bertan sortu zen: jende gehienarentzat etxola ikusezina zela konturatu ginen, dioskute Mawatresek eta Arantza Lauzirikak, proiektuaren koordinatzaileek. Eta, bestalde, «gatazkak» lagundu egin zien: Bilbon leku berri ugari eraikitzen dituzte, baina ez dago dirurik espaziook kudeatzeko; gure ustez, ordea, ez dugu areto hutsik behar, edukiak baizik. Etxola, Bilboko iragan industrialaren zati izanik, erabili gabe zegoen, eta guk berrerabiltzeko modua topatu dugu, kultura aktiboaren bidez. Gainera, beste leku asko baino egokiagoa da: txikiagoa da, aurrekontu murritzagoa behar du eta oso ondo kokatuta dago, bide erdian. Hala, erakusketak paratzeko dirua unibertsitatean lortu eta, artistei apur bat ordaintzeaz gain, materiala zein tailerrak ere ordaindu zituzten.

Orain arte sei erakusketa izan dira zubiko etxolan. Lehenengoa Laurita Siles eta Edurne Gonzalezek osatutako Komando Trinik egin zuen. «Gola zelaian, bakea lurrean; Evaristori omenaldia» zuen izena. Aurten, Athleticek bi final jokatu dituen garaian Bilbo banderaz josita zegoenez eta futbola mintzagai bakarra zuenez, hori iraultzea pentsatu genuen: Athleticen marra zuri-gorriei buelta eman, debekua adierazteko, eta La Polla musika-taldearen lelo ospetsua aukeratu zuten.

Bigarren erakusketa, «Informazio-etxola», Eider Egurenen eskutik etorri zen. Informazio adierazteko i hizkia eta Bilboko hainbat leku adierazten zituen planoa ipini zituen etxolan eta, Bilbon barrena, filosofo, politikari zein pentsalarien hainbat esaldi idatzi zituen. Gero, nahi zutenentzat, bisita gidatuak antolatzeari ekin zion. Hiriari beste begi batzuez begiratzea zen asmoa.

Hirugarren erakusketa Ainhoa Gilek egin zuen, Bilboko kaleetan topatutako lan-eskaintzak bilduz eta leihoetan itsatsiz; leloa, «larrialdietan apurtu». Jendea hiriko egoeraz jabetzea zen asmoa. Izan ere, estetikarekin harremana izateaz gain, artea inguratzen gaituenaz gogoeta egiteko modua ere bada, gutxietsita dauden eremu publikoak berrerabiltzeko modua.

Laugarren erakusketak «Egin lo leihoak irekita» zuen izena, eta Miriam Isasik egina zen. Eremu publikoaren segurtasunari buruzkoa, suzko armak zituzten bi pertsonaren irudiak ageri ziren. Segurtasunaz gogoeta eginarazi nahi genuen, badirudielako armek segurtasuna ematen digutela; nork babestuko gaitu gu babesten gaituzten horien aurka? leloa gure egin, alegia.

Bosgarren erakusketan zubiaren iragana eta gatazkak ageri ziren; hautsa iragan industrialaren ikurra zelarik. Igor Rezolak, alde batetik, xurgagailu automatikoa jarri zuen etxolan, kamara eta guzti. Bestalde, hainbat argazki zintzilikatu zituen hormetan: Euskalduna ontziolak, martxan zeuden garaian; ontzioletan poliziarekin izandako gatazka bat; «ez itxi» lelodun pankarta eskuartean zuen jendea, egungo enpresen adierazle –iraganean izan da horrelakorik, baina gaur egun ere etengabe errepikatzen da–; eta «Pablo gogoan zaitugu» leloa (Euskaldunako gatazka-garaian, poliziak kargatzean bihotzekoak jota hil zen langilearen omenez). Horrela, xurgagailuak hautsa biltzean, noiz behinka kamerak hormetako argazkiak harrapatzen zituen: xurgagailuak iraganeko hautsa biltzen zuen, orain gatazkaren bat bizi dugun bakoitzean agertzen den hauts hori bera, hain zuzen ere.

Seigarren erakusketan Juan Aizpitartek argi- eta ispilu-jokoa paratu zuen. Asmoa etxola ikusgarri egitea zen, arreta-gune nagusi bihurtzea. Irudiak, bitxien antzekoak, oso gustuko izan zituzten zahar zein gazteek.

Erakusketen balorazioa oso positiboa izan da. Nahiz eta arte-erakusketatzat ez hartu, jendeak hutsik zegoen eremu horretan erreparatu badu, guretzat nahikoa. Eta hurrengo urtera begira? Udalekoek gustukoak izan dituzte proiektuak, eta Arte Ederretako ikasleekin gauza berriak sortzea posible dela konturatu dira; beraz, hitzordua jarri dute hurrengo urterako. Bestalde, Weimar-ko (Alemania) Arte Ederretako fakultatean ere antzeko proiektuetan buru-belarri dabiltza. Hangoak eta hemengoak harremanetan daude dagoeneko, eta etorkizunean ikasleak trukatzea da asmoa. Arazoa, baina, bera da bien kasuan: diru falta.

Testua: Adriano de Mata

Argazkiak: EHU