Cassandre Warren: "Harritu egiten nau horrenbeste zailtasun izateak euskaraz bizi ahal izateko"

prestaldizkaria 2012ko abe. 10a, 09:14

Montrealetik Deustura bizitzera etorri den Cassandre Warrenek Quebeci eta Euskal Herriari buruz hitz egin digu; hona hemen bere ikuspegia.

Izena: Cassandre Warren

Adina: 28 urte

Jatorria:  Montreal (Quebec)

Noiztik: 20011ko azarotik

 

Noiz iritsi zinen Deustura? Zergatik?

Mutila bertokoa dudalako etorri nintzen. Aurreko urtean Quebecen bizi izan ginen, beraz orain Euskal Herrian bizitzea dagokigu. Elkarrekin bizi gara baina urtarrilera arte soilik geratuko naiz, bisatu kontuak direla-eta ezin naizelako luzaroago geratu.

Zer deritzozu Deusturi?

Oso gustuko dut Ibaizabal ondoko pasealekua, sarritan joaten naiz korrika egitera edo soilik paseatzera; ikuspegia ederra da. Bilbora joateko bidegorria ere gogoko dut. Kaleetan, ordea, zuhaitzak eta loreak faltan direla deritzot. Leku zabaletara ohituta nagoenez, batzuetan iruditzen zait hemen ez dagoela parke eta lorategi nahikorik jesartzeko.

Zer ikasi duzu? Zertan zabiltza hemen?

Quebecen Historia ikasi nuen, bai eta enpresak nola sortu eta kudeatu ere; azken lana bidezko merkataritzaren alorrean izan nuen, beraz hona iristean euskal herritarren kontsumo-moduak ezagutzeko irrikaz nenbilen. Ezusteko ederra hartu dut, izan ere bidezko merkataritza oso ondo errotuta dago hemen, Quebecekin alderatuz gero. Beti dago ezer hobetzeke, noski, baina argi dago euskal herritarrak quebectarrak baino sentsibilizatuago daudela kontsumo arduratsuari dagokionez.

Bestalde, urrian euskara ikasten hasi nintzen, Bilbo Zaharra euskaltegian. Hasieran zailtasunak izan nituen nire mailako, hots, erabat hasiberrientzako ikastaroa topatzeko, besteek beti zekitelako apur bat, bertokoak zirelako. Baina eskolaz aldatu eta arazorik ez, eta orain ikastaro trinkoa egiten ari naiz; guztiak kanpotarrak garenez, arazorik ez dago. Irakaslea oso dinamikoa da, beraz arin ikasten ari naiz, uste baino arinago egia esan. Euskara ikasiz, hobeto uler dezaket bizi naizen gizartea, eta horrek poztu egiten nau.

Horretaz gain, Quebeceko unibertsitatean zenbait ikastaro egiten ditut, internet bidez, eta frantses-eskola pribatuak ere ematen ditut. Intermon Oxfam dendan ere boluntario nabil, Bilbon.

Zerk harritu zaitu gehien Deustun edota Euskal Herrian?

Euskaldunek euskaraz bizitzeko egin behar duten ahaleginak harritzen nau gehien, batez ere Bilboren moduko hiri handiaren ondoan biziz gero. Harrigarria zait ikustea bizitza publikoa ez dela nahitaez euskaraz eta gazteleraz, bietan egiten. Esaterako, oraindik ere harri eta zur nago publizitate-afixak ez daudelako automatikoki bi hizkuntzotan, eta ezin dut ulertu zergatik den horren zaila euskaraz egitea supermerkatua eta autobusa bezalako lekuetan. Quebecen, gure gurasoen belaunaldiak borroka itzela egin zuen afixak frantsesez izan zitezen eta denda zein leku publiko guztietan zerbitzua frantsesez jaso ahal izateko. Borrokak oraindik darrai, noski, baina oso aurreratuta dago. Nire ustez, ezinbestekoa da herritar guzti-guztiek nahi duten hizkuntzan jasotzea zerbitzu egokiak, bai zerbitzu publikoei dagokienez, bai gainerako saltoki pribatuetan ere. Horregatik ere hasi naiz euskara ikasten. Oraindik ez dakit erabiltzeko adina, baina…

Bestalde, preso politikoen aldeko elkartasun-mugimenduari hunkigarri deritzot: urtarrileko manifestazioa, esate baterako, edota Bilboko Aste Nagusian Josu eta gainerako preso gaixo larriak askatzeko aldarrikapenak. Hunkigarria da oso jendea, batez ere gazteak, horren aldekoak direla ikustea.

Horretaz guztiaz gain, itsasoa ere maite dut. Baina iruditzen zait etxe gehiegi eraikitzen ari direla itsasbazterretik gertu, gertuegi.

Quebeceko zer duzu faltan hemen?

Gehienbat, Quebecen aurten izan den ikasleen protesta-mugimenduan parte hartu ez izana, astigar-udaberria deritzon mugimenduan, 70eko hamarkadatik izan diren manifestaziorik jendetsuenak izan baitira. Unibertsitateko prezioen igoeraren aurkako eta goi-mailako ikasketak izateko eskubidearen aldeko borroka izan da. Egunero-egunero jarraitu dut gertatutakoa internet bidez, baina pena izan dut ez naizelako han izan. Horretaz gain, negua eta elurra ere faltan ditut.

Testua: Adriano de Mata