Ignacio Villota: “Acción Católicari esker, batik bat, bukatu zen Deustun gerra”

prestaldizkaria 2012ko abe. 10a, 09:26

Jubilatu denetik Bilboaldeko obra guztiak zaintzea hartu du ogibidetzat Ignaciok. Historiagile, abade, irakasle, idazle, Athleticzale eta pertsona oso ezaguna da, besteak beste. Botoiari sakatuz gero, isildu gabe hitz egiteko gauza dela dio. Beraz, horixe egin dugu.

Recuerdos del Deusto de mi niñez zure laugarren liburua duela sei hile argitaratu zenuen. Zein harrera izan du jendartean?

Ez dakit zehatz, urtarrilera arte argitaletxeak salmenten berri ematen ez duelako. 2.000 ale atera ziren eta nahiko ondo sal-tzen ari direla esango nuke liburu hain lokala izateko. Harrera ona izan du, besteak beste, aurkezpena Casa Vascan egin genuen eta Josune Ariztondo bera ere etorri zen. 40ko hamarkadako nire oroitzapenak kontatzen ditut, Salamancara Medikuntza ikastera joan nintzen artekoak.

Zer esan dizute kalean?

Kritikak? Aberatsak baino ez ditudala aipatzen esan du bateren batek, Luzarra kalean bizi nintzenez; baina gezurra da. Orokorrean jendeari asko gustatu zaio.

Liburuaren irabaziak Gorabide elkartearen barruan dagoen talde bati ematea erabaki duzu.

Bai, Down sindromea duten pertsonen gurasoen Solas-Etxe elkartearentzat dira. Aurretik egin ditudan liburuen irabaziak ere beraientzat izan ziren, baita langabeentzat ere. Oraingo honetan, zorionez, Elkarrek liburua argitaratzea nahi izan du. Beste liburuak era pribatuagoan argitaratu nituen diru-laguntza batzuekin. Baina azken honetarako ez dut ezertxo ere jaso.

Zer dela eta animatu zinen zure gazte denborako oroitzapenak idaztera?

Ilusio handia nuen urte askoren ondoren baserri hau edo bestea aipatu ordez nik Deustun bizitakoa kontatzeko, goitibeheretan non jolasten ginen eta abar. Gerra garaian, Ramon y Cajalen zegoen kontsumo kooperatiba, lau sukurtsal zituen, Deustuko erdigunea izan zen eta gainera politika askoren erdigune. PSOE, PNV, eskuin monarkiazalea, denetik batu zen bertan. Kristoren lioak izan zituzten. Eta politena zera da, gerra ostean, gerrako galtzaileak, asko lagun nituen familiak, Sotero, Etxebarria… elkarbizitza zoragarria izan zela. Gezurra dirudi, salaketak ere izan ziren, baina gutxi, oso gutxi.

Parrokiari garrantzia handia ematen diozu liburuan, zergatik?

Nire amamak tailer bat zuen portzelana gainean grabatuak egiteko, Basurtuko ospitala goitik behera rotulatu zuen inauguratu berri. Gerra ostean, tailerreko lokala eman zion parrokiari. Acción Católica de Obrerosen ekintzetarako erabili zen, bertan elkartzen ziren neska-mutil taldeak. Parrokiak bere inguruan klase langilea eta ertaina bildu zuen, izan abertzaleak edo ez, denok genekien bakoitzak nondik nora jotzen zuen. Deustu osoa hurbiltzen zen bertara antzerki funtzioak ikustera edo billarrera jolastera. Oso abade garrantzitsuak izan ziren San Pedron: Jauregi, Atxustegi… Garaigordobilek, esaterako, bi urte baino eman ez zituen arren, arrasto handia utzi zuen Deustun. Acción Católicari esker, batik bat, bukatu zen Deustun gerra. Liburuaren sintesia hori da; nik ez dut Eliza defendatu nahi izan.

Familia asko aipatzen dituzu liburuan.

Deustun batera eta bestera zebiltzan familiak jaso ditut, kalez kale ibili naiz. Horrelako liburu bat hasten dudanean ez dut jakiten ondo nora helduko naizen. Familiaren bat ahaztu dut, birrargitarapena egiten badugu, Bigura familia aipatu nahiko nuke. Gustura geratu naiz liburuarekin, baina ez da liburu perfektua, arrapaladan idazten baitut, zuzenketak txarto eginez, chapuzas bat naiz. Errepikatzen ditudan hitz batzuk ezabatu nahiko nituzke eta ahaztu ditudan familia batzuk gaineratu.

Argazkiz josi duzu liburua.

Bateren batek esan zidan “nire aitaren argazkia atera duzu”. “Zelan ez, bada”, erantzun nion nik. Oso argazki politak dira asko. Euskalduna eta Buena Vista auzoko argazkiak, esaterako.

Buena Vistako Etxebarria familia asko aipatzen duzu. Zergatik?

Sozialistek eraiki zuten Buena Vista etxebizitzen kooperatiba. 1937. urtean bertako Etxebarria familia akabatu zuten. Gerrako familia galtzaileen paradigma izan zen familia hura. Oso familia ezaguna zen Deustun, oso inteligenteak ziren, lagun-min izan nituen senitarteko asko. Gerra aurreko eta osteko gertakari batzuk ezagunak ziren eta beste batzuk alderatu egin ditut libururako.

Bada bitxikeri ugari, Jose Luis Iriondorena, esaterako.

Iriondo mediku oso maitatua zen Deustun, kooperatibako klinikan egiten zuen lan. Valladoliden ikasle zela Jose Antonio Girónen oso lagun egin zen. Girónek JONS taldearen sorreran parte hartu zuen eta Francoren lan-ministroa izan zen 1941-1957 agintaldian. Gerra garaian, Iriondo gudarien osasungintzako teniente gisa aritu zen Santoñan preso hartu zuten arte. Bada, ihes egitea lortu zuen eta Girónen etxean, Valladoliden, ezkutatuta bukatu zuen. Gero legioarekin bat egin zuen eta Madrilen sartu zen.

Deustun orduan ideologia anitzen sintesia oso nabaria zen.

Nirea, adibidez, familia monarkikoa zen, ondorioz, frankistak ginen, pentsa. Bitxia da, aspaldian, Deustun antolatu zuten hitzaldi batean nire eskuinean Etxebarria kimiko sozialista eserita zegoen, nire eskuinean kartzeletako asaltoan hiltzat eman zuten falangista bat, eta tartean ni, abadea; hiruok elkartu ginen hitzaldia ematera. Oso harreman ona genuen. Herria izaten jarraitzen zuen Deustuk.

Eta etxean zein giro zenuten?

Gu umetan eta gaztetan engainatuta geunden, gurea eskuineko familia zela uste genuen, eta berandu jakin genuen zer gertatzen zen.

Aspaldiko Deusturi buruz asko hitz egiten duzu, baina zer deritzozu egungo Deusturi?

1952an ikastera kanpora joan nintzen eta 1974an etorri nintzen abade modura eta  Deustuko Irakasleen Eskolan irakasle lanetan hasi nintzen. Ordurako Deustu jada ez zen Deustu, zabalgune txar bat baino ez zen, Begoñaren antzekoa, kaos bat. Apur bat hobeto geratu zen arren, baina ez planifikazioagatik. Eskolak, esaterako, inoiz ez ziren planifikatu. Etorbidea egiteko udaletxean zegoen eskola behera bota zuten, beraz, arazo itzela izan zen harik eta 60ko hamarkadan Villar Palasí izeneko Francoren ministro batek larrialdi plana martxan jarri zuen arte. Horregatik izan zuen izena egungo Deustuko eskolak Villar Palasí.

Eta Arangoiti?

Deustun inoiz egin den basakeri handiena izan da, auzo ezin ederragoa egiteko aukera zegoenean. 50eko hamarkada hasieran abenturazale batzuk iritsi ziren eta zantarkeri hori egin zuten. Baserritarrak pobretu zituzten. Nire amamaren lurretan igogailurako zuloa egiten hasi ziren berak ezer sinatu aurretik.

Eta Arangoitiko igogailua oraindik ere geldi, itxita.

Ez dago eskubiderik. Jabetza kendu beharko litzaieke.

“Ahaztu egin zaigu etorkinak izan ginela”

Zorrotzaurre penintsula irla bihurtzeko lanak 2013an hasiko ditu Udalak. Gustuko duzu plan hori?

Proiektu hori maite dut, oso gauza politak egingo direla uste dut. Ilusioa dut nahiz badakidan ez dudala ikusiko.

Benetan balioko du uriolak ekiditeko?

Kanala zabalik balego, uraren maila bi zentimetro gutxiagokoa soilik litzatekeela dioten ikerketa lanen berri eman zidan ingeniari batek. Beraz, euri-jasa handi baten ondorioa ez da Kanala zabaltzen konponduko, urari irtenbidea emango liokeen tunel handi batekin baizik.

Hantxe bertan, Deustuibarran, hutsik zeuden pabiloi industrialetatik bi aldiz kaleratu dituzte bertan bizi ziren pertsonak. Zer deritzozu?

Quinqui, okupa, delitugile bezalako terminoak erabili dira sentsibilitate falta handia dagoelako. Abiatuntua gizarte injustizia da, baina biktimak baiono ez dira, hamaika arrazoigatik kalean bukatu duten pertsonak dira. Zer egingo  dute bada? Asko etorkinak dira, eta guri ahaztu egin zaigu etorkinak izan ginela.

 

Testua: Lur Mallea

Argazkia: Iñigo Azkona