Heliodoro de la Torre kaleko 7. zenbakian dagoen Egipto tabernara jo dugu hileon. Iaz Pintxo Txapelketako 1. saria eskuratu bazuten ere, oraingoan bere eguneko menuko plater erakargarrienetako bat zelan egiten duten azaldu digute.
Pintxoaren historia
Urtebete daramate eguneko menua (11,30€) eta menu erdia (8,30€)ematen eta harrera ona izan dutenez, laster asteburuetan ere eskainiko dituzte. Kalitatean oinarritutako eskaintza zabala dute; 13 lehenengo eta bigarren plater daude aukeran. Bakailoa pil-pil eran eta txipiroiak beren tintan dira euren harribitxiak eta biak ala biak, eguneroko menuan dasta daitezke. Egipton ez dago David Bisbal entzuteko paradarik, 80ko hamarkadako musika da jaun eta jabe.
Zailtasun maila: ertaina
Egiteko denbora: ordubete
Prezioa/Errazioa: 7,50€
OSAGAIAK: 4 bakailao xerra, 4 baratxuri ale, gradu 1eko oliba olioa, piper txorizero lehor 1.
Nola egin?
Bakailao xerrak lehortu. Ondoren, buztinezko kazola batean olioa berotu eta baratzuriak eta piper txorizeroa bota, eta gorritzen hasten direnean, atera eta gorde. Bakailao xerrak 5-6 minutuz egosi su txikian, eta segidan, kazola sutik kendu eta olioa gerorako gorde. Kazola berriz jarriko dugu sutan eta hiru koilarakada olio epel bota eta bakailaoa azala gorantz duela jarri.
Pil-pil saltsaren sekretua bakailoaren kalitatean eta kazola etengabe mugitzean datza. Saltsa loditzen hastean, aurretik gorde dugun olioa apurka-apurka gaineratu eta kazolari eragiten jarraitu.
Xerra bakoitzaren gainean baratxuria eta piper txorizero eraztun bat jarri apaingarri gisa eta bero zerbitzatu. On egin!
CAFETERÍA EGIPTO
Heliodoro de la Torre, 7
48014 Deustu
94. 476 18 53