Arantza Ibarra, fantasiazko munduen asmatzaile

prestaldizkaria 2013ko mar. 4a, 08:55

Idazten eta musika sortzen buru-belarri dabil azkenaldian. Lehen Amodioa eta Los Castigadores liburuak kaleratu berri, sexualitateari buruzko eleberri grafiko bat eta Timpusak eta Uholdeak izenburuko liburua ditu esku artean.

Deustun bizi den ondarrutarrak estreinako olerki liburua argitaratu zuen 2012ko amaieran, Hiria argitaletxearen aterkipean. Lehen Amodioa du izenburu eta 80 bertsoz osatutako ezinezko amodioaren gaineko istorioa da, nerabeei zuzenduta. Musika betidanik gustuko izan du Arantzak, eta “barrukoa ateratzeko” abestiak idatzi ohi dituenez, olerkiak idazteko zailtasun handirik ez duela izan esan digu: “abestiak olerkiak bezalakoak dira. Zailena istorioa osatzea izan da. Gazteei zuzenduta zegoenez, ezin nuen sexuaren gaian larregi desbariatu”.

Gaztetxoen esku utziko du, hain zuzen, Arantzak liburuaren aurkezpena. Hitzordua Durangoko Plateruenan izango da udaberrian. “Irakurketa eta musika uztartzea borobilagoa” dela uste du Arantzak. Hori horrela, Kurutziaga ikastolako 14-15 urteko lauzpabost gaztetxok olerkiak irakurriko dituzte, eta liburuaren egileak berak abestuko du, Eusenker musikariaren kitarra akustikoa lagun: “liburua laburbiltzen duen abestia Pozoia, eta nire beste hiru abestuko ditut: Zugatik Borrokan, Deseua eta Betiko Lagun. Musikari gramatikari baino garrantzi handiagoa eman diot, esaterako, Pozoia, edabe magikoa bada ere, beste hitz hori egokiagoa jotzen nuen”. Sare sozialetan presentzia handia du Arantzak eta bere lana ezagutzera emateko eta erakusteko erabiltzen ditu batik bat. Lehen Amodioa kaleratu ostean, “musika eta olerkiak pakete moduan” eskaintzea gustatuko litzaioke, horrela, “irakurtzen daudenean, musika Internet bidez entzun dezakete”.

Zigortzaileak, gaztelaniaz irakurgai

Halaber, mundu osoko jaialdietan proiektatu zuten Zigortzaileak filmaren gidoia moldatu eta gaztelaniara itzuli du. Malagako Seleer izeneko argitaletxe txiki batekin argitaratu zuen liburua abenduan. Loli Astoreka aktoreak eta Amaia Aberasturi filmeko protagonistak babestu zuten Arantza Bilboko aurkezpenean. Egilearen iritziz, “liburua aberatsagoa da, filmerako buruan nituen eta sartu ez genituen ametsak eta helduen elkarrizketa asko daudelako”. Filmak zein liburuak bullyingaren gaia lantzen du fantasia handiz eta dramatismorik gabe. Arazo honen gainean sentsibilizatzeko erabilgarria izan da filma, hainbat ikastetxeetan gaia jorratzeko aitzakia izan baita.

Hamaika saltsetan

Musika, literatura, zinea, ilustrazioa… guzti horrekin ausartzen da Arantza, baina denbora faltan ibiltzen denez, “lehentasunei” eutsi behar die. 2013rako hiru proiektu esku artean dituela kontatu digu: “batetik, ilustratzaile ondarrutar batekin batera, eleberri grafiko bat prestatzen nabil. Sexualitateari buruzko testu bat idazten nabil 16 urtetik gorako gaztetxoentzat. Bestetik, Gabonetan Hiria argitaletxearekin kaleratuko dudan 120 orrialdeko liburuaren zuzenketak egin behar ditut. Timpusak eta uholdeak, umeei zuzenduta dago eta nik egindako marrazki asko ditu. Fantasia hutsa da eta existitzen ez den mundu batean jazotzen da istorioa. Izugarri gustatzen zait existitzen ez diren munduak asmatzea. Azkenik, nire apunte mordoa ordenatu eta film labur baten egituraren puzzlea osatzen nabil. Arazo psikologikoak dituen 12 urteko neska bat izango da protagonista eta artearekin uztartuko dut; zer edo zer artistikoa egingo dut, eta askok ez dute ulertuko”. Horrez gain, Erein argitaletxekoak segika ditu aspaldidanik. Basotxo, argia ikusi zuen bere lehen pertsonaiaren lau liburuko bildumaren ostean, istorio gehiago eskatu dizkiote.

Momentuz enkargu horrek itxoin beharko du. Idaztea eta musika nahiago ditu orain Arantzak eta, tarteka, zinea “doan” egiten du izugarri gustatzen zaiolako. Krisia literaturan hainbeste igarri ez badu ere, zinea “bi lagunentzat baino ez “ egina dagoela esan digu: “ez dago ez euskararentzako ezta euskal kulturarentzako diru-laguntzarik ere”.