Badator Korrika 18 Deustualdera

prestaldizkaria 2013ko mar. 21a, 09:09

Gaur helduko da Korrika 18 Bilbora eta aurton, Deustutik sartuko da Bizkaiko hiriburura. Euskararen aldeko martxa 17:31ean Enekuri etorbidera heldu eta Ibarrekolandarantz joko duela aurreikusita dago. Ika, ika, ika... badator Korrika!!

KORRIKA 18ren ibilbidea Deustualdean

Hain zuzen, Orixe kaletik abiatuko da San Inaziora eta han Agirren lehendakariaren etorbidetik helduko da San Pedro plazara, bertatik itsasadarrerantz jotzeko eta Euskalduna zubitik Bilborantz ekiteko.

Arratsaldeko zortzietan Korrika jaia hasiko da Deustuko txosnagunean. Punta-puntako bertsolariak izango dira taula gainean: Maialen Lujanbio Euskal Herriko txapelduna, Andoni Egaña, Jone Uria eta Igor Elortza. Bertso saioaren ondoren, Revolta Permanent taldearen kontzertuaz gozatzeko parada izango da.