PREST! aldizkariak 12 urte, harrigarria

prestaldizkaria 2013ko api. 2a, 12:52

Martxoan 12 urte bete ditu Deustualdeko PREST! aldizkariak. Eta harrigarria da. Harrigarria, zutik irautea, albisteak barra-barra sortu eta zabaltzea eta aurrera egiteko gogotsu jarraitzea. Guzti hori irakurle, iragarle eta babeslei esker izan da. Denon artean gauza harrigarriak egiten jarrai dezagun!

Egunkariak eta aldizkariak irakurri eta gordezalea da Joseba Castro deustuarra. Tomoetan enkoadernatuta dituen EGIN egunkariak, esaterako, “jende askok erabili ditu” dokumentazio lanerako. Deustualdeko komunikabideak ere gertu-gertutik jarraitu ditu eta horiek babestearen aldekoa izan da beti. Lehenengoz, ITZARTU hiruhilebetekaria eta hori desagertzean, aurrerago, PREST! aldizkaria.

Gotzon Garate irakasle eta euskaltzainarekin Bidarte udaltegian duela 12 urte PREST! aldizkaria sortzeko bilera ez du ahaztu oraindik orain Josebak: “Hunkigarria izan zen, deustuarrok kapaz izan ginen aldizkari bat sor-tzeko, gure apaltasunean”. Egun, PREST! aldizkariak oihartzuna izatea lortu du Deustualdean zein Bilboaldean. “Mahatserriko BERTON eta PREST! baino ez daude egun”, dio Josebak harro. “Poza edo, zirrara ematen dit hilero aldizkaria etxean jasotzeak. Gaiak topatzea 32 orrialde betetzeko gauza handia da. Hori aurrera ateratzeko atzean lantalde indartsua dagoela nabari da. Arakatu beharra dago, ate asko jo beharra dago. Meritua du! Gezurra dirudi gurea bezalako herri txikia hain aberatsa izatea. Bilbotik kanpoko jendea harritu egiten da Deustun daukagunaren berri izaten duenean”.

Etxean garbiketa egitea egokitu zitzaionean 106 kilo paper bota zituen Josebak. Penatuta bota zituen aldizkariak eta egunkariak.

Geroz eta harpidedun eta irakurle gehiago ditu PREST! aldizkariak. Urtez urte, batazbeste 80 pertsona berri harpidetzen dira. Gehienak Deustualdekoak dira, irakurle edota kolaboratzaileren batek animatuta harpidetzen direnak. Baina badira gure herritik kanpokoak ere, Deustualdeko gaiak eta albisteak interesgarri jotzen dituztenak. Batzuen eta besteen interesarekin iritsi gara 3.000 aleko tirada izatera.

Azken urteotan irabazi dugun irakurlea da San Inazioko Josefina. Auzoko jendea ikusi eta berriak ezagutzeko hasieran aldizkaria gainetik begiratzen zuen; gaur egun sakonki irakurtzen du. Halako batean, Berbalagun taldeen erreportajearekin egin zuen topo. “Argazkian denak adinekoak ziren eta horrek zirikatu ninduen”. Astean behin euskaraz mintzapraktika egiten duten taldeekin bat egiteko bultzada izan zen hura. Egun, Itziar Ugartek dinamizatzen duen taldean parte hartzen du Josefinak.

Sonia da talde horretako beste berbalagun bat eta, duela bi urtetik, PREST!-eko harpidedun. Jai batean, “janari artean”, Itziarrek opari eman zion Deustualdeko aldizkaria. Zabalgunean bizi den arren, Soniak gustura irakurtzen du PREST!: “Hemengo berriak kontatzen ditu. Munduko albisteekin kokoteraino nago, iristen zaizkigun berriak oso antzekoak dira; guk oso gauza interesgarriak dauzkagu, ezezagunak, gure inguruko pertsona eta gertaera asko ez ditugu ezagutu ere egiten: artistak, apaizak, idazleak... horiek egin eta pentsatzen dutena ezagutu ahal izatea oso gauza polita da. Beraz, zorionak”, diosku Soniak.

Esther Salben bizi da, “Guardia Zibilaren kuartelaren ondoan”, eta bera ere PREST!-en irakurle egin da azken urteotan. Bidarten euskara ikasten ari zela, gogoan du “neska batek ekarri zuela aldizkaria gelara”. Euskara-Gaztelania hiztegia ondoan duela irakurtzen du PREST! Estherrek, ezagutzen ez dituen hitzak topatu ahal izateko. Eta aldiro zerrenda luzea egiteak ez du bere umore ona aldarazten. “Oso aldizkari interesgarria da, baina dena ondo ulertzea zaila egiten zait”, aitortu digu. Doan hartzen du hilero-hilero etxeko postontzian eta trukean ezer ere ez ematea ezohikoa da berarentzat. Horregatik dio Estherrek “apur bat, asko ez, baina apur bat bai” ordainduko lukeela PREST! aldizkaria etxean jasotzearen truke.

INTXIXU IKASTOLA, babesle beteranoa

Egoera ekonomiko larria bizi izan genuenean hainbat elkartek eman zioten babes ekonomikoa PREST! aldizkariari. Horien artean Intxitxu ikastolak.

Zergatik erabaki zenuten PREST! aldizkariko Elkarte Babesle egitea?

Herri mailan egiten diren ekimen kulturalekin bat egiten ahalegindu gara beti eta kasu honetan, euskara hutsez argitaratzen zen aldizkari herrikoia izanik, garbi genuen bere aldeko apustua egin beharra zegoela. Bestetik hurbileko berriak jaso eta gure esperientziatxoak bertan argitaratzeko aukera ematen zigula ikusita, interesgarria eta aberasgarria zela garbi genuen.

Zer ematen dizue PREST! aldizkariak?

Hurbileko erreferentzia euskalduna, auzokideak eta bertako berriak txukun txukun argitaratuta ikustea. Gure-gurea modura ikusten dugun herriko aldizkari euskalduna.

Zer sentitzen duzue PREST!-en agertzen?

Norbere kontuak eta berriak, kalitatezko argitalpen batean islatuta ikustean, harrotasun puntutxoa eta poza igertzen dela uste dugu. Ikasleei eta familiei interesa pizteko balio duela uste dugu.

MIKELDI DANTZA TALDEA, babesle berria

2012/13 ikasturtean, Mikeldi Dantza Taldeak lehen aldiz babestu du PREST! aldizkariaren Elkarte Babesle bihurtuz.

Zer dela-eta babestu duzue PREST! aldizkaria aurten lehenengoz?

Deustualdeko aldizkaria delako, herrian gertatzen dena zabaltzen du eta euskaraz gainera.

PREST! aldizkariak Deustualdeko eragileei eskaintzen dien arretari zer deritzozue?

Bikain. Dantza taldeak egutegiak atera zituenean, esaterako, erreportajean agertu ginen eta salmenta oso onak izan genituen, 300 egutegi saltzera heldu ginen.

Zein beharrizan ditu gaur egun Mikeldi Dantza Taldeak?

Mutilak behar ditugu taldean, dantza ikasi eta dantza egiteko gogotsu dauden mutilak. Astelehen eta ostegunetan entseatzen dugu San Pedro elizako lokaletan.

Laster urteurren borobila duzue, ezta?

Bai horixe, 35 urte beteko ditu Mikeldik 2014an. Baina hori baino lehen, aurtengo maiatzean, Bizkaiko Dantzari Egunean parte hartuko dugu eta prestatzen dihardugu!

JABI ORTEGA, Twitter bidez PREST!-en irakurlea

Facebooken 1.200 lagun eta Twitterren 700 jarraitzaile lortu ditu PREST! aldizkariak urtebetean. Sekulako marka.

PREST! aldizkaria Twitterren albisteak zabaltzen hasi zenetik da Jabi Ortega follower edo jarraitzaile. “Mundurako leiho garrantzitsua da Twitter”, bere ustez. “Paperean lekurik ez duten unean uneko berriak momentuan eskura izateko aukera ematen du”.

Deustualdetik kanpo lan egiten du Jabik eta momentutxo libre asko ditu. Horiek baliatzen ditu “gora begira egon beharrean” telefono mugikorretik Twitterren sartu eta, besteak beste, PREST!-eko berriak irakurtzeko. “Engantxatuta nago, erabat”, aitortzen du.

PREST!-ek egunez egun Interneten zabaltzen dituen berrien artean, agenda azpimarratzen du batik bat Jabik. Deustualdean ekimen asko antolatzen dira eta “deialdiak eta egindakoak gogoratzeko oso praktikoa” dela deritzo.

Berriek sortzen dituzten eztabaidak gustuko ditu: “Twitterren jendeak idazten dituen iritzi, haserre eta adar-jotzeek interesa pizten didate. Maila handiko euskal internautak ditugu eta horietako asko Twitterren”.

Oro har, erabiltzaile gazteak ditu PREST!-ek bai blogean bai Facebook eta Twitterren. Jabiren ustez “nerabeak eta gazteak hurbiltzea oso interesgarria da, publiko berria zure alde duzulako”. Paperak eskaintzen dituen mugetatik haratago, ate berria zabaldu du PREST!-ek Interneti esker: Deustualdeko informazio gehiago eta unean unekoa emateko atea. Izan ere, hiru euskarri digitalen bidez ari gara egun. Etorkizunean zein ate zabalduko dugun denborak esango du.

prestaldizkaria.wordpress.com

www.facebook.com/prestaldizkaria

twitter.com/PrestAldizkaria