Itsasadarra hesitzeko lanek ehun urte

prestaldizkaria 2013ko api. 3a, 09:14

1913 urte aldean egin zituzten Deustualdean Ibaizabaleko itsasadarraren ibilbidea kanalizatzeko azken lanak. Geroago etorri zen Deustuko kanala, oraindik ere noiz amaituko dagoen proiektu erraldoia.

Gauza jakina da gaur egun Ibaizabaleko itsasadarrak Deustualdean egiten duen ibilbideak eta duela larehun urtekoak zer ikusi gutxi daukatela. Batez ere XVII. mendearen amaieran eta XVIII. mendearen hasieran ekin zioten lehenengo kaiak eraikitzeari eta, haiei esker, Deustuko Olabeaga (gaur egungo Erribera) auzoa sortu zen. Gerora, lanek etenik gabe jarraitu zuten, padura eta zingira izandako paraje zabal haiek lehortu eta ortu eta solo emankor bihurtzeko. Bitartean, Olabeaga Bilbora zetozen barku handien portua zen.

Hauspo handiko asmoa zen hura eta XIX. mendearen amaieran nahikoa aurreratuta zegoen, nahiz eta leku batzuetara, oraindik ere, marea gorako uneetan, ur gaziak sartu sartzen ziren.

XIX. mendearen amaieran nabigazioan izandako hobekuntzek eta industria eta meatzaritza arloetan egindako garapenak itsasadarra kanalizatzeko obrak sustatu zituzten. Kapitalismo jaio berriaren bultzadaz, Bilbotik Portugaleteraino, Ibaizabaleko bokale osa kaiz hesitu eta nahi izan zuten ibilbidea eman zioten. Evaristo Txurruka ingeniariaren zuzendaritzapean, Atxuritik Portugaleteko barraraino, ibilgua nahierara moldatu zuten, 1888tik aurrera.

Deustuari dagokionez, obra nagusiak lau bihurgune samurtzera bideratu zituzten: Elorrietako errebuelta leuntzea (gaur egun autobusak eta zarama zerbitzuak dauden eremu hori lehortu zuten, barkuek bertan biraketa arriskutsua egin behar izaten zutelako), Salben ere berdin, Zorrotzaurren ere beste horrenbeste egin zuten (1909-1912), baita Olabeagan ere, egurrezko hiru zubien (gutxi gora behera, gaurko Botikazarra parkea) eta Erriberako plazatxoaren artean (1912).

Horrez gain, urte haietan egin zuten Salbetik Botikazarrerarainoko zatian itsasadarreko haitzak apurtzeko lanak, nabigazioa errazteko. 1911n 67 milioi metro kubiko harri atera zuten. Lan horien helburua Ibaizabali hondo nahikoa ematea zen, ezker aldean irabazitako eremu berrietan (Uribitarte eta Abandoibarra) biltegiak eta kaiak atondu eta lanean jarri ahal izateko.

Beraz, kanalizazio lanei esker, Deustualdeak padura eta zingira eremu zabalak lehortu zituen XVII. mendearen amaieratik aurrera. XIX. mende amaierako obra handiek ibaiaren ibilgua samurtu zuten, nabigaziorako gaitzak diren errebuelta bortitzak leunduta: Elorrieta, Zorrotzaurre, Olabeaga (Erribera) eta Salbe. Kasu batzuetan, lur eremu berriak lehortzeko balio izan zuten –Elorrieta, Botikazarra...-; beste batzuetan lur galerak eragin zituzten, Zorrotzaurren adibidez.

Kanala

Kanalizazio lan nagusia amaitu eta gero, bigarren fasea heldu zen: Bilbo aldean kai azalera gehiago behar zuten, portua etengabe handitzen ari zen eta. Aurkitu zuten soluzioa Deustuko kanala izan zen, alegia, Deustuko ibarrean (gehien bat XVII-XVIII. mendeetan ibaiari irabazitako eremu haietan) ekialdetik mendebaldera zeharkatuko zuen ibilgu berria induskatzea, haren ertzetan kai berriak sortu ahal izateko.

Lan haiek 1930ko hamarkadan egin nahi izan zituzten baina egundoko obra izanik, luzamendutan galdu ziren. Gerra zibilaren ostean, Francoren erregimenak ideia bere egin eta 1950 urte aldean ekin zien lanei. Ez zituzten inoiz amaitu. 1969 urte aldean induskatzeari utzi zioten. Eta horrela egon da kanala orain arte, osatzeko larehun bat metro falta direla. Azken urteotan berriro hasi da lanok amaitzeko berbaroa. Bilboko Udalak egin, egingo duela esan du. Denborak esango du.