Nestor Basterretxea, disziplina anitzeko euskal artista garaikidea

prestaldizkaria 2013ko api. 4a, 10:25

Nestor Basterretxearen lana protagonista duen erakusketa bisitatzea gomendatu digu Zaloa Ipiñak martxoko zenbakian.  Bilboko Arte Eder Museoan gozagai maiatzaren 19ra arte.

Azkenean lortu du Nestorrek hain merezia duen atzera begirako erakusketa Bilboko Arte Ederren Museoan. Azkenean ikus ditzakegu artearen disziplina askotan lan egin duen 60ko hamarkadako euskal artista garrantzitsuenetako baten 200 obra. Eta azkenean miretsi dezakegu euskal artista bat eta bere lana hau bizirik dagoen bitartean.

Egia da Nestor Basterretxea (Bermeo, 1924) ezaguna izan dela, batez ere, bere eskulturagatik eta euskal eskultura garaikidearen sortzaileetako bat izateagatik, baina izugarria da zenbat disziplina landu dituen eta zein ondo landu dituen guztiak. Horregatik erakusketa honetan ikusi ahalko dituzue bere lehen margoak; eskulturak; diseinu industriala, grafikoa eta altzariena; azkenean egin ez ziren proiektu arkitektonikoak, kartelak, idazkiak eta filmak. Azken hauek ostiralero ikus daitezke arratsaldeko zazpietan.

Bizitza interesgarria du Nestorrek. Aratzazuko basilikaren kripten muralen sortzailea izan zen. Historia latza benetan, izan ere, Nestorrek leihaketa bat irabazi zuen kripta honen muralak margotzeko, baina Vatikanoaren mandatuagatik Arantzazuko frantziskotarrek lana ezabatu zuten, antza denez, gehiegizko modernitatea zela-eta. 27 urte beranduago arte, ezin izan zuen Nestorrek Arantzazuko murala margotu, bere hitzetan, oraingo hauek, “askoz ere modernoagoak” direlarik.

Animatzen zaituztet Bilboko Arte Ederren Museotik buelta bat ematera, maiatzaren 19ra arte, (asteazkenetan doan), edo Arantzazuko basilika bisitatzera.