Ane Labiano (Komite Internazionalistak): “Sarri datozkit herrialde zapalduetan ikusitako irudiak gogora”

prestaldizkaria 2013ko api. 17a, 10:30

Komite Internazionalistak-eko egoitzaz gainera, Deustuko Gazte lokala du bere ametsen eraikitzeko gune. Bertara gerturatu gara emozioz beteriko elkarrizketa eskuratzeko asmoz eta ez gara inolaz ere emaitzaz kexatuko. Palestinan ikusitako sarraskiak erakusteaz gain horiengatik borrokatzea beharrezkoa dela erakutsi nahi izan digu Anek bere bizipenen kronika honekin.

Testua: Amaia Mintegi

Ane Labianok Deustuko Gazte Lokalean hartu gaitu. Deustuko San Pedro elizaren ondoan kokatuta, 1991n okupaturiko txokoa da. Koloretsua eta isila den bitartean, Euskal Herriko bazterretako hardcore eta punk kontzertuengatik famatua da Gazte Lokala. Txoridenda deituriko lokalaren goiko partea bilerentzako zuzendua dago eta bina aulki okupatzeko aukera izan dugu kontakizunak entzuten genituen bitartean.

Zu bertako kide izanik, azalduko zeniguke zertan datzan Komite Internazionalistak kolektiboa? Zein da zuen helburua?

Talde internazionalista bat da elkartasun politikoa oinarri  duena. Nahiz eta dirurik ez eman borroka lokalaren bultzatzaileak gara, borroka horiek globalak bihurtzeko asmoz eginak. Orduan, herrietako borrokak ezagututa eta komunikabideen pasibitatea edota ezkutuan uzten duten informazioaz baliaturik brigaden bidez sarraski politikoak pairatzen dituzten herrialdetara goaz eta hona ekartzen dugu bertan bizitakoa. Urtean zehar ekimenak, kontzentrak... antolatzen ditugu eta udan brigadak.

Horrelako indarrak Euskal Herriko bazter guztietan aurkitzen al dira?

Orain ez dugu Bilbo ez den beste zonaldeetan horrenbestelako kiderik, eta horregatik abian da jada Zirika proiektua, gure indar guztiak bertara bideratzen ditugu. Beraz, bai ekonomikoki bai egoera ikusirik, bi urte daramatzagu brigadarik antolatu gabe eta ez dakigu zenbat pasatuko beharko den beste batzuk antolatu ahal izateko.

Behin hau argituta, jorratzeko gaiari ekingo diogu. Zenbat urte daramatzazu bertan? Urte hauetan zehar, zeintzuk izan dira eginiko bidaiak?

16 urte nituen kolektiboan sartu nintzenean nire ideiak argi bainituen. Baina dirua eta egoera ezberdinen ondorioz ezin izan dut 2007ra arte bidaiarik egin. 2007an Sahara okupatuan egon ginen, bertako jendearekin harremanduz eta bertako errealitatea ezagutuz. Horren ostean, uda hartan Palestinara joan nintzen brigadista eta hiru urte geroago brigadaren koordinatzaile moduan bueltatu nintzen. Eta azkenik 2009. urtean Venezuelara joan nintzen.

Palestinaren inguruan jarraituko dugu elkarrizketa. Zerk eraman zintuen jendeak “beldugarri” bezala deskribatzen duen leku batera joatean?

Brigadek guztiok asko behar dugun gauza bat ematen dizute: borrokatzeko gogoa. Nahiz eta hemen borrokarako grina izan, bidaiatzean eta beste borrokaren prespektiba batzuk ikustean, borrokatzeko beste ahalmen bat garatzen duzu.

Borroka batzuk zureak baino gogorragoak direla ikusten duzu. Azken finean Palestinak, Venezuelak edota Saharak erakutsi didate beste borroka batzuk ere bideratu ahal direla, gureak ez bezala, bertako borrokak ere hemen garatu ahal direla.

Komite Internazionalistakeko kide izateak ateak ireki zizkizun Palestinan harremantzeko orduan?

Normalean beraien alde zaudela edota konfliktoa ezagutzen duzula erakusten diezun momentutik izugarri laguntzen zaituzte. Momentu oro zurekin egon nahi dute, nahi duzun guztia eskaintzen dizute, istoriak kontatzen dizkizute… Berdin zaie zein kolektiboetakoa zaren, haien harrera izugarria da beti. Kolektiboak nolabaiteko babesa eman arren, bertako jendeak asko laguntzen zaitu.

Zailtasunik izan zenuen Palestinan barrena mugitzeko?

Israel izan zen traba bakarra. Haiek den-dena egingo dute bertako informazioa kanpora irten ez dadin, horregatik irteera hain zaila da. Bertara heltzean konturatzen zara zuk ez-larritzat hartzen duzun egoera bat gertatzean haiek oso-larritzat hartzen dutela. Detaile txikiak tortura bihurtzea dute helburu, jendea erabat kontrolatuta dago inolako askatasunik gabe.

Uste al duzu Israeleko biztanleen artean Palestinaren aldeko jarrera aurkezten duen jendea dagoela?

Badago jende bat antiokupazioaren alde dagoela eta beste bat antisionita dena. Horiek dira gure ideiekiko bateragarriak. Antiokupazioaren aldekoak adibidez okupazioaren aurkakoak besterik ez dira, Israel alde batetik eta Palestina bestetik egotearekin ados daude. Niretzako Israel hasieratik hasi zen txarto estatuaren eraikuntzan, eta oinarria gaizki dagoenean aurrerago eraikitakoa ez da zuzena. Arrazakeria, homofobia eta funtzionatzeko sistema bera besterik ez dira adibide batzuk. Jendea horretan besterik ez da hezitzen, ez dute beste hezkuntzarik jaso. Guztiek  parte hartzen dute zerbitzu militarretan, Israelitak jaitzoen direnetik Palestinaren aurkako jarrera izatera bideratuta daude.

Bertan ikusitako sarraski guztiek zugan inolako eraginik izan zuten behin Euskal Herrira itzulita?

Nire esperientziarekin adieraziko dizut: heldu eta lehenengo egunean Bilboko jaiak ziren eta ezin izan nintzen etxetik pasatu lasai egoteko, egun osoan batetik bestera nenbilen eta lehenengo bi egunak negarrez pasatu nituen. Palestinan ez daukazu denborarik emozionalki pentsatzeko. Egunak bileretan pasatzen dituzu eta zure burua beste leku batean dago. Sarri datozkit lurrralde zapalduetan ikusitakoaren irudiak gogora. Eztarria korapilatzen zait bizipen horiek gogoratzean.

Kontatuko zeniguke eztarria korapilotu zizun bizipen bat?

Bere semea 80 tiroz hil zuten andre bat ezagutu nuen. Istorioa kontatzen zidan bitartean semearen jertsea zuen eskuan eta ez zion usaintzeari uzten. Beranduago nik usain nedin eskaini zidan jertsea. Horrelako egoerak ez dituzu egunero bizitzen eta entzutean zaila da negarrari eustea. Nahiz eta egun hartatik sei urte pasa, oraindik guzti-guztia gogoratzen dut: lekua, andrearen aurpegia, bertan zeuden guztien izenak… Azken finean etengabeko borroka bat da eta horretan gaude Komiteetakook tinko.

2007. eta 2010. urteetan Palestinan hilabete batzuk igaro zenituen. Aldaketarik somatu zenuen urte batetik bestera?

Nik uste aldaketarik handiena torturaren inguruan izan dela. 2007. urtean joatean tortura latenteago zegoen, bigarren intifada oso gertu zegoelako eta oraindik hainbat gauza konpontzeko zeudelako. 2010az geroztik, aldiz, hori ezkutuago dago biolentzia gutxiago erabiltzen dute. Horren ordez tortura psikologikoa erabiltzen dute.

Gertu ikusten duzu gatazka honen konponbidea?

Palestinarekiko erasoek aurrera jarraitzen dute, adibidez heziak eraikitzen jarraitzen dute. Gainera, bake garaietan konponbidea txarragora doa, askoz ere txarragora. Gatazka honekin zein mundu osoko egitura berriekin gauza bera gertatzen ari da.

Askotan entzun ditzakegu Israelen aldeko jarrera erakusten dituzten berriak komunikabideetan. Zein uste duzu dela bidea hori guztia saihesteko?

Bidea informatzea da. Nahiz potentzia mundialek zein Nazio Batuen Erakundeak informazioa izan, Israel Palestinaren aurkako borrokan jarraitzea interesatzen zaie. Jendartea hain militarizatuta izateak indar militar handia ematen die. Horregatik mundu osoak jakin dezan beharrezkoa da.

Palestinako zein egoerari buruz informatuko zeniguke lehenik?

Zaila izan arren, aukeratzekotan Gazako egoera azalduko nuke. Gazara birritan sartzeko aukera izan genuen eta bertan ikusitako bizimodua guztiz latza zen. Gaza kartzela bat da. Eta hemendik eta urte batzuetara espero dugu errealitatea argitaratzea, baina komunikabideek ez dute inolako informaziorik ematen eta gatazka orain gertatzen ari da.

2007, 2010… segida jarraituz esango nuke 2013 urtea dela Palestinara joateko hurrengoa zita. Baduzu aurten Palestinara joateko asmorik?

Nire gogoei begira, baietz esango nizuke, baina batetik nire ekonomia ez dago batere ondo eta bestetik  aurten ere ez ditugu brigadak antolatuko. Azken finean dirua oso baliabide garrantzitsua da bidaia hauetan.

INFO + KOMITE INTERNAZIONALISTAK