Lagun Artean babesle

prestaldizkaria 2013ko api. 29a, 13:05

“Denetik” izan da 30 urtetan. Orokorrean, Deustuko herria eta Lagun Artean elkartearen artean “elkarbizitza ona” izan da. Arazoak ere izan diren arren. Batez ere, “batzutan konplexua” den kolektiboaz ari baikara. Une batzutan zailtasunak izan dira eta mahai inguruan jezarrita konpondu dira.

Etxegabeko pertsonengana hurbilduz hasi zen Lagun Artean elkartea duela 30 urte lanean. Beraiekin hitz eginez eta jan-edana eskainiz. San Felicisimo parrokiako gazte taldea muturreko bazterketa egoeran zeuden horiek babesten aintzindariak izan zen. Lehen zein orain, kalean bizi diren pertsonak kolpatzen ditu gogorren bazterkeriak. Horregatik dio Amaia Porres Lagun Artean elkarteko ordezkariak 30 urteren ondoren “gure lanak oraindik orain zentzu asko” duela. Elkarteak ematen dituen arreta eta zerbitzuak “%100 beteta daude, beti bezala, jende asko baitago kalean”.

2012an kalean lo egiten zuten pertsonen kontaketa egin zen Bilbon. Udalak bultzatu zuen neurketa elkarteen eta boluntarioen partaidetzarekin. 250 pertsona zenbatu ziren. 2011n, kopurua berdintsua zen. Horietatik Deustualdean zenbat etxegabeko dauden zehaztea ez da batere erraza: “Ez da leku batean ezartzen den jende mota, asko mugitzen dena baizik”. Badira eraikin hutsak etxetzat hartu dituzten pertsonak ere. Deustuibarran eta Zorrotzaurren pabiloi industrial zaharretan bizi direnak, esaterako. Amaia Porresen esanetan “asko dira bertan bizi direnak, nahiz azkenaldian poliziaren sarekadengatik eta izan zen suteagatik gutxitu diren”. Bertako bizilagun ugari Lagun Artean elkarteak egunez eskaintzen dituen zerbitzuen erabiltzaile dira. Besteak beste, goizero arropa garbitzen dute elkartearen aterpean zerbait gosaldu edota dutxa hartzen duten bitartean. 80tik gora erabiltzaile izan ohi dira. Arratsaldez ere ateak zabalik izaten ditu. Beraz, gauez 32 pertsonarentzako loa eskaintzen duen aterpeak egunez ez du atsedenik hartzen.

Deustualdean sakabanatuta dituzten etxebizitza tutelatuek eta bitartekotza-pisuek ere –denak Deustuko elizate zaharrean daude– %100ean funtzionatzen dute. Bertan bizi diren lagunak formakuntza eta gizarteratze-tailerretan trebatzen dira Julio Urkijo kaleko lokaletan bihar egun nork bere kabuz aurrera egin ahal izateko. Helburu hori lortzea posible dela ondotxo dakite Lagun Artean elkarteko egiturari eusten dioten 20 langilek eta 70 boluntariok. “Kaletik irtetea posible da”, diote. Azken urteetan, “maila altuko aterabidea” izan dute. Amaia Porresen esanetan, “prozesua bikaina” zen: “Jende gaztea, buruko arazorik gabea eta lan egiteko gogo handikoa” izan dute elkartean. Gainera, “formakuntza eta lana zegoen garaia zen”. Beraz, urte eta erdian elkartetik irten eta lan munduan sartzen ziren. “Arazo gehigarri gabeko pertsonen aterabidea lortzea erraza izan da”. Prebentzioa asko landu den garaietan gertatu da hori. “Lan munduan sartu ziren horiek gure gizartean erabat egokitzea lortu dute”.

Etxerik gabekoen gizarteratzea zaildu egin du egoera ekonomikoak: ez dago lanik, formakuntzarik, laguntzen eskakizunak gogortu dira, laguntzak murriztu dira... Baita Lagun Artean ere: “Gure baliabide ekonomikoak nahiko kaltetu dira, 3.sektore osoan bezala. Egia esan, hiritarrentzako oso beharrezkoak diren kontzeptuak murriztu dira: osasuna, etxebizitza… Euskal Autonomia Erkidegoan pribilegiatuak gara horretan, baina zerbitzu sozialetan ere egin dituzte murrizketak, ez adiministrazioek bakarrik baita bestelako erakunde babesleek ere”.

Finantziazio arloak behera egin duen arren, Lagun Artean elkartean animoak ez du bide bera egin. Zergatia? “Lana dugu egiteke”, dio Amaiak. Besteak beste, etxegabekoen profil aldaketaz ohartu dira eta horrek malgutasuna eskatu die beren eguneroko zereginetan: “Pilak jarri dizkigu”. Une honetan geroz eta emakume gehiago eta bertako pertsona gehiago daude kalean. Azken urteetan etorkinak izan dira gehiengoa. Gaur egun, aldiz, bakarkako pertsonak bakarrik ez, “familia osoak dira etxerik gabe kalean geratzen direnak”. Seme-alabak beren kargu dituzten emakumeak ere asko ugaritu dira, adibidez.

Hobe ohea kartoia baino

Martxoaren 15ean abiarazi zuten ‘Hobe ohea kartoia baino’ izeneko kanpaina. Hilabete luze pasa denean, pozarren daude emaitzarekin “jende asko pasa baita elkartetik”. Arreta piztea lortu dute, baita inguru hurbilean ere. Deustun, esaterako. Auzotar batzuk ez zuten elkartea Julio Urkijo kalean zegoenik ezagutzen, izan ere “kale izkina batean sartuta gaude”, aitortzen du Amaia Porres bozeramaileak; beste batzuk elkartea ezagutu arren komunikabideetan kanpainaren berri izatean hurbildu dira lehen aldiz.

Era askotara parte har daiteke etxegabeei laguntzen. Gehienek 10 euroko dohaintza egin dute, kartoi artean lo egin ordez, aterpeko ohe baten gau bateko kostu sinbolikoa izan daitekeena ordainduz. Horrela babesten da gaueko aterpea, elkarteak duen “defizit handienekoa”.

Gutxi daukatenak ere hurbildu dira lagun-tzera. Oinarrizko errenta jasotzen duen pertsona bat, adibidez, elkarteko bazkide egin da. “Krisi garaian, pobreziari aurpegia jartzen zaionean, gertutik ezagutzen denean egoera hau, solidarioagoa izan ohi da jendea”, diosku Amaiak. Solidario izateko garaian, elkarte zein ikastetxe asko Lagun Arteanekin kontaktuan jari dira, besteak beste, informazioa eskatzeko eta hitzaldietan parte hartzera gonbidatzeko. “Etxegabeko pertsonen esparruan gertatzen dena azaldu eta zabaltzea oso baliagarria da herritarrentzat, ezagutzen ez den errealitatea baita”.

Urratsak

Duela 30 urte familiarteko harreman apurtuak zituzten gizonak ziren etxegabeak; kontsumo arazoak zituzten, fisikoki zahartuta zeuden eta psikologikoki ukituta. Aurrerago drogaren urteak heldu ziren, eta drogazalea zen kalean bizi zen pertsona. HIESarekin kalean hiltzen ziren etxegabeak garai hartan. Gero inmigrazioaren ondorioz kalean bizi ziren pertsonak etorkinak ziren. Lagun Artean “egokitzen jakin duen elkartea izan da, etxegabeen beharrizanetara egokitzen malgua izateko gaitasuna izan du, eta malgutasun horretan dihardu”.

Lehen zein orain boluntarioen lanean oinarritzen da elkartea. Egun 70 pertsona ari dira musu-truk era batera edo bestera zeregin askotan laguntzen. Orain 30 urte San Felicisimo parrokiako gazteek ereindako haziak eman ditu fruituak eta belaunaldi berriak ezagutu ditu. Boluntarioen lanak, beraz, “garrantzia berezia du” oraindik ere. Amaiak atzera begiratu eta zera dio: “Agian, egia izango da, gutxirekin mundua aldatzea posible dela”.

Txaro da boluntarioeko bat, berrienetakoa gainera. Hilabete baino ez darama boluntario gisa. Lagun Artean elkarteko harrera zentroan egoten da astearte eta ostiral arratsaldetan, telefonearen arduradun, besteak beste. Aurrejubilatuta dago. Zergatik ari den boluntario lanetan galdetuta, labur eta zuzen erantzun digu: “Nire aisialdiaz gozatzeaz gain, beste zerbait egin nahi nuen”.

www.lagun-artean.org