Grebalariak aske! herri plataforma hasi da babes-sinadurak batzen

prestaldizkaria 2013ko uzt. 11a, 10:32

Gero eta gehiago dira Grebalariak Aske! plataformaren salaketa kanpaina eta manifestua jasotzen ari diren babes-adierazpenak eta atxikimenduak.

2012ko ekainean Ertzaintzak Deustuko hiru gazte (Irantzu Yaldebere, Jon Telletxea eta Urtzi Martinez) eta Indautxuko bat (Aitor Fernandez) atxilotu zituen, martxoaren 29ko Greba Orokorraren egunean Bilbon gertatutako istilu batzuetan parte hartu izana leporatuz. Epailearen aurrean agertu ostean, aske geratu ziren, epaiketaren zain. Hasiera-hasieratik susmatu genuen poliziaren muntaia baten aurrean geundela, eta susmo horiek berretsi egin ziren haien kontrako akusazio zehatzen berri jakin genuenean. Akusazio larriak izateaz gain, poliziak gertakarien inguruan emandako bertsioan soilik oinarritzen dira, gazte horien parte-hartzearen inolako frogarik gabe. Horri guztiari fiskaltzaren zigor eskaera izugarria gehitu behar zaio: 42 urtetik gorako espetxe zigorra gazte horietako hirurentzat (14 urte inguru bakoitzarentzat) eta 18 hilabeteko lan soziala adingabearentzat, egun hartako istiluekin lotutako hainbat delitu leporatuz.

http://grebalariakaske.wordpress.com helbidean argitaratuta dagoen manifestua sinatzen dutenek "muntaia polizialari amaiera ematea eta auzia artxibatzea" exijitzen dute eta euren "elkartasuna" adierazten diete auzipetuei.

INFO + GREBALARIAK ASKE! HERRI EKIMENA